
Lehendakariak harrera egin die 2018an jardunean hasi diren Ikerbasqueko ikertzaileei
- Guztira, 25 zientzialari gehitu zaizkio Ikerbasqueri 2018an. Ekitaldian, Lehendakariak, ebaluazio fase baten ondoren Research Associate programan sartu diren 7 ikertzaileak ere aitortu ditu.
- Diplomak banatzeko ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Ikerbasqueko presidentea eta unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak izan dira.
- Egun, Ikerbasquek nazioarteko esperientzia duten 34 herrialdetako 230 ikertzaile kontratatuak ditu, eta unibertsitateetan nahiz I+G arloko euskal zentroetan lanean dihardute.
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanean jardungo duten jakintza-arlo guztietako zientzialariei aintzatespenak banatzeko ekitaldia egin da gaur goizean: horietatik 25, Ikerbasque Research Professor eta Researh Fellows programen bitartez sartu berri diren ikertzaileak dira; aitortutako beste 7 pertsonak kategoriaz aldatu eta ikerketa-karrera Euskadin finkatzeko aukera izango dute Research Associate deialdiaren bitartez.
Ekitaldian, halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak parte hartu dute, Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak tarteko zirela.
Beren adierazpenetan, Lehendakariak gazteen artean ikertzeko bokazioa piztearen garrantzia azpimarratu du. Horrela, Lehendakariak Euskadiren apustua argia dela esan du eta, zentzu honetan, ikerketa, aurrerabidea, pertsonak eta talentua, aipatu ditu etorkizunerako gako gisa. Gainera, Lehendakariak azaldu duenez, Euskadik Ikerbasquen inbertitzen duen euro bakoitzeko, bi euro jasotzen ditu bueltan, atzera ikerketa arloan inbertitzeko. "Ikerbasqueko ikerlariek, urtero, 24 miloi euro baino gehiago lortzen dituzte funts lehiakorretan, eta diru hori ere ikerketarako da", esan du.
Bere aldetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek adierazi duenez, Ikerbasqueren bizialdiaren hamarkada hau garrantzi handiko bultzada izan da euskal zientziarentzat. "Aurrerapauso honen oinarria batez ere bi alderdi hauek eragindakoa izan da: batetik, Euskadira ikertzaile gehiago eta hobeak erakartzeko apustua, hau da, lehen mailako talentua erakartzea; bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sarean zuek kide izatea eta bertan lankidetzan aritzea", azaldu du sailburuak.
Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2018an 8 fitxaketa berri egin dira. Ikertzaile etorri berrietako batzuek arduradun zientifiko gisa lan egiten dute edota ERC Grants deritzon ikerketa zientifikorako Europako laguntzak lortu dituzte.
Bestalde, Research Fellow programa, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. 2012an abiarazi zen eta helburu bikoitza dauka: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea, karrerako une batean ala bestean kanpora joandako bertako ikertzaileak barne, eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Research Fellow programari esker, 2018an 17 pertsona sartu dira.
Deialdi horien osagarri gisa, berrikitan Research Associate programa abiarazi da, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana egin eta ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea xede duena, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez 7 ikertzaile hasi dira lanean aurten.
Gaur egun, Ikerbasquek 230 pertsona kontratatuak ditu Research Professor, Research Associate eta Research Fellow deialdien artean, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta lan egiten dihardute. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.
Ikerbasque, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.