Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Artolazabalek Mordue Europako Batzordeko Migrazioetarako zuzendari nagusi ondokoari iragaitzazko migratzaileei ematen zaien arretaren berri eman dio

2018-12-04
  • Ekainaren 28tik, euskal erakundeen eta Euskadiko Gurutze Gorriaren eskutik, 5.182 arreta egin dira.
  • Share plana zehaztu du, EBn migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasunaren printzipioa zeharka aplikatzeko mekanismoa

Brusela, 18 12 04

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Simón Mordue Europako Batzordeko Migrazioetarako zuzendari nagusi ondokoari erakundeek penintsula Europako iparralderantz joateko zeharkatzen duten iragaitzazko migratzaileei arreta emateko Euskadin egiten den jarduketaren berri eman dio.

 

“Zehaztu beharra zegoen Batasunaren migrazioko ibilbide edo “pasillo”etako batean zer gertatzen zen eta Euskadik fenomenoari nola erantzuten dion; elkartasunetik dihardugu, Batasunaren printzipio humanistenetan oinarrituta: geratzera datozenekin eta gure lurraldetik igaro direnekin, eta Batzordean gai horri erantzuteko zer aztertzen ari den jakin nahi genuen. Erantzukizuna Batasuna osatzen dugun guztiona da”, esan du Artolazabalek, Europako Batzordeak Bruselan duen egoitzan.

 

“Immigrazioaren arloan, kontuan izan behar da Euskadik ez duela migrazio-fluxuen arauketan eskumenik. Beraz, ezta geratzeko asmoarekin heltzen diren atzerriko pertsona guztiei lan- eta egoitza-baimena emateko eskumenik ere; eskumen hori, gaur egun, Espainiako Estatuak du. Ikuspegi horretatik, Euskadi lan-baimenak emateko eskumena lortzeko ari da lanean", esan dio sailburuak Simón Mordueri.

 

Errealitatea da atzerritarrak heltzen direla Euskadiko herri eta hirietara; horrenbestez, euskal gizartean pertsona horiek guztiak hartzeko eta integratzeko politika publikoak landu behar dira. Hori guztia dela eta, herrialde eta eskualdeak Europara iristen diren etorkin horien hartzaile garelako, Espainiako Estatuari eta Europako erakundeei eskatzen diegu eskualdeak aintzat hartzeko, Europara iristen diren atzerriko pertsonen beharrei hobeto erantzuteko gai den maila anitzeko ekintza sustatzeko”, esan du.

 

Jarduteko beharra

Beatriz Artolazabalek zehaztu du “2018 ekitaldi honetan Europako iparraldera joateko Euskadi zeharkatzen duten iragaitzazko migratzaileen fenomenoa gertatu dela. Migrazioa egiturazko errealitatea da, eta, hori dela eta, indarrean dauden ideiak birpentsatu behar dira, azken urteotan garatutako programei buruz hausnartu eta gizarte-integrazioa eta aniztasunaren kudeaketa sustatzeko mekanismoak ezinbestean antolatu”.

 

Artolazabalek Erkidegoko Migrazioen arduradunari honako hau azaldu dio: “fenomenoari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak, immigrazioaren eremuan lan egiten duten hirugarren sektoreko aditu eta erakundeekin lankidetzan, 2018-2020 aldirako herritarren, kulturartekotasunaren eta immigrazioaren eremuan jarduteko V. plana diseinatu du. Bestalde, SHARE programa prestatu dugu, EBn migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasunaren printzipioa zeharka aplikatzeko mekanismoa, Europako balio eta ideietan oinarrituta elkartasunerako beharrerako erantzukizuna modu sistematizatuan partekatzeko”.  

 

SHARE proposamena Europako eremuan mota guztietako migratzaileak hartzeko eta integratzeko ahalegina lurraldeetan banatzeko gakoa adostean datza. Ekainaren 28tik, euskal erakundeen eta Euskadiko Gurutze Gorriaren eskutik, 5.182 arreta egin dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Simon Mordue