Berriak Osasuna
Eu

Osatekek euskararen erabilera normalizatzeko plan berezia onetsi du, pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatu eta euskara lan-hizkuntza bilakatzeko

2018.eko abenduak 03

Osasun sailaren konpromisoa betetzen da; horrela, Osatekek 2018-2022 aldirako bere plangintza-tresna izango du eta, horren bidez, euskal osasunaren hizkuntza-normalizazioan pixkanaka eta etengabe aurrera egiten jarraitu ahalko du

Osatekeko Administrazio Kontseiluak, gaur, aho batez, sozietate publiko horretarako euskararen erabilera normalizatzeko lehen plan berezia onetsi du. Horrela, aurten Jon Darpón Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako iragarpena betetzen da eta, horrela, Osatekek bere plangintza-tresna izango du 2018-2022 aldirako.   

Gaur onetsitako planaren helburua Osateken euskararen ahozko eta idatzizko erabilera normalizatzea lortzeko aurrerapauso irmoak ematea da; horrela, pixkanaka eta modu errealistan, batetik, arreta euskaraz jaso nahi duten erabiltzaileen hizkuntza-eskakizunak bermatuko dira eta, bestetik, euskara, gaztelaniarekin batera, lan-hizkuntza izango da sozietate publiko honetan eta administrazio publiko eta erakunde pribatuekiko harremanetan.  

Lehen plana hiru printzipio osagarritan oinarritzen da: pazienteen hizkuntza-eskubideak errespetatzea, Osatekek ematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta progresibitatea. Premisa horiek oinarri hartuta, zenbait helburu zehatz zehazten ditu eta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak VI. plangintza-aldirako ezarritako irizpide orokorrekin bat etorriz, besteak beste planaren indarraldia amaitzean, 2002ko abenduan, Osatekek ahozko eta idatzizko harremanetan pazienteen hizkuntza eskubideak % 100ean errespetatu eta bermatzea.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua pozik agertu da urrats berri eta esanguratsu horrekin, eta, zalantzarik gabe, euskal osasunaren hizkuntza-normalizazioaren pixkanakako baina etengabeko prozesua dela esan du, gizarteari erantzuteko. Aurrerapen horren meritua euskal osasun-zerbitzu publikoko profesionalen ahaleginaren eta konpromisoaren ondorio da; Osakidetzaren kasuan, horren bidez, beren plazako hizkuntza-eskakizuna betetzen duten langileen egunekoa azken hamabost urtean seikoiztu egin da, lehen % 7,6 ziren eta, orain, % 46,6.

 

Osatek, 25 urte laguntza-kalitatea eskaintzen

Osatek, bidean daramatzan 25 urteotan, pertsonen eta beren osasunaren zerbitzura jarritako teknologiaren paradigma bilakatu da. Mende laurden honetan, Osatekek 1.500.000 paziente ingururen erresonantzia magnetikoaren bidezko diagnostikorako lagundu du, eta, hori dela eta, Euskadi erreferente bilakatu da irudi bidezko diagnostikoaren eremuan.

Hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak Osatek tresna berrienez eta goi-mailako teknologiaz hornitzeko apustua egin zuen; horien bidez, eta goi-mailako prestakuntza duten langileen bidez eta Osakidetzarekin eta bertako profesionalekin hertsiki lankidetzan, euskal herritarrei beti eman zaie kalitateko laguntza-arreta.  Osatek aitzindaria izan da erresonantzia magnetikoaren aplikazio berriak martxan jartzen, besteak beste, 3D angiografia kontrastatua, kolangiopankreatografia edo garuneko perfusioa.  Hogeita bost urteotan, aurrerapenak txertatzen joan da, gero eta kalitate hobea eta denbora laburragoan eskuratzeko irudiak; horrek diagnostiko hobea izatea dakar, eta, aldi berean, patologiak goizago detektatzen dira, gaixotasun neurodegeneratiboak, esaterako, edo tumoreen diagnostiko goiztiarra eta jarraipena zehatzagoa da.

Osatekeko Erresonantzia Magnetikoko erradiologo eta teknikarien maila altua estatu eta nazioarte mailako hainbat sariren bidez aitortu izan da urteotan, besteak beste: Erradiologiako Ikerketarako 2012ko Sari Nazionala, Erresonantzia Magnetiko bidez burdin hepatikoa kuantifikatzeari buruzko lanengatik; horien bidez, proba inbaditzaile bat, biopsia hepatikoa, egiteari utzi zaio.

EMren irudiak eta txosten diagnostikoak Osakidetzaren Historia Kliniko Elektroniko Digitalean sartzen dira; bertan espezialitateetako medikuek eta pazienteek beraiek kontsulta ditzakete, Osakidetzako Atariko Osasun Karpetaren bidez.           

Gaur egun, Osatekek 16 ekipo ditu, 9 lekutan banatuta: 2 Araban (AUO Txagorritxu eta AUO Santiago); 4 Bizkaian (Bilbo, Galdakao, Areeta eta Urduliz) eta 3 Gipuzkoan (Donostia, Zumarraga eta Eibar). Horrela, EMko 16 makinetatik, 13 ospitale-zentroetan daude, bi anbulatorio-zentroetan eta bat ospitaleko kanpo-kontsultetan.

2019. urterako erresonantzia magnetiko bidezko 160.000 miaketa baino gehiago egitea aurreikusten da, alegia, 125.000 paziente ingururi; horiek asteko egun guztietan artatuko dira, astelehenetik igandera, goizeko 7etatik gaueko 11etara, etengabe. Gaur egun, Osateken jarduera nagusiak puntako teknologia-irudiaren bidezko diagnostiko-zerbitzuen kudeaketan, administrazioan eta ustiapenean zentratzen dira, bai eta euskal osasun-politika globalaren esparruko ikerketan eta irakaskuntzan ere. Hala ere, ez dira horiek Osateken lan-eremu bakarrak izan. 2010garren urtetik gaurdaino, funtsezko zeregina izan du Euskadin osasun-sistema ez presentzialaren arreta hobetzeko teknologia berriak ezartzen (telelaguntza, telemonitorizazioa, osasun-aholkua, aurretiko hitzordua…), betiere Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek sustatutako gizarte- eta osasun-espazioaren esparruan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau