Eu

Euskadik bere gain hartuko du, bihartik aurrera, Transferentzien Batzorde Mistoan adostutako bi trenbide linearen titulartasuna

2018.eko abenduak 14

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, gaur, honako hau onetsi du: “Transferentzien Batzorde Mistoaren Akordioa onesten duen Dekretua. Horren bidez, Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak adostu dute Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko administrazioak trenbide eta trenbide-garraioan dituen eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzea”. Hori da pasa den azaroaren 26ko Transferentzien Batzorde Mistoaren akordioak jaso dituen bi dekretuetako bigarrena. Aurrekoa errepideen ingurukoa izan zen, eta pasa den asteazkenean argitaratu zen, abenduaren 5ean. Gaur EHAAn argitaratu den dekretua, aurrekoa bezala, BOEn ere argitaratu da, eta bihar sartuko da indarrean, larunbatean, abenduaren 15ean.  

Horrela, bihartik aurrera, Euskadik bere gain hartuko ditu 08-782-Basurtuko Ospitalea-Ariz (7km) eta 08-784-Irauregi-Lutxana-Barakaldo (6 km) salgaien lineetako ondasunak, instalazioak, eginkizunak eta zerbitzuak.

  • Eginkizunak eta zerbitzuak: bi trenbide-lineen arauketa, plangintza, kudeaketa, koordinazioa eta ikuskaritza transferitzen dira.
  • Ondasunak eta instalazioak: Guztira 13 kilometro luze ditu eta, bertan, bi trenbideak eta dagozkien salgaien terminalak; horiek Eusko Jaurlaritzaren eskuetan izango dira.
  • Kopuru ekonomikoa: aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak urtero Kupotik 2.212.990 euroren % 6,24 deskontatuko du transferentzia horregatik. Hau da, 138.090 euro.

Gernikako Estatutuko 10.32 eta 12.9 artikuluek Euskadiri trenbide eta lurreko garraioen arloko eskumen esklusiboa ematen diote, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean jatorria eta helmuga duten salgaien eta bidaiarien garraioa antolatzeko arloan Estatuko legeria betearaztekoa ere.

TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOAREN AKORDIOAK

Ministroen Kontseiluak, pasa den ostiralean, abenduaren 7an, honako hau onetsi zuen: “Euskal Autonomia Erkidegoari Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuaren eskumenekoak diren trenbide eta trenbide-garraioaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeko Errege Dekretua”; horren bidez, Euskadiri Transferentzien Batzorde Mistoan adostutako bi tren-lineen titulartasuna eskualdatzen zaio. Era berean, Gobernu Kontseiluak, asteartean, abenduaren 11n, honako hau onetsi zuen: “Transferentzien Batzorde Mistoaren Akordioa onesten duen Dekretua. Horren bidez, Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak adostu dute Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineei dagokienez Estatuko administrazioak trenbide eta trenbide-garraioan dituen eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzea".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak