Eu

Artolazabal: “Euskal gazteek orainaren balorazio ona egiten dute eta etorkizun oparoa aurreikusten dute”

2018.eko azaroak 28
  • Mahai-ingurua Confebasken, Cristina Uriarterekin eta Eduardo Aretxagarekin
  • “Gure gazteek merkatuetan eta ekoizpenean dauden joera eta berrikuntza teknologikoetan prestakuntza zuhurra eta goi-mailakoa izateko beharra da gure mezua”

 

Bilbo, 2018 11 28

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau esan du: “Euskadiko gazteek ahalmen oso handia dute, eta hura egokiro garatu behar dute; beraz, prestakuntza onarekin eta gizarte honen laguntzarekin, hemen etorkizun ona dute,”. Confebaskek Bilboko Euskalduna Jauregian Gazteen Lanbide Heziketako aitorpenen 25. urteurrena dela eta antolatutako mahai-inguruan, Artolazabalek honako hau komentatu du: “gure gazteek merkatuetan eta ekoizpenean dauden joera eta berrikuntza teknologikoetan prestakuntza zuhurra eta goi-mailakoa izateko beharra da gure mezua; mezu ozena eta iraunkorra”. Gazteriaren Euskal Behatokiaren Aurrera Begira 2017 azterlanak dakarrenaren arabera, gazteek egokiro balioesten dute oraina, eta etorkizun oparoa aurreikusten dute”.

Cristina Uriarte sailburuarekin eta Eduardo Aretxagarekin batera, Artolazabal sailburuak honako hau esan du: “krisiak zuzenean izan zuen gazteetan eragina, eta krisiaren ondoko egoera orain arte ezagututakoaren bestelakoa izango da. Gaur egun, suspertze ekonomikoan gaude; izan ere, BPGd-ak 2018an joera positiboari eutsi dio eta denbora osoko lanpostuek % 2,0 egin dute gora, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean”.

Aurrera Begira 2017 txostena 2017ko abenduan egin zen, eta, horren arabera, euskal gazteek 69 puntu ematen dizkiote, 100 puntutik, bizitzen ari diren egoerari. Beren gogobetetasun pertsonala aintzat hartzen badugu, batez besteko erantzuna 100 puntutik 80koa da. “Urtebete baino denbora laburragoan enplegua gal dezaketela uste ote duten galdetzean, % 25ek esan du galtzeko arriskua duela eta % 8k enplegua ezegonkortzeko”, esan du Artolazabalek.

Sailburuaren hitzen arabera: “datu horiek nabarmen egin dute behera 2013tik; orduan, gazteen % 39k zioen enplegua gal zezaketela eta 18k ezegonkortu zitekeela. Enpleguaren inguruko asmoak aztertzen baditugu (urtebeteko epean enplegua aurkitzeko konfiantza duten gazte langabeen ehunekoa), gaur egun % 78 da eta, 2013an, % 54. Etorkizunari eta, 5 urteko epean, egoera pertsonalaren bilakaeraren gaineko asmoei buruz galdetzean, batez besteko puntuazioa 75 da 100en gainean. Datu horiek kontuan hartuta, esan dezakegu euskal gazteek orainaren balorazio ona egiten dutela eta etorkizun oparoa aurreikusten dutela”.

Aurreikuspena

Beatriz Artolazabalen iritziz, “gure gazteek merkatuetan eta ekoizpenean dauden joera eta berrikuntza teknologikoetan prestakuntza zuhurra eta goi-mailakoa izateko beharra da gure mezua; mezu ozena eta iraunkorra. Prestakuntzak lehen mailako garrantzi estrategikoa du; izan ere, ezinbesteko tresna da pertsonen enplegagarritasuna areagotzeko”.

“Euskadi solidario eta gizarte-mailan gero eta kohesionatuago honetan, ahultasun-egoeran dauden edo prestakuntzarik ez duten edo prestakuntza gutxi duten pertsona askorentzat, enplegurako prestakuntza, mailarik oinarrizkoenetan, enplegagarritasunerako eta beren garapen pertsonal eta profesionalerako lotura da”, esan du Artolazabalek, aintzat hartuta “kalitateko prestakuntza, egituratua eta denbora berrietara egokitua eskaintzen duela, gure ikasleek lan-merkatuan prestigioa eduki dezaten eta enpresen eta gizartearen beharretara egokituen dauden ezagutzak izan ditzaten”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Roberto Larrañaga, Eduardo Aretxaga