
0
Begira sareak kirol notiziak eta iragarkiak genero ikuspegiarekin egiten laguntzeko materialak landu ditu
Gaur goizean Bilbon Emakundek bultzatzen duen Begira sarearen zazpigarren jardunaldia ospatu da. Begira sarea publizitate agentzia eta komunikabideek osatzen dute eta komunikabide eta publizitate ez sexista baterako autorregulaziorako kodea ezartzeko sortu da. Gaurko jardunaldiaren gai nagusia izan da emakume kirolarien presentzia komunikabide eta publizitatean, eta bertan aurkeztu dira sarearen barne sortu diren zenbait material kirolari buruzko albisteak eta iragarkiak genero ikuspegitik egiten laguntzeko. Bertan emakumeen ikusgaitasuna, hizkuntza ez sexista, emakumeen gorputzak, dibertsitatea eta diskriminazio bikoitzak eta emakumeen kontrako indarkeria bezalako gaiak jorratzen dira.
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, eta Jon Redondo, Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak ireki dute jardunaldia. Landaidak azken urteetan zenbait aurrerapauso eman direla onartu badu ere, esan du hedabideen eta publizitatearen munduak oraindik ez diela emakumeei merezi duten arreta eskaintzen: "Askotan ikusezinak dora, eta horrez gain, genero-mailako estereotipoak indartzen dituzten hainbat adibide ikusten ditugu egunero, eta honek argi erakusten du emakume eta gizonen arteko arraila oso handia dela oraindik kirolaren munduan eta ondorioz, baita ere haren tratamenduan". Emakundeko zuzendariak neska gazteak gogoratu ditu: "Neskek ez badute erreferenterik, komunikabideetan, ez badute emakumeen kirolari buruzko informaziorik aurkitzen, eta aurkitzen duten informazio hori estereotipatua baldin badago, nekez pentsatuko dute kirola eurentzako aukera bat izan daitekeela". Jon Redondok, bestetik, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak baduela Legealdiko bere konpromisoen artean “kirolaren esparruan benetako berdintasuna sustatzea” eta era askotako ekimenak bultzatzen ari direla hori lortzeko. Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela agerikotasuna eskaintzea erreferentziazko emakume kirolariei eta bide horretan Basque Teamek egiten duen lana goraipatu du.
Hizlarien artean Pilar del Río TVEko esataria izan da, komunikabideetan emakumeek duten presentzia urria azpimarratuz. Begira sareako kideek, bestalde, azken urteetan egindako lanaren aurkezpena egin dute, eta Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzatik azken urtetan emakumeak eta kirolaren inguruan egindako ekimenen berri eman dute. Honekin batera, mahai ingurua egin da komunikabide, publizitate agentzia eta kirol taldeekin.