Lide Amilibia: “Gure gizarteak komunitatearen aldeko apustu egiten du eta konpartitzeko prest gaude; BherriLab-ek hori proposatzen du”
- Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren proposamenaren bidez, administrazio publikoaren eta herritarren artean ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari heltzeko topalekua eta ikerketarako eremua sortzen da
- BherriaLaben lehen edizioan, 70 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak BherriLab jarri du martxan; herritarren laborategi horrek, lehen erronka gisa, Euskadin espazio publikoen kudeaketa komunitarioari helduko dio. “Gure herrialdean horretan ibilbidea luzea dugu egina eta, azken urteotan, dimentsio eta energia berriak lortu ditu”, esan du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak.
Lide Amilibiak, Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariarekin batera laborategi honen hiru jardunaldietako lehena inauguratu du gaur, 2017an abian jarri zuen ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ programaren barruan; programa arrakastatsua izan da.
Laborategi honen lehen edizioan administrazio publikoetako eta herri-ekimenetako 70 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta helburua da udal-politiketan integra daitezkeen proposamenak prestatzea, espazio publikoen partaidetzako kudeaketarako proiektu berriak errazago garatzeko.
“Kudeaketa komunitarioko espazioak egoteak esan nahi du gizarte-egitura bizia eta lurraldeari atxikia dagoela. Horrelako espazioetan, harreman pertsonalak ezinbestekoak dira, eta zaintzak mota horretako proiektuen ardatz egituratzaile bilakatzen dira”, esan du sailburuordeak.
Bherria programa
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan, ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ programa jarri zuen martxan. Ekimen hori testuinguru berezian sortu zen; testuinguru horretan, “Euskadin administrazio publikotik partaidetzari eta boluntariotzari lotutako balioak sendotuko dituzten bide eta proiektu berriak aztertu behar dira. Proiektu handia eta berritzailea da, eta, horren bidez, herritartasun aktiboekin lankidetzan gure gizartea hobetzen laguntzen ari diren estrategiei buruz hausnartu, mintzatu eta eztabaidatu nahi da”, esan du Lide Amilibiak.
Lehen esperientzia honetan jasotako gako nagusien ondorioz, Bherria Dekalogoa sortu zen, lankidetza publiko-sozialerako eta herritartasun aktiboa sustatzeko testua.
Bherria izena euskaraz Berria eta Herria terminoen arteko hitz-jokoa da. Web-plataforma du (www.bherria.eus) eta, bertatik, informazioa jaso eta prozesuaren beraren jardueraren eta sare sozialen –Facebook eta Twitter– segimendua egin dezakezu; horrela, elkarrizketak, egiaztapenak eta hausnarketak espazio digitalean jarraitu daitezke.