Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2018 saria José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei banatu die

2018.eko abenduak 04
  • José Palazón Haurren Giza Eskubideen aldeko Elkarteko (“Prodein”) aktibista eta sortzailea da
  • Juan José Aguirre misiolari kolonbiarra da eta Bangassouko (Afrika Erdiko Errepublika) pertsona ahulenen defendatzailea
  • Lehendakariak saria datorren abenduaren 10ean banatuko du, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean

Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2018 saria José Palazón eta Juan José Aguirre aktibista eta giza eskubideen defendatzaileei emango die: José Palazón, Haurren Giza Eskubideen aldeko Elkarteko (“Prodein”) aktibista eta sortzailea da, eta Juan José Aguirre apezpikua da Bangassouko elizbarrutian, Afrika Erdiko Errepublikan, eta pertsona ahulenen defendatzailea. René Cassin 2018 saria urtero ematen du Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta. Saria Lehendakariak emango du, datorren abenduaren 10ean, Lehendakaritzan antolatuko den ekitaldian.

Oraingoan, epaimahaiak bi pertsona horien lana nabarmendu du; izan ere, agerian utzi dute gizarteko pertsonarik ahulenen giza eskubideak nola urratzen diren. Epaimahaiaren epaiaren arabera, bi pertsona horiek “funtsezkoak dira, eta beren esku hartu dute bazterketaren, ulertezintasunaren, gaixotasunaren, marjinazioaren, hondamen ekonomikoaren, bakardadearen eta jazarpenaren aurrean ahulenak diren pertsonen halabeharra”.

  • José Palazón Haurren Giza Eskubideen aldeko Elkarteko (“Prodein”) aktibista eta sortzailea da, Melillan. Bizi osoa darama etorkinek eta errefuxiatuek Europar Batasunaren hegoaldeko mugan bizi dituzten giza eskubideen urraketa larriak ikusarazteko eta salatzeko ahaleginetan.
  • Juán José Aguirre misiolari kolonbiarra da eta Bangassouko (Afrika Erdiko Errepublika) elizbarrutiko apezpikua, duela 38 urtetik hona. Ia lau hamarkadez, Aguirre munduko herrialde pobreenetako batean ahaztuta dauden pertsonen bozgorailu izan da. Erlijioen artean elkar ulertzeko batzordeak eratzea lortu du, emakumeen bizi-baldintzen hobekuntzan izugarrizko lana garatzea lortu du eta, halaber, bere herriari duintasunez bizitzea eragozten dioten interes ekonomikoak salatzea lortu du.

Saria Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du; sari-banaketarako ekitaldia Lehendakaritzan izango da, astelehenean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena

Aurten, gainera, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzen da, eta, hori dela eta, euskal erakundeek “Eskerrak Giza Eskubideei” kanpainan parte hartu dute, horien sustapena, aldarrikapena eta defentsa sendotzeko. 2018an, zenbait ekintza egin dira, Nazio Batuek urteurren hori ospatzeko sustatutako “Defenda ditzagun zuzentasuna, justizia eta giza duintasuna” kanpainari lotuta.

 

*** René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aitortzeko. Sariak René Cassinen izena hartu zuen. René Cassin 1887an Baionan jaio zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko