Eu

Umbra Light Festival-ek artez eta argiz blaituko ditu Gasteizko lekurik enblematikoenak

2018.eko abenduak 04

2019ko otsailaren 21, 22 eta 23an egingo da festibala

Antolatzaileen kalkuluen arabera 80.000 ikusle erakarriko ditu

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteizek Arabako hiriburuko espazio publiko eta eraikin enblematikoenak blaituko ditu argiz eta artez 2019ko otsailaren 21, 22 eta 23an, eta erreferente turistiko, kultural eta teknologiko bihurtuko ditu hiria eta lurraldea. Programa kultural eta profesional bat eskainiko da ekitaldi honetan, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesean.

Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Maider Etxeberriak, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko diputatu Cristina Gonzálezek eta Gasteizko Udaleko Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi Iñaki Prusillak aurkeztu dute gaur festibala, ekitaldiaren antolatzaile Argia kultur elkarteko zuzendari Rafael Gallegorekin eta Carlos Torrijorekin batera.

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz denboran jarraitasuna izateko eta Arabako ekitaldien urteko programan irmotzeko bokazioarekin sortu da. Festibalaren lehenengo edizioa otsailaren 21, 22 eta 23an izango da: ‘Argizko urbanismoak. Hiri-paisaia berriak’ izango du lematzat, eta argian oinarritutako interbentzio artistikoen bitartez Gasteizek duen balio handiko hiri- eta natura-ondareari ikuspegi berri bat ematea du helburutzat.

Izan ere, ekitaldi honek formatu handiko argizko eskultura ikusgarriak eramango ditu Gasteizko hirigune historikoko hamabost espazio urbano eta eraikin enblematikotara eta hiriaren zabalgunera, eta argizko proiekzioak ere izango dira mundu osoko artistek diseinatuak, hiritik ibilbide artistiko bat egiteko moduan. Argia izango da obren protagonista nagusia, baina konposizioak ere izango dira, mugimendua, musika eta abar osagai izango dituztenak.

Antolatzaileen kalkuluen arabera, argizko eskulturek eta proiekzioek 80.000 pertsona inguru erakarriko dituzte festibalak iraungo dituen hiru egunetan.

Nazioarteko proiekzioa

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteizek hogeiren bat herrialdetara eramango du hiriaren izena sustapen-ekintzen bitartez. ILO (International Light Festival Organization) arduratuko da sustapenaz; nazioarteko plataforma bat da, argian oinarritutako festibalen koprodukzioaz, ikerketaz eta komunikazioaz arduratzen dena, baita Espainian, Europan eta Iberoamerikan hedapena duten bi argitalpen digital espezializatuez ere.

Hain zuzen ere, eta Argia kultur elkarteko zuzendariek azaldutakoaren arabera, ‘umbra’ terminoa aukeratu izana festibala izendatzeko eta marka sortzeko lagungarria da bere nazioarteko sustapenerako, “hitz horren esanahia argiari (itzala) lotuta baitago eta 2.000 milioi hiztunek baino gehiagok ezagutu eta antzematen duten hitza da. Termino hori oso hizkuntza desberdinetan ageri da: ingelesa, frantsesa, alemana, malaysiera edo norvegiera”.

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteizen lehenengo edizioak eta argiz egindako bere eskulturek eta proiekzioek iraungo dituzten hiru egunetan guztira 80.000 ikusle izango dituztela kalkulatu dute; batez beste 26.000 pertsona eguneko. “Publiko guztientzako ekitaldi bat da, familiari nabarmen zuzendua, gasteiztarrek eta arabarrek ez ezik, beste erkidego batzuetako bisitari ugarik ere disfrutatu ahal izango dutena”.

Argizko festibalak ekitaldi kultural eta teknologiko bat dira; laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran sortu ziren eta etengabe hazi dira harrezkero. Gaur egun, asko dira Europa, Asia, Amerika eta Ozeaniako hiriak, mota honetako ekitaldiak urtero hartzen dituztenak: Londres, Lyon, Amsterdam, Helsinki, Eindhoven eta Durham dira Europako hirien adibideetako batzuk, hainbat edizio arrakastaz burutu izan dituztenak.

Mugimendu honek izan duen hazkundeak nazioarteko erakunde bat eratzea eragin du, eta milaka zale bertaratu ohi dira festibal horietako bakoitzera. Ekitaldietako bakoitza desberdina baita, ez daude berdinak diren bi, hiri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen baitira, baina guztiek dute osagai bera: argiaren erabilera lehengai gisa adierazpide artistikorako eta espazio urbanoa edertzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • La diputada de Fomento del Empleo, Comercio y Turismo de la Diputación Foral de Álava, Cristina González, y el concejal de Medio Ambiente y Espacio Público del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Iñaki Prusilla