Elkarlan Sariak
Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
qrcode

Euskadik errebindikatzen du, Katowicen, tokiko eta eskualdeetako gobernuek klima-aldaketara egokitzeari begira jokatzen duten rola

2018-12-11
  • Hiru egunez, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak gidatuta, karbono-neutraltasuna 2050ean lortzeko konpromisoa berretsiko du, hau da, emisioak murriztea lurraldeak xurgatu dezakeen mailara.
  • Agendan sartzen dira nrg4SD eta The Climate Group nazioarteko sareekiko bilerak, Euskadi sare horien bazkidea baita.
  • Donostiako Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia ezagutzera emango da Poloniako goi bileran, 190 herrialdetako ordezkaritzen aurrean. Aste honetan (abenduaren 15ean) amaitzen da prezio murriztuko izen-emateen epea.

Euskadi Europako eskualde aktiboenetako bat da klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta jarrera horrekin doa aste honetan COP24 klimaren goi bilerara, Katowicen (Polonia), alor horretan hartuta dituen konpromisoak berresteko xedez. Goi bileran parte hartzean, euskal ordezkaritzak tokiko eta eskualdeetako gobernuen rola errebindikatu nahi du, bereziki lurraldea egokitzeko ekintzei dagokienez, Estatuek honelako nazioarteko goi bileretan izaten duten agenda ofizialetik harago joanez.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren burua Elena Moreno da, Ingurumeneko sailburuordea. Gaurtik –asteartea- ostegunera arte egongo da bertan, goi bilerako behatzaile gisa. Goi bileran 190 herrialdek parte hartzen dute, gobernuetako, gobernuz kanpo erakundeetako, komunitate zientifikoko eta enpresaren munduko ordezkariak barne sartuta.

Eusko Jaurlaritzak gaur izan du bere lehenengo topaketa Katowicen, The Climate Groupen bilera batean baitan, zehazki Under2 Koalizioaren gainerako kideekin batera; koalizio horretan ordezkatuta daude tenperatura globalaren igoera 2ºC-tik behera mantentzearekin konprometituta dauden eskualdeetako eta estatuetako gobernuak. Guztira, talde honek 220 administrazio baino gehiago biltzen ditu, eta ekonomia globalaren % 43 hartzen du bere baitan. Katowiceko gaurko topaketaren lema hauxe zen: ‘Elkarrekin Aldaketaren alde’.

Elkarrizketa sailburuordeari

Euskal ordezkaritzaren agendak bihar -asteazkena- jarraituko du, sailburuordeak Climate Action Studio kanalean izango duen agerraldiarekin. Izan ere, kanal hori ia 100 elkarrizketa egiten ari da COP24aren egunetan, goi bilerako funtsezko eragileekin: gobernuetako buruzagiak, GKEak, Nazio Batuen Agentziak eta beste behatzaile batzuk. Kanala aktibatu da eragile garrantzitsu horiek konpartitu ahal izan ditzaten Parisko Akordioaren helburuak lortzen laguntzen duten ikuspuntuak, arrakasta-kasuak edo lankidetza-adibideak.

Elena Morenok espero du Polonian gobernuek “erabaki handia " hartuko dutela, alegia, berotze globala 1,5ºC-ra mugatzearen alde egitea, Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) azken txosten berezian jasotzen zen bezala. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak modu aktiboan parte hartuko du, zeren erreklamatuko baitu, sailburuordeak dioen bezala, “ez dela onargarria erabakiak geroratu eta berotzea gelditzeari uko egiten dion eszenario bat”.

Egun hauetan, Eusko Jaurlaritza azaltzen ari da klima-aldaketari egokitzeko aktibatzen ari den politikak. Alde batetik, Klima Aldaketaren Estrategia - Klima 2050-, 2015ean onartu zena eta karbono-neutraltasunerako bide bat planteatzen duena 2050rako, hau da, emisioak murriztea birxurgatu daitekeen kantitatera; horrekin batera, lurraldearen erresilientzia handitzeko ekintzak ere planteatzen ditu. Beste alde batetik, Euskadiren apustua nazioarteko sareetan parte hartzearen bidez konkretatzen da, hala nola nrg4SD, The Climate Group edo Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia.

Euskadin badira toki mailako estrategiak, hala nola Udalsarea 2030, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea; bertan, 75 udalerrik jadanik egiten dituzte euren emisioen inbentarioak, eta badira klima-aldaketari buruzko programa espezifikoak garatzen dizuten 50 herri.

Eusko Jaurlaritzak Katowicerako duen egutegia ostegunean amaituko da, nrg4SD sarearen bilerarekin; bertan, NBEk ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuetarako (GJH) egokitzapena egongo da aztergai. Esparru horretan, Aitor Zulueta Klima Aldaketa eta Natura Ondare zuzendariak hitzaldi bat eskainiko du, Euskadiren kasua eta martxan jartzen ari diren ekintza azaltzeko.

 ‘Change the Change’ konferentziarako izen-emateak

Eusko Jaurlaritzak Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia emango du ezagutzera Katowicen; ‘Change the Change’ izenburupean, konferentziak 600 aditu baino gehiago bilduko ditu Donostian, martxoaren 6tik 8ra. Izatez, nrg4SD sareak ekitaldia sostengatzen du, zeren bere Urteko Batzar Nagusia aurreko egunetan (martxoaren 4 eta 5ean) egingo baitu Bilbon, konferentziaren aurrerapen gisa. Aste honetan, abenduaren 15ean amaituko da prezio murriztuko izen-emateak egiteko epea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)