Eu

URAk 305 milioitik gora bideratu ditu azken 10 urtean Euskadin uholdeak prebenitzeko eta saneamendua zein ur-hornidura hobetzeko

2018.eko azaroak 29
  • Uraren Euskal Agentziak sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatu du Vitoria-Gasteizko Montehermoso Jauregian, ekitaldi publiko baten bidez.
  • Hamarkada batean, URAk Euskadiren kudeaketa integral eta aurreratua segurtatu du, hala uholdeen prebentzioan nola ur-masen kalitatearen kontrolean.

URA Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikiak, gaur ospatuko du bere sorreraren urteurrena Vitoria-Gasteizko Ur Depositu zaharrean egingo den ekitaldi publikoan (Montehermoso Kulturunean). Bertan izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia, foru eta udal administrazioetako ordezkariak, baita URArekin lankidetzan diharduten Konfederazio Hidrografiko, uraren hiriko kudeatzaile eta erakunde publikoetakoak ere.  Ekitaldian, Iñaki Arriola Ingurumeneko sailburuak eta Ernesto Martínez de Cabredo URAko zuzendariak elkar hartzeko, estrategiak bateratzeko eta baliabideak partekatzeko deia egingo diete bertaratuei, Euskal Autonomia Erkidegoko arro guztien ura modu integratuan kudeatzeko, eraginkortasunez, efizientziaz eta fidagarritasunez.

URA erakunde publikoa duela 10 urte sortu zuten EAEko administrazioek Autonomia Erkidegoko ur-politikak bateratzeko. Haren misioa da ezin besteko baliabide hori jasangarritasunez kudeatzea, eta lurraldeko uholde-lurretan prebentzioz lan egitea, hala pertsonentzat nola ur-ingurunearentzat (ibaiak, hezeguneak, kostaldeak, estuarioak, akuiferoak) berme handienekin jokatuz.

  1. urtetik gaurdaino, URAk 305 milioi euroko inbertsioetan zehaztu du bere jarduera: uholdeen prebentzio gaietarako eta saneamendurako zein hornidurarako udalentzako laguntza, gure antolamendura iraulitako araudien aplikazioa, eta Euskadin, inplikatutako administrazioen eta eragileen artean ura kudeatzeari buruzko ikuspegi komuna sustatzea.

Ur-zikloaren kudeaketa hoberentzeari dagokionez, hamarkada honetan, 120 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira hornidura- eta saneamendu-azpiegituretan. Arlo horretan, URAk tokiko administrazioen eta erakunde kudeatzaileen laguntzan aritu da, eta haiekin jarraitzen du lanean, erabilitakoan, atzemandako ura natur ingurunera albait baldintza onenetan itzul dadin.  

150 milioi uholdeen kontrako lanetan

Uholdeen kudeaketa gaietan, Euskadik arrisku berezia baitu, 150 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da arrisku gehien duten ibai-ibilguetan (Urumea, Oria, Ibaizabal, Zadorra…), defentsa-lanak egin eta haiek hobetzeko. Hala ere, arlo horretan, URAk eta Kantauriko zein Ebroko Konfederazio Hidrografikoek sustatutako aldaketa estruktural garrantzitsuena prebentzio-lana da, uholde-lurretan etxebizitzak eta industriak berriz eraiki ez daitezen, lurralde-antolamenduaren, lanak baimentzeko erregimenaren eta udal planeamendurako txostenen bitartez. Hori ezin besteko lana da, bigarren maila batean geratzen bada ere, konta ezin ahala kalte eragotzi baitizkie pertsona eta ondasunei, eta etorkizunean ere hala egingo du.   

Halaber, indarrean izan den hamarkada honetan, URAren jarduerek ibai eta kostaldeko lurraldea hobeto ezagutzeko balio izan dute, beste administrazio batzuekin partekatutako ur-kalitatea eta -emaria kontrolatzeko sareen bidez.  Sare horiek balio dute ur-ingurunea modu fidagarriagoan ulertzeko eta, beraz, plangintza hidrologikoa eraginkorrago egiteko. Balio dute ere iragarpen hidrometeorologikoari begira datu gehiago eskuratzeko eta uholdeen alerta goiztiarreko sistemak sortzeko, klima-aldaketaren eta haren ondorioen bilakaera ebaluatu eta jarraitzeko eta, eraginpeko ur-masen ahalmen ekologikoa hobe ezagutu ondoren, haiek atzeman edo isurtzeko baimenak eta esleipenak emateko. Azken 10 urtean, horien gaineko inbertsioa 35 milioi euro izan da.

Inbertsio handiak egiteaz gain, Euskadiko uraren kudeaketak aurrerakada oso handia jo du kontzeptualki zein estrategikoki, URAk eta Kantauriko zein Ebroko Konfederazioek Espainiako lege-antolamendura iraulitako Europako zuzentarauak aplikatu diren neurrian. Alde horretatik, bi mugarri nabarmendu behar dira kudeaketa modernizatzeko: plangintza hidrologikoa (2000/60/EE Uraren Esparru Zuzentaraua ezartzeko ezin besteko bitartekoa, arlo horretako EBko Estatu Kideen estrategia komuna definitzen duena), eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP, 2007/60/EE Zuzentaraua), hala Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetan nola Autonomia Erkidegoak dituen hiru Demarkazio Hidrografikoen erkidego arteko arroetan, Kantauriko zein Ebroko Konfederazio Hidrografikoekin lankidetza aktiboan ezarritakoak.

6.000 ikuskapen inguru urtero

Bestalde, 10 urte honetan, URAk Jabari Publikoko Kudeaketa integratu, koherente eta sendotuko zerbitzua indartu du, zuzeneko harremanean herritarrekin zein administrazioekin.  Haren bitartez, ura erabili eta kontrolatzeko esleipenak eta baimenak ematen dira, ezarritako baldintzak betetzen direla administratu eta zaintzen da, eta uren polizia-lanak egiten dira.

Polizia-lan horiei lotuta, isurketen 4.163 ikuskapen egin dira 2017an, eta laborategian 1.900 lagin aztertu. Ondorioz, espedienteak hasteko 42 proposamen sortu dira, eta 21 alditan zigorrak ezarri. Jabari publikoko edo itsas-lehorreko zorpeko lanei dagokienez, 1.805 ikuskapen egin ditugu eta, horien bitartez, 140 espediente-proposamen sustatu dira, horietatik 61 zigorrekin amaituak. Bukatzeko, esleipenei dagokienez, 137 ur-bilketaren jarraipena egin da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak