Eu

Donostia / San Sebastián, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko ekitaldiek osatzen dute Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresuaren aste osoko agenda

2018.eko abenduak 05
  • Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresuan hogeita hamar bat aditu batuko dira, Europa Jauregian, abenduaren 13an eta 14an
  • Sami Naïr politologo, filosofo eta soziologo aljeriarrak emango du lehen hitzaldia ostegunean
  • Astelehenean, hilaren 10ean, mundu osoan NBEren Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrena ospatuko da

VG 05 12 18

Astelehenean, hilaren 10ean, Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrena ospatuko da eta egun horretatik ostiralera, hilaren 14ra, ekitaldi ugari antolatu ditu Eraberean sareak eta hura osatzen duten erakundeek, Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresuaren inguruan. Donostia / San Sebastiánen, Bilbon eta Vitoria-Gasteizen erakusketak, jardunaldiak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira eta, horietan, testuingurua bera izango da: sakon aztertzea Kongresuko gaiarekin zerikusia duten alderdiak.

Eskaintzaren ekimen nagusia Kongresuak berak eratzen du; Europa Jauregian izango da, Arabako hiriburuan, ostegunean, hilaren 13an, eta ostiralean, hilaren 14an, Eraberean sarearen, Biltzen - Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eskutik.

Aurretik, astelehenean, hilaren 10ean, Donostia / San Sebastiángo Koldo Mitxelena hitzaldi-aretoan ‘Diskriminazioa, Zaintzak eta Immigrazioa’ jardunaldia izango da, 09:30etik aurrera, eta bertan izango da Ruth M. Mestre i Mestre Institut de Drets Humans de la Universitat de Valènciakoa, eta “Mujeres de cuidado: interseccionalidad y discriminación’ hitzaldia emango du.. Astelehenean bertan, eguerdian, Ernesto Sainz Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak eta Antón Echevarrieta Arabako Abokatuen Elkargoko dekanoak 'Iguales en Derechos. Abogacía por la Igualdad' erakusketa inauguratuko dute, Vitoria-Gasteizko Justizia jauregian. Arratsalde horretan, 16:00etatik aurrera, Javier Sadaba idazleak eta filosofoak hitzaldia emango du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, Donostia / San Sebastiánen.

Asteartean, hilaren 11n, kongresuarekin paraleloan egingo diren beste hiru ekitaldi izango dira agendan. Donostia / San Sebastiánen, 10:00etatik, ‘Discriminaciones que se cruzan: un análisis de la realidad de las personas con discapacidad, gitanas, migrantes y LGTBI’ jardunaldia izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz espazioan. Ordu horretan bertan, Bilbon, Diversity Charter Europako ekimena aurkeztuko da; bertan, bi euskal enpresak diskriminaziorik ezaren arloko jardunbide egokiak azalduko dituzte,  Mutualiak eta Petronorrek. Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izango da, Kale Nagusiko 85 zenbakian. Eta, 11:30ean, Bilboko Boluntako ekitaldi-aretoan, Europar Batasunari buruzko hitzaldia izango da, tratu-berdintasuna sustatzeko eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko lehentasun eta tresnak ezagutzeko.

Bilbon, zehazki EDE fundazioaren egoitzan, Emaktiva aretoan, asteazkenean, abenduaren 12an, adinekoen aniztasunari buruzko mahai-ingurua izango da. 17:00etan izango da, eta zenbait kolektibotako adinekoak bertaratzea espero da: atzerritarrak, ijitoak eta LGTBI.

Gainera, ostegunean, kongresuko lehen jardunaldiaren ondoren, jarraitzeko ‘Valientes’ izenburuko hitzaldia/mahai-ingurua izango da Artiumen, Rosalind Williamsen eta Zeshan Muhammed-en eskutik, 19:00etatik aurrera; horiek Espainiako auzitegien aurrean polizia-identifikazio arrazistak salatu zituzten.

Kongresua

Abenduaren 13an eta 14an, ostegunean eta ostiralean, Vitoria-Gasteizen Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresua izango da. Kongresuan, bi jardunaldiz, hogeita hamar bat aditu baino gehiago batuko dira. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak inauguratu du Kongresua, Francisco de Vitoria ekitaldi-aretoan.

Ondoren, Sami Naïr politologoak, filosofoak eta soziologoak, migrazio-mugimenduen espezialistak, hitzaldia emango du. Naïr Paris VIII Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedraduna da, eta Frantziako Gobernuko garapenkideko eta nazioarteko migrazioetako ministerio arteko ordezkaria izan da, bai eta Europako Parlamentuko diputatua ere.

Lehenengo jardunaldian, zenbait aditu honako gai hauez arituko dira: kazetaritza eta konpromisoa berdintasunaren eta diskriminazio ezaren alde; ekimen politikoak eta lege-mailakoak diskriminazioaren arloan; diskriminazioa sare sozialetan: gorrotoaren aurkako ziberaktibismoa; duintasuna enpleguan: agenda partekatua; eta diskriminazioa eta espazio publikoa: aniztasuna eta erronkak.

Mahai-inguru horietan, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Alfonso Armada Reporteros Sin Fronteras-eko kazetaria eta presidentea; Fidel Raso fotokazetaria; Alex Cabo Online contra la Xenofobia y la Intolerancia (PROXI) proiektukoa; Demetrio Gómez Ververipen-ekoa; Natalia Pérez (Naty Penadas) eta Alba Vidal (Koala rabioso) Koalak Studios, Spanish Queens-ekoak; Manuel Velázquez Laneko Diskriminazioa eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokikoa; Ghassan Saliba Comisiones Obreras de Catalunyako gizarte-kohesioaren arlokoa; Marta Fernández Berdintasunaren aldeko Enpresen Sarekoa; Lala Mugika Aldarte elkartekoa; Gorka Urrutia Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Deusto Institutukoa; eta Ismael Cortés Central European Universitykoa- Romani Studies Program.

Bigarren jardunaldian, ostiralean, hilaren 14an, Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Faustino López de Foronda Arartekoaren bulegoko idazkari nagusiak jardungo dute elkarrizketan honako gai honen inguruan: “Euskadi diskriminazioaren aurrean: erronkak eta aukerak”. Mahai-inguruan jardungo dute, Eva Domaika kazetariak zuzenduta.

Ostiralean beste gai batzuk ere aztertuko dira: diskriminazioa eta gorroto-delituak: operadore juridikoen ikuspegia; protokolo instituzionalak diskriminazioaren aurkako borrokan; kexen eta salaketen kudeaketa, gertakari diskriminatzaileen eta gorroto-delituen inguruan; eta diskriminazioa hezkuntzatik prebenitzea eta bizikidetza sustatzea. Ondoren, paraleloan eratuko den mahai bakoitzaren ondorioak batuko dira, eta laburpena egingo da.

Mahaietan honako hauek parte hartuko dute: Begoña Castro Madrilgo Abokatuen Elkargokoa; Jesús Alfonso Poncela Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua; Ana Laura Núñez Bizkaiko Probintzia Fiskaltzakoa; Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria; Javier Sáez del Álamo Europako Kontseiluko kontseilari ohia; Tomás Fernández Gorroto Delituen Bulego Nazionalekoa; Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak katedraren zuzendaria; Itziar Barrenkua Arartekoaren bulegoko gizarte-inklusioaren, etorkinen, ijitoen eta beste gutxiengo kultural batzuen arlokoa; Mikel Mazkiaran SOS Racismo Estatuko federaziokoa eta Eraberean Sareko kidea; Lucía Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria;  eta Aitor Albizu Bizikasi ekimenekoa.

Eraberean Sarea

Eraberean Sarearen eginkizuna Euskadiko politika publikoetan eta sozietate zibilean tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde egitea da, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta honako hiru begirada hauekin zerikusia duten erakundeetako ordezkariek eratzen dute: ijitoak, migratzaileak eta LGTBI kolektiboa. Hori dela eta, Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresu honen helburua da eragileek diskriminazio-moduen eta analisi-perspektiben inguruan jarduteko, hausnartzeko eta hausnarketa horiek trukatzeko leku iraunkorra sortzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak