Berriak Herrizaingoa
Eu

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak "leihatila bakarra" ezarri du Eusko Jaurlaritzaren barnean, genero indarkeria sufritzen duten emakumeak artatzeko. (2011-03-01(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko martxoak 01

Dekretua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, genero-indarkeriaren biktimei laguntza emateko mekanismoak koordinatzeari buruzkoa.

Izapideak azkartu eta prestazio publikoetarako sarbidea errazteko asmoz

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Koordinazio Mekanismoei buruzko Dekretua onartu du gaur. Horren bidez, genero indarkeriaren biktimak artatzeko "leihatila bakarra" jarri nahi dute Eusko Jaurlaritzan eta EAEko Administrazio Orokorrak zuzenean ematen dituen zerbitzu eta prestazioak koordinatzeko barne mekanismoak ezarri. Azken finean, izapideak behar baino gehiago luzatuta eta zailduta emakumeek "bigarren biktimizazioa" ez jasatea da helburu nagusia.

Prestazioetarako sarbidea errazteko asmoz, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Dekretuak Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari eman dio Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza horien ardura, indarkeria jasaten duten emakumeak zein horietaz arduratzen diren profesionalak modu bateratuan artatzeko. Horrela, zerbitzuen arteko koordinazioa areagotuko da, eragozpenak eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak ezabatuz, Administrazioaren organismo ezberdinetatik igaro beharrak eragin dezakeen "bigarren biktimizazioa" izenaz ezagutzen dena ekiditeko.

Laguntza eta aholkularitza osoa emanez, gaur egun dauden zerbitzu, prestazio, laguntza eta onuren berri ematea eta aholkatzea dira Dekretuaren helburuetako batzuk.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, emakumeei ez ezik, genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin zuzenean edo zeharka lan egiten duten profesional, elkarte eta instituzioei ere emango dizkie laguntza eta aholkuak, eskatzen badiete.

Dekretua indarrean sartzen denetik aurrera, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan eskaera bat aurkezten denean, honek abiatuko ditu izapideak eta honek erabakiko du laguntza edo prestazioak ematea, antolamendu juridikoaren arabera hala behar badu. Erabakia euskal administrazioaren beste organo batek hartu behar badu, berriz, hari bidaliko dio eskaria, balizko onuradunaren egoeraren analisi batekin batera. Eskaera bideratu eta ebatzi behar duen organoan aurkeztuz gero, tramitazioa honek hasiko du, ondoren horren berri Zuzendaritzari emateko, egoera aztertze aldera.

Kudeaketa informatizatua

Egoera berria praktikan kudeatzeko, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak aplikazio informatiko bat izango du biktimaren espedientea modu integratuan lantzeko, emandako laguntzen eta abiatutako jardueren informazio eta dokumentazio guztia jasota. Aplikazio hau Eusko Jaurlaritzaren eskuduntzen esparruan biktimentzat dauden prestazio, laguntza eta zerbitzuak kudeatzen dituzten sistema informatikoekin konektatuta egongo da.

Sailarteko Batzordea

Sailarteko Batzorde bat sortzea ere aurreikusten du Dekretuak, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzara atxikitakoa, genero indarkeriaren biktimen alorrean programen jarraipena egiteko eta jarduteko politikak proposatzeko EAEko Administrazio Orokorraren esparruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan