Eu

Euskotrenek hazkunde-fasean dagoen Vitoria-Gasteizko tranbiaren 10. urteurrena ospatuko du

2018.eko abenduak 07
  • Abenduaren 19an, “Gasteizkoz tranbiaren 10. urteurrena” jardunaldia ospatuko da Europa jauregian. Tranbiaren lehena, oraina eta geroa jorratuko da.
  • 2017an, 8 milioi erabiltzaile baino gehiago zituen tranbiak, eta 2019a berrikuntzen urtea izango da. Zerbitzua Gasteizko hegoaldera zabalduko da, eta 7 moduluko unitate berriak iritsiko dira.

Euskotrenek Vitoria-Gasteizko tranbiaren 10. urteurrena ospatuko du abenduaren 19an, eta jardunaldi bat antolatu du Europa jauregian, zeinetan tranbiaren lehena, oraina eta geroa jorratuko den. Hilabete osoan, hainbat ekintza egingo dira erabiltzaileentzat, geltokietan zein unitateetan bertan, baita ospakizun-erakusketa bat ere, Arabako hiribilduaren kongresuen jauregiaren kanpoaldean.

2008ko abenduaren 23an, egun hotz eta euritsua batean, atera zen tranbia Ibaiondoko garajetik bere lehen bidaia egiteko Angulemara, bi urte eta erdi baino gehiago obretan egon ondoren. Gaur egun, tranbia Vitoria-Gasteizko eguneroko bizitzaren parte da; garraio fidagarri, seguru eta puntual gisa finkatuta dago, eta urtean zortzi milioi bidaiaritik gora izaten ditu.

Izan ere, 2019a berrikuntzaz beteriko urtea izango da, eta tranbia hegoaldera (unibertsitateak) zabalduko da, hirugarren hiruhilekoan. Beste berrikuntza bat izango da zazpi moduluko unitateak gehituko direla. Modulu horiek 44 metroko luzera izango dute; oraingoak, berriz, 31 metrokoak dira. Azpiegiturari dagokionez, garajea handituko da, eta Lakuako, Abetxukoko eta hiriguneko adarretako oraingo geltokiak egokituko dira tranbia berrietara. Horrez gain, mugikortasun murriztua duten kolektiboen irisgarritasun-beharrak bermatuko dira.

Tranbiak 10 urte Gasteizen

Euskadiko erakunde nagusiak jardunaldian izango dira, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko buru Arantxa Tapiak emango dio hasiera jardunaldiari. Jardunaldiaren lehenengo hitzaldia Salvador Ruedak emango du, Bartzelonako Ekologia Agentziako zuzendariak eta, besteak beste, Vitoria-Gasteizeko Mugikotasun Planaren autoreak “Gasteizko garraio publikoa, hiriko mugikortasunaren ardatz egituratzailea” izenburupean.

Ondoren, Gorka Urtaran alkateak, Ramiro Gonzálezek ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek, Salvador Ruedarekin batera, mahai-inguru batean hartuko dute parte, tranbiak hirian dituen erronkei eta etorkizuneko hazkunde‑aukerei buruz hitz egiteko.

Atseden labur baten ostean, Bordeaux Metropole-ko Geraldine de Matteok “Tranbia, Bordeleko konurbazioko mugikortasunaren funtsezko ardatza” hitzaldia emango du jardunaldiaren amaiera aldera. Bordeleko tranbiaren arrakastaz eta metro arinak hirian eragin duen eraldaketaz hitz egingo du.

Azkenik, Joseba Ezpeletak (IKERFEL) osatuko du jardunaldia, eta Vitoria-Gasteizko herritarrek tranbiaz duten pertzepzioari buruz egin den azterlana aurkeztuko du.

Jardunaldia doakoa da eta herritar guztiek har dezakete parte. Lotura honetan eman daiteke izena:

http://www.tisasa.es/fomulario_Euskotren/

Europa Kongresuen Jauregiaren kanpoaldean, “10 urte bizi-bizi” erakusketak Gasteizko tranbiaren historia eta etorkizuna aztertuko ditu modu grafikoan eta atseginean.

Tranbiaren oraina eta etorkizuna

2017a oso urte oparoa izan da, 8.137.654 bidaiarik erabili baitzuten tranbia, eta badirudi Euskotrenek berriro gaindituko duela zifra hori; izan ere, urriaren 31n, % 1,1 bidaiari gehiago garraitu ditu, iazko epe bereko kopuruarekin erkatuz gero. Angulemak da oraindik gehien erabiltzen den geltokia, eta jarraian Legebiltzarra, Europa, Honduras eta Antso Jakituna daude.

Are gehiago, aurreikusten da 2019an kopuruak hobeak izango direla, hirugarren hiruhilekoan, gutxi gorabehera, hegoaldera zabalduko da, eta hiru geltoki berri izango ditu: Florida kalean, Hegoalde gizarte-etxearen ondoan, eta unibertsitateko campusaren inguruan. Erritmo onean eta ezusteko handirik gabe egiten ari dira Angulema kaletik tranbiari jarraipena emateko obrak.

Hegoalderako zabaltze-zerbitzua abiarazteko dagoela eta Salburuara eta Zabalganara hedatzeko aukera jomugan duela, Euskotrenek pixkana-pixkanaka handituko du tranbiako unitateen edukiera. Hori dela eta, 2019. urtearen amaieran, ohikoa izango da 7 moduluko eta 44 metroko luzera duten tranbiak ikustea, oraingo 5 moduluko eta 31 metroko luzera dutenekin batera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak