Eu

Lide Amilibia: “Euskal herritar askoren partaidetza altruistak, antolatuak eta solidarioak betetzen duen funtsezko gizarte-eginkizuna nabarmendu behar dugu”

2018.eko abenduak 03
  • Boluntariotzaren Euskal Agentziek ekitaldiak antolatu dituzte hiru lurraldeetan, beren Nazioarteko Eguna ospatzeko, asteazken honetan
  • NBEk abenduaren 5a ospatzeko lema hau aukeratu du: “Boluntarioek erkidego erresilienteak eraikitzen dituzte”

VG 03 12 18

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatzeko, “euskal herritar askoren partaidetza altruistak, antolatuak eta solidarioak betetzen duen funtsezko gizarte-eginkizuna” nabarmendu du. Asteazken honetan Nazioarteko Eguna izango da eta, Euskadin, Euskadiko hirugarren gizarte-sektoreko boluntarioak izango dira protagonista, boluntariotzaren hiru euskal erakundeek (Bolunta Bizkaian, Gizalde Gipuzkoan eta BatEkin Araban) elkarte-egitura eratzen duten erakunde ugarirekin batera antolatu dituzten ekitaldien bidez.

Amilibiak berriro ere nabarmendu du “Euskadik gizarte konprometitua eta inplikatua” duela, eta horren adierazle dela “zortzi pertsonatik bat boluntarioa” dela. Horrela, sailburuordeak gogora ekarri du 2018ko ekainean aurkeztutako boluntariotzari buruzko azken txostena; euskal herritarren % 13,4k dihardu boluntariotzan hirugarren sektoreko erakunderen batean, ia 242.000 pertsonak. Datu horrek erakusten du gorakada egon dela 2012ko datuen aldean; orduan, Euskadin % 8,6 zen mota horretako boluntario. “Datuek gure herri eta auzoetan dagoeneko antzematen dena berresten dute: euskal herritarrek gizarte inplikatua eratzen dute, konpromisoa hartzen duen eta ondasun erkidean erantzukizunak bere gain hartzen dituen gizartea eta, bertan, boluntariotza gora egiten ari da”, esan du.

Boluntariotzaren Euskal Agentziak Boluntarioen Nazioarteko Egunaren ospakizuna ari dira prestatzen, hainbat jardueraren bidez.

Bolunta - Bizkaiko boluntariotza eta parte-hartzerako agentziak jai-ekitaldia eta boluntarioei esker ona adierazteko ekitaldia antolatu du, Azkuna Zentroan, Bilbon. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, asteazkenean, abenduaren 5ean, eta helburua da lurraldeko boluntarioen arteko topaleku bilakatzea. Ekitaldian doako kontzertua egongo da, Harresian Zulo bandaren eskutik.

Gipuzkoan, Sareginez - lurraldeko boluntariotzaren erakunde-sareak, “Erein boluntariotza” lemapean, kale-erakustaldia antolatu du, Donostia / San Sebastiángo Gipuzkoa plazan; bertan, erakundeek, jai-esparruan, boluntariotzak gizarte osoari dakarzkion onurak jarriko dituzte ikusgai.

Bestalde, BatEkin - Arabako boluntariotzarako eta gizarte-partaidetzarako agentziak boluntariotzaren azoka antolatu du Vitoria-Gasteizen. Agendan, jardueraz beteriko astea jaso da; jarduera horiek hiriko elkarteek antolatu dituzte, beren balioa eta beren boluntarioen balioa aitortzeko. Nabarmentzen den jardueretako bat ‘Gizarte Partaidetza eta Boluntariotza: erronka berriak errealitate berrietarako’ da; asteazkenean izango da, goizean, Villa Suso jauregian. Arratsaldean, euskal hiriburuko kaleetan elkarteen azoka antolatuko da eta, bertan, 40 stand baino gehiago egongo dira; tailerrak, jarduerak, zuzeneko musika eta ezusteak egongo dira.

Nazioarteko ospakizuna

Nazio Batuen Erakundeak aurten erabaki du Boluntarioen Nazioarteko Egunean komunitateak hondamendi naturalei, tentsio ekonomikoei eta talka politikoei aurre egiteko duen erresistentzia eta tokiko jabetzea indartuko duten ahalegin boluntarioak ospatzea. Hori dela eta, aurtengo abenduaren 5ean, boluntarioek erkidego erresilienteak nola eraiki ditzaketen hartuko da ardatz. NBEk nabarmentzen duenez, “boluntariotzari esker, herritarrek beren erresilientzia eraikitzen dute, beren oinarrizko ezagutza zabaltzen dute eta beren erkidegoetarako erantzukizunaren zentzua berenganatzen dute. Boluntariotzak, banako eta taldeko ekintzak sustatzean, gizarte-kohesioa eta konfiantza sendotzen ditu, eta horrek, pertsonen bidez, pertsonentzako ondorio iraunkorrak dakartza”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak