Eu

Lide Amilibia: “2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiak Herrialdearen garapenean adinekoen integrazio positiboa dakar”

2018.eko abenduak 10
  • Gizarte Politiketako sailburuordeak inaugurazio-hitzaldia azaldu du ‘Giza eskubideak eta adinekoak’ jardunaldian, Kanarietako Parlamentuan
  • Gaur, abenduaren 10ean, Nazio Batuen giza eskubideen adierazpenaren 70. urteurrena
  • Diputado del Común goi-komisarioak antolatu du, Kanariar Uharteetako Arartekoak
  • “Ez dago gizarte-eraikuntzarik gizarte-kohesiorik gabe, eta ez dago kohesiorik, pertsona ahulei justiziaz, duintasunez, kalitatez eta berotasunez ematen ez badiegu arreta”

 

TF 10 12 2018

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, Kanarietako Parlamentuan, 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia aurkeztu du; Eusko Jaurlaritza estrategia hori garatzen ari da eta erreferentziazkoa izaten ari da Estatuko beste gune batzuetan. Hori da Kanarietako kasua; bertan, Diputado del Común goi-komisarioak –Kanariar Uharteetako Arartekoak– jardunaldia antolatu du, uharteetan gorantz ari den zahartzea Kanarietako Parlamentuan bertan aztertzeko. Bertan, sailburuak honako hau nabarmendu du: “Ez dago gizarte-eraikuntzarik gizarte-kohesiorik gabe, eta ez dago kohesiorik, pertsona ahulei justiziaz, duintasunez, kalitatez eta berotasunez ematen ez badiegu arreta”.

 

Euskadik ibilbide luzea du zahartze aktiboaren aldeko apustuan, eta bizi-itxaropenik luzeenetakoa du munduan. Hori dela eta, Kanarietako Diputado del Común goi-komisarioak Eusko Jaurlaritza gonbidatu du “2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiak zahartze aktiboa, positiboa, osasungarria eta herrialdearen, lurraldearen, hiriaren eta herriaren garapenean integratua bilatzen duela” azaltzera.

 

Ekitaldiaren izenburua ‘derechos humanos y los mayores: la construcción del común y el envejecimiento en canarias’ izan da, eta, gainera, Kanarietako Parlamentuan Nazio Batuen giza eskubideen gutun unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko balio izan du. Bertan, adituek parte hartu dute, zahartzeari buruzko esperientziak aztertzeko, bai eta Parlamentuko ordezkariek eta Kanarietako Arartekoak ere.

 

Amilibia sailburuak honako hau nabarmendu du: “biztanleen zahartzea Euskadin errealitatea da: laster, gure biztanleen herenak 65 urte izango ditu beteta. Gehienak lan-merkatutik erretiratuta egongo dira, baina esperientziaz eta ezagutzaz beteak egongo dira, bizitasun osoz, elkarlanari dagokionez komunitate aberatsaren alderdi aktibo izaten jarraitzeko”.

 

Amilibiak zera esan du: “gure biztanleen zahartzeaz eta erronka demografikoaz ari garenean, irakurketa ia beti oinarritzen da zahartze horrek ekar ditzakeen alderdi negatiboetan. Eta zahartze horri lotuta erronkak ere badaudela jakinik ere, batik bat ospatu beharreko lorpen soziala dugu”. “Gainera, erronkekin batera, aukerak etorriko dira, eta hori ez dugu ahaztu behar”, esan du. “Gaur, Euskadin, urte gehiago bizi gara, eta bizi-kalitate hobeaz. Munduko herrialde aurreratuenekin erka gaitezke, besteak beste, Japoniarekin. Hainbat faktoreren bidez hori posible da eta gure eginkizuna beti da hala izaten jarraitzeko lan egitea”.

 

“65 urte edo gehiago eta osasun eta bizitasun bikainak dituzten pertsonak, lanbide-karrerako maila gorenean daudela, bizi-esperientziaz eta ezagutzaz beteak, lanetik erretiratuta daude, baina oraindik asko dute eskaintzeko”, esan du Lide Amilibiak. “Familian eta komunitatean duten eginkizuna oraindik ezinbestekoa da”.

 

Euskadin, “erronka demografikoari erantzukizunetik heltzen diogu, erronka hori ere aukera bat delako ikuspegi positibotik eta herritarren, sozietate zibil antolatuaren eta profesionalen parte-hartzearen eta elkarlanaren bidez gobernamendu-eredu berria eraikitzeko konpromisotik”, azaldu du.

 

Adinekoen eskubideak

Estrategiarekin batera, Eusko Jaurlaritzak, azken denboretan, adinekoen eskubideak defendatzeko ekintza eta proposamenak garatu ditu. Besteak beste, sailburuordeak Euskal erkidegoan adinekoei tratu txar fisikoak eta ekonomikoak prebenitzeko eta antzemateko prozedura nabarmendu du; tresna horren bidez, “oinarrizko beharrak aseta ez izateagatik sufrimendu-egoera bizi duten adinekoak antzeman” nahi dira. Hori horrela, “tratu txarrek beti egiten dute pertsona baten duintasunaren aurka eta, ondorioz, pertsona horren bizigune den komunitateari gizatasuna kentzen diote”.

 

Lide Amilibiak azaldu du “gizarte- eta osasun-eremuko profesionalek baliozkotu duten tresna dela eta, dagoeneko, praktikan jarri dutela; halaber, finantza-eremuko eta notariotzetako langileek ere baliozkotu dute, beraiek ere erabiltzen baitute”. Tresna hori eskuliburu arin batean dago laburtuta, eta, horren bidez, 65 urtetik gorakoetan tratu txarren egoerak prebenitzeko eta antzemateko balio du, eragin berezia izanik, azterlan guztiek ahulagotzat jotzen dituztelako, 80 urtetik gorako emakumeetan. “Funtsean, bi helburu bete nahi ditugu: tratu txarrak izan daitezkeenak aztertzea eta, egiaztatuz gero, horietan esku hartzeko proposamena”, esan du Amilibia sailburuordeak.

 

Gainera, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-, kontzientziazio- eta prestakuntza-kanpainak garatu ditu, adinekoei tratu ona ematen zaiela bermatzeko eta tratu txarrak ezabatzeko, eta Nazio Batuen Lisboako Adierazpenari atxiki zaio; adierazpenaren bidez, adinekoen ahalmena aitortu eta zahartze duina bermatu nahi da, eta, horretarako, hirugarren adinaren autonomia eta gizarte-partaidetza sustatu.

 

Lisboako Adierazpena oinarri bikaina da onartzeko denbora gehiago bizitzeak herritarrei eta gizarteari gizarte-ahalmen handia ematen diela. “Europako estatu eta herrialdeen baterako ekintza horren bidez, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak sustatutako Europako Gizarte Oinarriaren garapena hobetuko da, adin guztientzako Europar Batasuna eraikitzeko, eta belaunaldi guztiek gizarte berri horretan aktiboki laguntzea sustatuko da.

 

Eusko Jaurlaritzak adinekoek jasaten dituzten tratu txarrak eta ekonomikoak prebenitzeko eta antzemateko egiten duen lanaren eta zahartzearen inguruan abian dituen beste ekintza batzuen gaineko interesa erakutsi dute aurretik ere beste erakunde batzuek, besteak beste, Brasilgo Zahartzearen Zentro Nazionalak, Valentziako Erkidegoak edo Santanderreko Udalak.

 

Estrategia

Sailburuordeak zehaztu duenez, 2015-2020 Zahartze Aktiboaren Estrategiak lau funtsezko oinarri ditu: “duintasuna, autonomia, parte-hartzea eta erantzukidetasuna”, eta hiru arlotan antolatzen da.

 

Lehen arloaren bidez, gizarte-aldaketa eta antolamendukoa sustatu nahi da Euskadin, biztanleriaren egiturarekin eta bertan zahartzen diren pertsonen eginkizunarekin bat datorren gobernamendu-eredua sortuko duena, bai politika publikoen eremuan, bai pribatutasunaren eremuan. Horretarako, honako helburu hauek dituzten ekintzak sustatzen dira: gobernamendua hobetzea; eskubideak bermatzea eta zahartzen diren pertsonen aurkako diskriminazioaren aurkako borroka; zahartzen diren pertsonen segurtasuna eta gizarte-inklusioa bermatzea; eta zahartzearen inguruko garapen ekonomikoa sustatzea, enplegua sortzeko iturri gisa eta zahartzen diren pertsonetatik kontsumo berrien ustezko hobi gisa.

 

Horren harira, Amilibiak honako hau esan du: “hilaren 19an, Agenda Nagusi programa aurkeztuko dugu, Bilbon, adinekoek erabakiak hartzean parte har dezaten eta berengan eragina duten politiken xede ez ezik subjektu ere izan daitezen eredua abiarazteko Gobernuak eginiko apustua”. Lan aitzindaria da, eta ezagutzera emateko eta abian jartzeko irrikitan gaude”.

 

Estrategiaren bigarren arloak hobeto zahartzeko aurrea hartzeaz eta prebenitzeaz dihardu, eta zahartzen diren pertsonen autonomia eta independentzia sustatzen ditu, eta, horretarako, beren bizitza-proiektuaren gaineko erabakiak errazago hartzeko zeharkako prebentzio-neurriak ezartzen ditu. Hori horrela, honako helburu hauek dituzten ekintzak sustatzen dira: bizitzan zehar orientatutako erabakiak arduraz hartzea sustatzea, pertsonen autonomiaren sustapenaren bidez zahartze aktiboa lortzeko; lan-bizitzatik erretirora trantsizio positiboa sustatzea; etxebizitza eta etxe-ingurunea bizitza osoan zehar gozatu ahal izateko prestatzea; zahartze osasungarria sustatzea; eta bizitzan zeharreko ikaskuntza euskal gizartean sartzea.

 

Ongizatearen gizartea eraikitzeko lagunkoitasunaren eta partaidetzaren atalean, Euskadin “lagunkoitasun” paradigma orokortzea sustatzeko ekintzak sustatzen dira eta, horretarako, prozesu horretan zahartzen diren pertsonen protagonismoa eta partaidetza bermatzen dira. Horren bidez: zahartzen diren pertsonen artean ekintza boluntarioa eta erkidegoaren elkarlaneko partaidetzako mugimenduak areagotzea sustatu nahi da; adinekoek familia-eremuan ematen dituzten zaintza eta laguntzen transferentzia baloratu nahi da; eta Euskadin lagunkoitasun-prozesuak sustatu nahi dira. Hemen Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sarea nabarmendu behar da; autonomia-erkidegoko 60 udalerri inguru ditu atxikita, eta, dagoeneko, esperientzia handia du gaian, eta “munduko sare ahalmentsuenetakoa” da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak