Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Gure Hezkuntzaren kalitatea eta indarra funtsezkoa da Herrialde gisa aurrera egiteko”

2018.eko abenduak 12
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakaria Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrena dela eta antolatu den ekitaldian izan da
  • Iñigo Urkulluk baieztatu du Eusko Jaurlaritza 2019-2022rako Unibertsitate Sistemaren Plan berriaren azken ukituak ematen ari dela

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin eta Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuarekin batera, Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrena dela eta antolatu den ekitaldian izan da.

Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia Bilboko Bizkaia Aretoan izan da eta, bertan, besteak beste, honako hauek izan dira: Bakartxo Tejería Legebiltzarreko lehendakaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Juan Mª Aburto Bilboko alkatea eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea.

Ospakizunaren ekitaldiaren aurretik, agintariek BILBOKO UNIBERTSITATEAK 50 URTE erakusketa bisitatu dute, Bizkaia Aretoaren atarian. Bisita Paulí Dávila eta Luis María Naya UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleen eta erakusketako komisarioen eskutik izan da.

Lehendakariak nabarmendu du Hezkuntza herrialdeko erronka bat dela. “Gure goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta indarra funtsezkoa da herrialde gisa aurrera egiteko gero eta irekiagoa eta lehiakorragoa den testuinguruan”, esan du. Hori horrela, Lehendakariak nabarmendu du Unibertsitatearen inplikazioa eta eraldatzeko duen ahalmena funtsezko faktore dela gure Herrialdearen etorkizunean. Horrela, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren erronka Unibertsitatearen eta sozietate zibilaren arteko harremana sendotzen jarraitzea dela, prestakuntzaren eta enpresaren artekoa. “Balio sendoetan oinarritzen den hezkuntza-sistema izatearen aldeko apustua egiten dugu; gizartetik hurbil eta ekoizpen-egiturari lotuta dagoen hezkuntza-sistemaren aldekoa”, esan du.

Era berean, Lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritza 2019-2022 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plan berriaren azken ukituak ematen ari dela, eta etorkizuneko bost gako nabarmendu ditu: lankidetza gizartearekin; bikaintasuneko ikerketa; hezkuntzaren berrikuntza; nazioartekotzea eta unibertsitateko elkartea. “Unibertsitatea gehi Enpresa lankidetzaren aldeko apustua egiten dugu, etorkizuneko sektore berrietan aukerak sortzearen aldekoa, ekintzailetzaren kulturaren aldekoa eta talentua erakartzearen aldekoa”, esan du.

Ekitaldiarekin amaitzeko, Kukai dantza-taldearen ikuskizuna izan da.

BILBOKO UNIBERTSITATEAREN 50. URTEURRENA

1968ko ekainean, Bilboko Unibertsitatea sortu zen, Bilbon eta ingurunean gero eta jende gehiagok egiten zuen goi-mailako hezkuntzako eskariari aurre egiteko.

Bilboko Unibertsitatearen hastapenetan Ekonomi Zientzien Fakultatea (1955ean sortu zen) eta Medikuntzako eta Zientzietako fakultate berriak batu ziren. Unibertsitatea berezko unibertsitate-barrutirik gabe sortu zen, eta Juan Echevarría Gangoiti jauna izan zen bertako lehen errektorea.

Gaur egun ezagutzen dugun UPV/EHU 1980an sortu zen, eta zenbait unibertsitate-esperientziaren emaitza da; baina, zalantzarik gabe, Bilboko Unibertsitatea esperientzia arrakastatsuena da eta UPV/EHU sortzen gehien lagundu duena.

2018ko abenduaren 12an omenaldia egin nahi diogu unibertsitate horri, hain esanguratsua izan delako, UPV/EHUrentzat ez ezik, Euskadirentzat ere. Gure ustez, aukera ona da unibertsitate publikoak euskal gizarteari egin dion ekarpen handia erakusteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak