Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Eibarko geltokia eraldatzeko lanak hasi ditu

2011.eko martxoak 02

Gaur bertan hasi diren Eibarko geltokia (estaziñoa) goitik behera zaharberritzeko lanak, beste pauso bat dira Eusko Jaurlaritza Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide igarobidean burutzen ari den jarduketetan, zerbitzua hobetzeko eta Ermua-Eibar tranbia Elgoibarreraino luzatzeko

Iñaki Arriolak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Miguel de los Toyosek, Eibarko Alkateak, Eibarko geltokia XXI. mendeko geltoki bihurtuko duten lanen lehen harria jarri dute gaur goizean. Lan horiek, eraikin enblematiko horren funtsezko ezaugarriak errespetatuko dituzte.

Jarduketa horri esker, trenbide pasagune bat kenduko da, irisgarritasun arazoak konponduko dira eta geltoki horrek hirigunean duen integrazioa hobetu egingo da. Proiektua burutzeko, Construcciones Moyúa-Azvi ABEE-UTE-ak 3.104.327,35 euroko aurrekontua eta 12,5 hilabeteko burutzapen epea ditu.

Azken hilabeteetan, Garraio Sailak, ETS-ren bitartez, San Lorentzo-Unibertsitatea trenbide bikoizketa burutu du, eta, duela denbora gutxi, Ardantzako geltoki berria ireki du. Une honetan hainbat puntutan ari da lanean: Txarakuako trenbide pasagunea kentzeko lanetan, Karakateko gurutzaketan eta Txarakua-Azitain zatia bikoizteko lanetan.

Proiektu horiek burututa daudenean, honako hau lortuko da:

  • - Trenean bidaiatzen duten pertsonen segurtasuna hobetzea, eta baita oinezkoena ere, trazatu berriak eginez eta trenbide pasaguneak kenduz.
  • - Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasunak (15 minutuz behin) eta bidaiatzeko denborak hobetzea.
  • - Joan den mendeko instalazioen ordez, erabat irisgarriak izango diren XXI. mendeko instalazioak izatea.

Deskribapen teknikoa

Eibarko geltokia zaharberritzeko lanetan, nasatarako sarbideak, makina baliogabetzaileak eta gela teknikoa une honetan dauden tokia jasotzen duen eraikinaren kanpoko egitura errespetatuz burutuko dira, hau da, geltokia, une honetan duen ondarea errespetatuz berriztatzea erabaki da.

Eraikina hustu egingo da barrutik, osorik ez bada ere, eta zabaldu egingo dira jendeari zerbitzua eskaintzeko guneak. Halaber, sarbideak aldatu egingo dira, gaur egun ezarrita duden irisgarritasun arauetara egokitu ahal izateko.

Gaur egungo Eibarko geltokiak ez ditu irisgarritasun arauak betetzen -eraikinera bertara sartzeari zein geltoki barruan mugitzeari dagokienez-, bertako instalazioak zaharkiturik geratu dira, eta nasen arteko pasagunea ez da pertsona guztiek erabiltzeko modukoa. Hori dela eta, proiektuan trenbide pasagune hori kentzea aurreikusten da, eta bere ordez, eraikiko den goiko igarobide batek lotuko dituen bi igogailu jarriko dira (ba nasa bakoitzean).

Une honetan, erdiko nasa hiru metro da zabal, eta instalazioak bertan egon daitezen, beharrezkoa da 5 metro izatea.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                Dena den, proiektuak, trenbideak bereizten dituen Eibarko bi guneen artean pertsonen igarotzea errazten duen kanpoaldeko pasabideari eusten dio.

 


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua eta Miguel de los Toyos, Eibarko Alkatea