Eu

Guggenheim Bilbao Museoak Artitz aurkeztu du, arte moderno eta garaikideari buruzko edukiak euskaraz hedatzen dituen plataforma aurrendaria

2018.eko abenduak 02

Guggenheim Bilbao Museoak Artitz dokumentazio-plataforma aurrendaria aurkeztu du. Gune horrek Museoaren erakusketen inguruan euskaraz sortutako edukiak bildu, eta klik bakarrean eskuragarri ipini ditu. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak parte hartu du aurkezpenean.

Erreminta bizia da Artitz, gaur egungo eta iraganeko erakusketei dagokien materialekin elikatzen ari dena, eta etorkizuneko erakusketen edukiak ere integratuko dituena. Adierazgarri moduan, une honetan 44 erakusketari dagozkien 1.305 dokumentu jasotzen ditu plataformak.

Museoak ondu duen arte- eta hizkuntza-ondarea biltzen du Artitzek, Eusko Ikaskuntza erakundeak egindako dokumentazio-lan xeheari esker; izan ere, euskara, dokumentazio eta teknologia arloan duen esperientzia eta ezagutza izan da erakunde horrek proiektu honi egindako ekarpena. Tresna argi eta erabilerraz honen bitartez, Guggenheim Bilbao Museoak publikoaren esku uzten ditu eduki horiek, eta euskararen garapen linguistikoarekiko duen konpromiso historikoan aurrera egiten du.

Plataforma hau gaurtik dago eskuragarri Museoaren webgunean —urtero 2,5 milioi bisita jasotzen ditu—, eta diseinu garbi eta erakargarriaz gain, erraz eta modu bisualean nabigatzeko aukera eskaintzen du. Halaber, haren edukiak hainbat mailatan konfiguratuta daudenez, erabiltzaile espezialista nahiz amateurrak baliatzeko moduko tresna da Artitz: arte eta hezkuntza arloetako profesional eta ikasleentzako bereziki erabilgarria izango den kontsulta-lanabesa.

Punta-puntako teknologia eta software librea

Plataforma nahiz edukien trataera dokumentala erabilera eta efizientzia lehenetsiz lantzen da; hala, erabiltzaileak interesatzen zaiona aurki dezake, ahalegin minimoa eginez esperientziarik onena izateko. Informazioaren hierarkia eta haren diseinua optimizatu egin dira erabiltzaileak azkar sar daitezen webgunearen alderdirik garrantzitsuenetan, eta aukera izan dezaten horietan sakontzeko, behar edo nahi duten heinean. Hala, Artitzek bilatzaile intuitiboa du, hainbat filtroren bitartez bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen duena, eskuratutako emaitzen egokitasuna hobetzeko helburuarekin, punta-puntako eduki-plataformen antzera.

Programazio artistikoko iraganeko edukiak biltzeko zereginak material-bilketa, eta jatorrizko formatuen bihurketa eta eraldaketa dakar, eduki horiek plataforman txertatzeko baldintza egokietan egon daitezen. Era berean, materiala analizatu egiten da haren katalogazio dokumentalari begira, nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraiki.

Informazio-sistema software askeko tresnekin gauzatu da, eta nazioarteko gordailuekin estekatzea ahalbidetzen du. Hau da, Artitzen jasotako informazioaren eta erreferentziazko gordailuen arteko loturak ezartzeko ahalegina egin da; gordailu horiek, sarritan, Datu Ireki Estekatuen hodeian daude. Bestalde, Artitzeko erregistroak Europeana —Europako liburutegi digitala— datu-eredura (Europeana Data Model) bihurtzeko lanak aurrera darrai.

 

21 urtetako eduki berriak euskaraz

1997an ateak zabaldu zituenetik Guggenheim Bilbao Museoak euskara bereziki zaindu du ekoitzi dituen material, euskarri, jarduera, komunikazio eta argitalpenetan, eta beste hizkuntzen aurretik kokatu dugu. Zentzu horretan, Museoa aitzindaria izan da erakusketei lotutako material anitzak euskaraz sortzeko orduan.

Horrela, erakusketa guztien atzean dauden kontzeptuak eta arrazoibideak euskaraz partekatu ditu bisitariekin Museoak urteen zehar horiek ezagutarazteko sortu dituen testu eta hezkuntza‑materialetan, Museoan bertan nahiz webgunearen bidez.

  1. urtean, XX. Urteurrenarekin bat eginez, erabaki zen euskarazko eduki guzti horiek biltzeko gordailu bat eratzea eta garatzea, webgunearen bitartez sarbidea izango duena. Plataforma honen xedea da urte hauetan sortutako eduki esanguratsuenak biltzea: erakusketei buruzko katalogo osoak edo saiakera hautatuak; erakusketa bakoitzeko artelan jakin batzuei buruzko azalpen konkretuak emateko idazten diren entzuteko giden gidoiak; erakustaretoetan jartzen diren testuak artelanen hautaketari buruzko azalpen interesgarriak emateko; erakusketekin batera eta horiek laguntzeko lantzen diren eduki didaktikoak, erakusgai dauden artelanei buruzko ikuspuntu osagarriak eskaintzeko; edo erakusketa bakoitzerako egiten den Micrositean landutako iruzkinak.

Horrela, Artitz hazten joango da, bai edukien zabalerari bai gaien aniztasunari dagokionez, arte moderno eta garaikideari lotutako artista, mugimendu eta diziplinei buruzko edukiak gehitzen zaizkion heinean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak