Berriak Lehendakaritza
qrcode

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Donostiako Kursaalean egin den ekitaldi instituzionalean

2018-12-03
  • Euskaraldiak erakutsitako bideari jarraipena emateko gonbita luzatu du Lehendakariak eta nabarmendu du ekimena “bizigarri” bat izan dela euskararentzat.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Donostiako Kursaalean egin den ekitaldi instituzionalean. ‘Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz’ ekimenaren azken eguna izanik, Lehendakariak ariketa sozial honen garrantzia nabarmendu nahi izan du bere hitzaldian: “Euskaraldiaren hamaikagarren egunean, diagnosian asmatu genuela esan daiteke: euskarak bizigarri bat behar zuen, eta hori bera izan da Euskaraldia”.

Lehendakariarekin batera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere hitz egin du gaurko ekitaldian. Haiekin batera egon dira, halaber, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzetako sailburua; Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburua; Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; Jon Darpon, Osasuneko sailburua; Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasun sailburua; eta María Jesús San José, Lan eta Justiziako sailburua. Era berean, beste erakundeetako ordezkaritza zabala ere izan da Donostiako Kursaalean, bai eta kulturaren eta euskalgintzaren ordezkariak ere.

Urkullu Lehendakariak Euskaraldiak lortu duen babesa nabarmendu du: “Herriz herri, eskuz esku, hitzez hitz, euskararen aldeko sare erraldoi bat josi dugu. Milaka eta milaka herritarrek bat egin dute ariketa sozial handi honekin. Ez da ohikoa, ez da erraza, ez da nolanahikoa, Euskaraldiak lortu duen babesa. Euskaraldiari esker euskara gehiago entzun dugu, gure artean gehiago hitz egin dugu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lehen hitza eman dugu”. Horrez gain, azpimarratu du ekimen erraldoi honek jarraipena izan behar duela. “Bihar Euskaraldiaren hamabigarren eguna helduko da, agian, garrantzitsuena. Bihar ere, bihartik aurrera ere,  egun hauetan izan dugun jarrerari eusteko gonbita luzatu nahi dugu”, adierazi du.

Kukai Dantza Taldearekin

Dani Alvarez eta Garazi Ayesta izan dira ekitaldia gidatzeko arduradunak eta, besteak beste, Kukai Dantza Taldearekin gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartu du, eta Euskaraldiaren inguruko zenbait ikus-entzunezko ikusi ahal izan dira ekitaldian zehar.

Bingen Zupiria sailburuak eta Elena Laka Topaguneko presidenteak elkarrekin hartu dute hitza. “Gaur, 2018ko Abenduak 3, bat egiten dute Euskararen Nazioarteko Egunak eta Euskaraldiaren amaierak. Atzera begiratuta, zail egiten zaigu ikustea non jarri zen hona ekarri gaituen Euskaraldiaren lehen mugarria. Euskal hiztunen aktibazioa zuen helburu, baina eraiki egin behar zen bidea, eta ekimenak elkarlana behar-beharrezkoa zuen. Eta mugarriak jartzen hasi ginen:  Irungo Santiago Zubian; Iruñean, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean hiruko Ituna sinatu zenean…”, esan du Zupiriak.

Horrekin batera, sailburuak azpimarratu du Euskaraldiak izan duen garrantzia herritarrak euskararen inguruan batzeko: “Hainbat urtez bizkarra emanda bizi izan garen hainbat herritar lanean aritu gara urte osoan zehar Euskaraldia aurrera atera zedin. Lankidetza hori posible egiteko: zubi bilakatu dugu euskara”. Zupiriak, halaber, ekimen honek izan duen erantzun positiboa azpimarratu du. "Gure hizkuntzaren alde lan egiteko prest zeuden herri eta herritarrek piztutako argiz bete da urtean zehar Euskararen lurraldeen mapa. Euskaraldiak udaberri bilakatu du udazkena gure hizkuntzarentzat”, esan du.

“Ikusgarria da 16 urtetik gorako 220.000 lagun beren hizkuntza ohiturak aldatzeko prest agertzea eta horretarako izena ematea. Alabaina, are zoragarriago egiten zaigu ikusi dugun prestutasuna, portaera aktiboa eta, zer esanik ez, pauso hori emateko prest agertu direnen bizipenak entzutea. Urte osoan zehar ikusi dugunak, batu ez ezik, indarberritu egin gaitu. Eta ez genuke apaltzen utzi beharko euskararen alde piztu den su hori”, amaitu du sailburuak.

Azkenik, Elena Lanak nabarmendu du Euskaraldiak erakutsitako bideak izan dezakeen garrantzia hizkuntza ohiturak aldatzeko eta jarraipena ematearen aldeko apustua egin du: “Bide berri baten hasiera izan da Euskaraldia. Bidegurutzera heldu ginen, norabide bat aukeratu dugu, bide luzea dugu egiteko. Egin dezagun bidea denok elkarrekin”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)