Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak fisioterapia proiektu pilotu bat jarri dute martxan Lehen Mailako arretan

2018.eko abenduak 10
  • Araban abiatu den proiektu berritzaile honek sorbaldako eta bizkar-hezurreko minak jotako pertsonentzako arreta hobetu nahi du, horretarako taldekako heziketa-tratamendu bat eskeinita osasun-zentroetan bertan eta Vitoria-Gasteizko Udalaren kirol-ekintzen programarekin lankidetzan.
  • Pilotaje faseari azaroan eman zitzaion hasiera Zabalganako Osasun Zentroan, Sansomendiko eta San Martineko Osasun Zentroetako herritarrak ere barne hartuta, guztira, 65.000 inguru pertsona.

Jon Darpon Osasun Sailburuak Araba ESIn martxan jarri den Lehen Mailako Arretarako Fisioterapia Proiektu Pilotua aurkeztu du gaur goizean. Proiektu honen helburua lepoko, bizkarreko eta sorbaldako minak jotako pazienteak osasun-zentroetatik bertatik tratatzea da. Osasun Sailburuak Zabalganako Osasun Zentroan aurkeztu du proiektu berritzaile hau, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko Alkatearekin, Juan Diego Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin, eta Jesús Larrañaga Araba ESIko Zuzendari Gerentearekin batera.

Hezur-giltzaduretan -lepoan, bizkarrean eta sorbaldan- mina duten herritarrentzako artapena hobetzeko estrategia berria da, eta berari esker, osasunaren sustatzaile gisa bultzatuko da Lehen Mailako Arreta. Estrategiak, halaber, pazienteak ahaldundu nahi ditu norberaren zainketaren ikuspuntutik, beren baliabide propioak eta inguru hurbilenekoak -herri zein hirikoak- baliatu ditzaten.

Jon Darponek adierazi bezala, “programa honek pazientearen susperketa erraztu, berriz ere gaixotzeko aukerak murriztu, eta errehabilitazio eta fisioterapiako arreta-zirkuituak ordenatu egin nahi ditu, era horretara atzerapenak murrizteko eta paziente guztien irisgarritasuna hobetzeko”.

Zirkuitu berrian, familiako medikua izango da lehen miaketaren ondoren eta paziente bakoitzaren historialaren arabera diagnostikoa ematen duena. Aurrez definitutako protokoloari jarraituta, beharrezko tratamendu farmakologikoaren ostean beti ere, eta behin baztertuta ospitale-arretaren beharraren seinaleak, paziente bakoitza osasun-zentroko fisioterapiako profesionalengana desbideratuko da, Errehabilitazio Zerbitzuak gainbegiratutako tratamendu protokoloa ezar zaion.

LEHEN MAILAKO ARRETAKO FISIOTERAPIAKO PROGRAMAREN EZAUGARRIAK

Plan pilotu honek bizkarreko eta sorbaldako minak jotako pertsonak taldetan eta era hezitzaile batean artatu nahi ditu, pazienteak euren ondoezarekin inplikatu daitezen.

Pazienteak 8-10 lagunetako taldetan antolatuko dira norberaren patologiaren arabera, eta 60-90 minutuko 10 saiotan zehar, euren minari egokitutako jarrera-higienearen eta ariketen inguruko ezaguerak bereganatuko dituzte.

Proiektu hau aurrera eraman ahal izateko, bi fisioterapeuta arituko dira Zabalganako Osasun Zentroan programa gidatzen eta administrazioko langileei laguntzen. Horrez gain, kontsulta bat eta 101 m2ko gimnasio bat egokitu dira beharrezkoak diren baliabide materialekin hornituta.

Proiektua Vitoria-Gasteizko Udalaren kirol-ekintzen programarekin lankidetzan prestatu da helburu zehatza batekin: zirkuitu bat sortzea Lehen Mailako Arretako fisioterapiatik Udalaren jarduera fisiko eta kirol-ekintzetara. Horrela, kirol-ekintzetako begiraleek eta fisioterapetua taldeak orientazio zerbitzua eta jarraipena eskeiniko diete pazienteei.

Pilotaje fasea azaroan abiatu zen Zabalganako Osasun Zentroan, eta Sansomendiko eta San Martineko osasun-zentroei dagokien biztanleria ere hartzen zuen barne, 65.000 pertsona guztira. Aurreikuspenen arabera, urtero 500 paziente inguru artatuko dira Zabalganan.

Lehen esperientzia honen ebaluazioaren ondoren, eta emaitzak aintzat hartuta, Jon Darpon Osasun Sailburuak adierazi du, programa hau osasun-zentro gehiagotara zabaltzea eta Araba osoan urtero 2000 pazienterengana iristea espero dela. Halaber, behin programa pilotuaren emaitzak aztertuta, fisioterapiaren esku-hartzearen beharra duten prozesu gehiagotara zabaltzeko aukera aztertuko dela adierazi du.

Osasun Sailburuak eskerrak eman dizkio Vitoria-Gasteizko Alkatea Gorka Urtarani, herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duten era honetako programak martxan jartzen laguntzeagatik. Ildo horretan, garrantzia eman dio udal-erakundeekin bizi-ohitura osasungarriak bultzatzeko aliantzak ezartzeari batetik, eta herri eta hirietako eguneroko ekintzetan presentzia duten osasunaren arloko aktiboak aprobetxatu eta mugiarazteari bestetik.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko Alkateak bere aldetik azpimarratu du, proiektu berritzaile hau Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu dela. "Hauxe da legealdi osoan zehar jorratu dugun bidea: erakundeen esfortzuak batzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, kasu honetan euren Osasuna hobetzeko. Horregatik, hemendik, proiektu honetarako eta zerbitzua hobetzeko antzeko proiektuetarako behar duen lankidetza osoa eskeintzen diogu Osakidetzari”.

Azpimarratu behar da, Osasun Saila eta udalak lankidetzan ari direla aspaldi, jarduera fisikoa bultzatzea eta sedentarismoaren aurka egitea ahalbidetzen duten sareak sortzeko. Horren adierazgarri da hogei bat udalerriren parte-hartzea lortu duen Mugiment izeneko programa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak