Berriak Lehendakaritza
Eu

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak onetsi egin du  ZTBP amaitzeko 4. Fasearen hasiera

2018.eko abenduak 11
  • Jarraitu egiten du Euskadik goi-mailako berrikuntzako eskualde eta herrialden artean, eta gora egin dute ikerketako inbertsioek eta emaitzek
  • Sustatu egingo dira I+Gko enpresa-inbertsioak eta bultzatu berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa euskal ETEetan
  • Onetsi egin dira, 2017aren eta 2018aren artean, 67 ikerketa-proiektu estrategiko berri, legegintzaldian 100 proiektu berri bultzatzeko konpromisoarekin bat etorriz
  • Eguneratu egin da euskal zientzia-sistemako ikertzaile esanguratsuenen zerrenda
  • Berritu egin da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko Zientzia Gaietarako Aholku Batzordearen eraketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua Gobernuko, foru-aldundietako, unibertsitateetako, teknolofia-zentroetako, enpresetako eta I+G bultzatzeko beste erakunde batzuetako ordezkariek eratzen dute. Kontseilua gaur arratsaldean batu da, Lehendakaritzan, 2018an garatutako “ZTBP Euskadi 2020”ren jarduerak eta egoeraren balantzea eta lortutako emaitza nagusiak aztertzeko.

2014an Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi eta plana ezartzeko, zabaltzeko eta dinamizatzeko 1., 2. eta 3. faseak garatu ondoren, Kontseiluak onetsi du RIS3 Euskadi estrategiarekin amaitzeko 4. fasea hastea, zeina 2019an eta 2020an gauzatuko baita.

Euskadi berrikuntzako buru diren eskualde eta herrialdeekin parekatzeko, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan I+G+B jarduerei laguntza emateko programak urtean % 5 hazteko konpromisoa ezarri du. Konpromiso horri eutsi nahi zaio, baina oraindik Legebiltzarrak onetsi egin behar du 2019rako aurrekontu-proiektua; bertan, ikerketarako eta berrikuntzarako partidak % 6,5 haztea aurreikusten da eta, beraz, 461,5 milioi eurokoa izatea.

Jarraitu egiten du euskadik goi-mailako berrikuntzako eskualde eta herrialden artean, eta gora egin dute ikerketako inbertsioek eta emaitzek

Planaren bosgarren urtean eta hura amaitzeko azken fasea hasi aurretik, Kontseiluak etapa horren balantze positiboa egiten du. Bete da RIS3 Euskadi estrategiaren zabalkundea, eta 6.700 milioi euro inguruko aurrekontu-betearazpena lortu da.

Euskadik goi-mailako berrikuntzako eskualde eta herrialdeen artean jarraitzen du, eta baieztatu egiten da ikerketako eta garapeneko inbertsio publiko eta pribatuek gora egiteko joera-aldaketa (2017an Euskadin I+G jarduerarako gastua % 5,6 hazi zen eta 1.363 milioi euro izan ziren).

Gainera, ZTBPko tresnak eta programak, Kontseilu honek onetsitako neurri osagarriekin batera, emaitzak ematen ari dira, zientzia-, teknologia- eta enpresa-emaitzak[1]:

  • 490 zientzia-argitalpen berri; horietako % 55 kalitate eta inpaktu handienekoa (Q1 lehenengo kuartilean egoteagatik).
  • EPO Europako patenteen 808 eskabide.
  • 36.000 milioi euro produktu berrien fakturazioen ondorioz.

Kontseiluak jarraituko du I+Gko enpresa-inbertsioak sendotzen eta euskal ETE-etan berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa bultzatzen

Sistemaren eginkizuna positiboa izan eta emaitzek hobera egin badute ere, Euskadi ezin da autokonplazitu, baldin eta berrikuntzaren buru diren eskualde eta herrialdeen maila berean egon nahi badu. Hori dela eta, Kontseiluak azken bileran erabakitako hiru neurri handiri eusten die:

  • Merkatutik hurbilen dagoen enpresako I+G bultzatzeko programak sendotzea.
  • Berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko proiektuak bultzatzea euskal ETEetan.
  • Enpresetan ikertzaileen talentuaren sarrera bizkortzea.

Era berean, Kontseiluak onetsi du Berrikuntza Funtsak 2019ko eta 2020ko aurrekontu-partidak aurreko erronkak gainditzera bideratzea, bai eta 2020ko ZTBPn ezarritako helburu orokorrak betetzera ere.

Onetsi egin dira, 2017aren eta 2018aren artean, 67 ikerketa-proiektu estrategiko berri, legegintzaldian 100 proiektu berri bultzatzeko konpromisoarekin bat etorriz

RIS3 Euskadi espezializazio adimentsurako estrategia zabaltzeko, legegintzaldi honetan euskal enpresak buru dituzten I+Gko 100 proiektu estrategiko berri onesteko konpromisoari eusten zaio. 2017aren eta 2018aren artean, proiektu berri horietako 67 onetsi dira, eta aurrekontua, guztira, 415 milioi eurokoa izan da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren HAZITEK programaren barruan. Gainera, 7 ekimen estrategiko sustatzen ari dira RIS3 espezializazio-eremuetan, estrategia zabaltzeko abian jarritako pilotaje-taldeetan sortutakoak.

ZTBPren esparruan ere, 63 proiektu enblematiko garatzen ari dira, Horizonte 2020 Europako ikerketako esparru-programaren barruan. Proiektu horietako buru euskal erakundeak dira, eta programaren hiru oinarri nagusien artean banatzen dira: zientzia bikaina, industria-lidergoa eta gizarte-erronkak.

Eguneratu egin da euskal Zientzia-sistemako ikertzaile esanguratsuenen zerrenda

2015eko hasierako argitalpenaren ondoren, eguneratu egin da euskal zientzia-sistemako ikertzaile esanguratsuenen zerrenda; horretan, orain, 56 pertsona daude, eta laster argitaratuko da, ZTBPren webgunean.

Horretarako, berrikusitako irizpide batzuk baliatu dira:

  • Abiapuntuko eskakizuna: ikertzaile doktore izatea, denbora osokoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentroren batean.
  • Honako hauekin lotura duten lau hautaketa-irizpide:
    • Ikertzailearen nazioarteko prestigio zientifikoa.
    • Bikaintasuneko ikerketa-zentroetako zientziaren eta ikerketa nagusiaren zuzendaritza, eta lehen hautaketa-irizpidea betetzea.
    • ERC (European Research Council) Europako laguntzak lortzea.
    • Gutxienez bi deialditan A+ ebaluazioa lortu duten unibertsitate-ikerketako talde finkatuetako zuzendaritza, eta lehen hautaketa-irizpidea betetzea.

Berritu egin da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko zientzia gaietarako Aholku Batzordearen eraketa

Lehendakariak proposatuta, Zientzia Gaietarako Aholku Batzordeko kideentzat ezarritako lau urteko agintaldia bete ondoren, Kontseiluaren barruan kontsulta-organo horren eraketaren hurrengo berritzearen berri ematen da.

Zientzia Gaietarako Aholku Batzordea gehienez hamar pertsonak osatzen dute; horiek, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuan prestigio handiko profesionalak dira. Horien eginkizunetako bat da Gobernuari laguntzea 2020 ZTBPn jasotako politikak prestatzen, horien segimendua egiten eta ebaluatzen, bai eta Euskadirako zientzia- eta teknologia-alderdiei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea ere.

Datozen lau urteotarako kontsulta-organo hori osatuko duten pertsonen zerrenda jendaurrean jartzeko, Lehendakariaren Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

[1] 2014-2017 aldiko emaitzak, Eurostatek, Eustatek, Ikerbasquek eta I+G+b jarduerako Europako programetako euskal partaidetzaren Behatokiak emandako datuetan oinarrituak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak