Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak hobekuntzak proposatu ditu mugaz haraindiko mekanismoaren arauketan

2018.eko abenduak 04

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, abenduaren 5ean eta 6an, Europako Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran parte hartuko du

Abenduaren 5ean eta 6an, Bruselan, EBko Eskualdeetako Lantaldearen 132. osoko bilkura izango da. Bertan, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Europako Parlamentuaren hemizikloan, Eusko Jaurlaritzak osoko bilkuran eztabaidatuko diren hemeretzi irizpenen inguruan duen posizioa defendatuko du; horietako batzuk 2020 ondoko kohesio-politikorako legegintza-paketearekin zerikusia dute.

Era berean, bilera horretan bi eztabaida izango dira: lehenengoa, “Kohesioaren politikaren etorkizuna”ri buruzkoa eta, bertan, Corina Cretu Eskualde Politikako Europako komisarioak hitz egingo du; eta, bigarrena, “Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzea”ri buruzkoa, eta, bertan, Michel Barnier Brexitaren Europako negoziatzaile buruak hitz egingo du.

Euskadik 5 zuzenketa-ekimen aurkeztu ditu «Mugaz haraindiko mekanismoa» sortzen duen arauketa-proposamenari buruzko irizpen-proiektuaren inguruan. Zehazki, borondatezko mekanismoa da; horren bidez, mugako eskualdeetan oztopo juridikoak eta administratiboak gaindi daitezke eta, horretarako, estatu kide batean ondoko beste estatu kide baten lege-xedapenak aplikatu behar dira. Eusko Jaurlaritzak, bere zuzenketen bidez, honako hauek planteatzen ditu: alde batetik, mekanismo hori NUTS 3 mailako eskualdeetara ez mugatzea eta, bestetik, legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek mekanismoa ezarri eta aplikatu ahal izatea, Estatuaren borondatearen mende egon gabe, beren eskumeneko gaietan eragina duten oztopo juridikoak direnean.

«Europako Gizarte Funts Plus» izeneko irizpen-proiektua dela eta, euskal zuzenketek nabarmentzen dute finantza-tresna horren helburuetako bat dela talentua hemen geratzea, hari eustea eta erakartzea lurraldearen sektore ekonomikoetan.

Azkenik, «InvestEU programa»ri buruzko irizpen-proiektua dela eta, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du «gizarte-inbertsioa eta gaitasunak» jarduketa-ardatza gizarte-azpiegituren proiektu berritzaileetan eta gizarte-ekonomiako enpresetan eta eskualde eta toki mailan gizarte-zerbitzuen erreformetan presa duten inbertsioak desblokeatzeko tresna dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak