Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Arabako Osasun Mentalaren Sareko Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitate berria inauguratu du

2018.eko abenduak 03
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Unitateak 320.060 euroko inbertsioa ekarri du; horren bidez, eguneko ospitalea martxan jarri eta kontsulten espazioa hobetu eta handituko da; urtean 1.800 paziente jaso dira bertan eta, horrela, intimitate eta erosotasun handiagoa izango dute
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du zentro horren bidez sendotu egiten dela Osasun Sailak eta Osakidetzak haurren arreta lehenesteko eta gaixotasun mentala goizetik detektatzeko duten estrategia

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera, Arabako Osasun Mentalaren Sareko Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitate (HPU) berria inauguratu du. Olagibeleko anbulatorioaren bosgarren eta seigarren solairuan dago, eta, horren bidez, ia hiru aldiz handituko da zerbitzurako orain arte baliatutako espazioa; bertan, urtero, zenbait patologia dituzten 1.800 pazienteri ematen zaie arreta. Gainera, horren bidez, Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalea jarriko da martxan.

Lehendakariak esan du Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitate berria Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema publikoaren alde egiten duen apustuaren “adibide argia” dela. Datorren urtean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuaren heren bat osasun-arlora bideratu nahi du, osasun-gastu publikoa pertsonako 1.730 euro izango dela. Horrela, Euskadi Estatu osoan goiko postuetan egongo da gastu publikoetan.

HPU berri horretarako, 320.060 euro inbertitu dira, guztira. Instalazio berriek 880 metro koadroko azalera dute, eta bi solairutan daude banatuta; horietan, hurbil dagoen Osasun Ordezkaritzako eraikineko beheko solairuan ematen ziren zerbitzuak zabaldu eta hobetuko dira eta beste zerbitzu batzuk eskaini, esaterako, Eguneko Ospitalea. HPU berriak, beraz, kontsultak, harrera-arloa, taldeen aretoak eta botikina, besteak beste, izango dituen espazioa edukiko du, eta, horrela, pazienteek intimitate eta erosotasun handiagoa izango dute.

HPUk urtean 11.000 kontsulta baino gehiago egiten ditu; horietatik, 1.800 paziente inguru igaro dira. Paziente horien patologiak oso bestelakoak dira, besteak beste, egokitze-nahasmenduak, nahasmendu mental larriak, haur-psikosiak edo autismoaren espektroaren nahasmenduak. HPUko plantilla honako hauek eratzen dute: 5 psikiatra, 6 psikologo, osasun mentaleko 3 erizain espezialista, 1 gizarte-langile, 1 administrari, 1 erizaintza espezialistako laguntzaile eta 1 terapeuta okupazional denbora partzialean.

Lehendakariak gogorarazi duenez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren eta Arartekoaren beraren estrategiaren helburua da “lehentasuna ematea haurren arretari eta gaixotasun mentalaren detekzio goiztiarrari, “diagnostiko zehatza eta goiztiarra izateko”, hori gakoa baita sasoiz esku hartzeko eta erantzun eraginkorragoak eta egokiagoak emateko”.  

Esparru horretan, HPUko profesionalen taldeak zenbait antolamendu-aldaketa esanguratsu egin ditu eta, horietatik, arreta emateko adina 18 urtera arte luzatu izana nabarmendu behar behar da, bai eta Aiarako haur eta gazteen arreta hartu izana ere, lurralde osoan laguntza homogeneizatzeko. Gaur unitate berriak irekitzeak aukera emango du osasun mentalaren arreta hobetzen jarraitzeko, ikuspegi integraletik eta eredu komunitarioarekin bat etorriz.

Eguneko Ospitalea martxan jartzea

Unitate berriak dakarren nobedade nagusietako bat da  Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalea jarri dela martxan. Eguneko Ospitalearen bidez, tratamendu intentsiboa (egunean zenbait ordu eta astean zenbait egun) egin daiteke, pazientea ospitaleratzeak eragin dezakeen deserrotzeak ekar dezakeen arriskurik gabe; horrela, bere ingurunean, familiarekin, gizarte-ingurunearekin edo ikastetxearekin harremanetan jarraitzeko aukera ematen da.

Ospitalizazio Partzialeko Programetan (OPP) tratamenduaren erregimena oso egituratua da, eta, horretarako, testuinguru anbulatorioan eta denboran mugatua duen testuinguruan eskuratzeko zailak diren baliabideen aukera handia baliatzen dute (banakako terapia, taldekoa, familiakoa, hezkuntza-jarduera, aisiakoa etab.). Tratamendu multimodala da, eta esku hartzen duten profesionalen diziplinartekotasuna du oinarri.

HPUaz gainera, Arabako Osasun Mentaleko Sarean haur eta gazteen arreta honako zerbitzu-zorro honekin osatzen da:

  • AIP, Arreta Intentsiboko Programa nahasmendu mental larrian; Angulema kaleko eguneko ospitaleko lokaletan egiten da, eta, hemendik aurrera, Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalean sartuko da (Olagibel).
  • Terapia eta Hezkuntza Unitatea (THU); Federico Baraibar Institutuan dago, eta Osakidetzak eta Osasun Sailak osasunarekin zerikusia duten hezkuntza-premia bereziak dituzten ume eta nerabeei arreta emateko sinatutako hitzarmen baten zati da.
  • HPUren eskaintzaren programa terapeutiko osagarria, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten umeentzako tratamendu intentsiborako, HPUk koordinatuta, Arabako Ume Autisten Aita eta Amen Elkartearekin adostutako hitzarmenaren bitartez.
  • Osasun-koordinazioa AUOn (Santiagon egoitza) akutuen Haur eta Gazteen Psikiatria Zerbitzuarekin eta lehen mailako arretarako eta pediatriako ekipoekin, zaintzekin jarraitzen dela bermatzeko.
  • Koordinazio soziosanitarioa gainerako erakundeekin, pazientea erdigune duen eta kasuen kudeaketan oinarritzen den arreta emateko. Horretarako, Lurralde Kontseilu Soziosanitarioak zenbait lantalde sustatu ditu eta, besteak beste, haur eta gazteena; hura Gizarte Ongizateko Foru Erakundeko, Hezkuntzako, Udaleko eta Arabako ESIko eta HPUko profesionalek osatzen dute.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko abenduak 03

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak Arabako Osasun Mentalaren Sareko Haur eta Gazteen Psikiatriako Unitate berria inauguratu du https://t.co/2jTIEbeHU7

  • @jdarpon
    2018.eko abenduak 03

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari inaugura la nueva Unidad de Psiquiatría Infanto-juvenil de la Red de Salud Mental de Araba https://t.co/HGFRQSAKvk

Ekitaldiko kargudunak