Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

350.000 euroko laguntzak, abeltzaintzako arraza garbiak hobetzeko (Gobernu Bilera 2018-11-27)

2018-11-27

Arraza garbien genealogia liburuak kudeatzen dituzten abeltzaintza elkarteei zuzendutakoak dira. Elkarte horiek hobekuntza programak gauzatzen dituzte, arraza hedatu eta sustatu, eta horien balorazio genetikoaren ebaluazio bat zein errendimenduen kontrola egiten dute

Emakume Abeltzainen Estatutua betetzeko, aurreneko aldiz, erakunde eskatzaileen zuzendaritza organoetan emakumeak ba ote dauden aztertuko da

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu andrearen Agindua onartu du. Agindu horrek 2019ko laguntzen deialdia egiten du, 350.000 euroko gehieneko aurrekontuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan arraza garbien abeltzaintza erakundeak finantzatzeko. Emakume Abeltzainen Estatutua betetzeko, esleipen irizpideen artean, erakunde eskatzaileen zuzendaritza organoetan emakumeak ba ote dauden aztertuko da, lehenbizikoz.

Laguntza horiek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak kudeatzen ditu, eta nekazaritzako elikagaien balio katea bultzatzeko politika irmoaren baitakoak dira: besteak beste, kalitatezko abeltzaintza, landa inguruneko biodibertsitatea, eta elikadura osasuntsu eta iraunkorra. Horiek guztiak Abeltzaintza eta Elikadurari buruzko Plan Estrategikoak (PEGA) jasotzen dituen oinarrizko zutabeak dira, Plan horrek finkatzen baititu honako legegintzaldi honetan arlo jakin horietan jarduteko ildo orokorrak.

Laguntzak, zehazki, arraza garbien genealogia liburuak kudeatzen dituzten abeltzaintza elkarteei zuzendutakoak dira. Elkarte horiek hobekuntza programak gauzatzen dituzte (kontserbazioa edo hautapena), arraza hedatu eta sustatu, eta horien balorazio genetikoaren ebaluazio bat zein errendimenduen kontrola egiten dute.

Era berean, lortutako emaitzak zabaldu egin behar izaten dituzte elkarteek, eta animaliak eta horien produktuak merkaturatzen lagundu, ekoizpenaren eraginkortasun handiagoa eta abeltzaintza ustiapenen errentagarritasun handiagoa lortu ahal izateko, programa berritzaileak eta teknologia berriak pixkana-pixkana aplikatuz. Euskal Autonomia Erkidegoko landa inguruneen eta mendiko nekazaritzaren garapenean eta sustapenean ere laguntzen dute. 

Hauek dira diruz laguntzeko moduko gastuak: 

  • Abeltzaintza lehiaketak antolatzea eta horietan parte hartzea
  • Genealogia liburuak sortzea eta mantentzea
  • Ganaduaren kalitate genetikoa edo errendimendua ezagutzeko probak 

Eskaerak aurkeztea eta baloratzea

2019rako deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira. Eskaera egiteko izapideetarako zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentu guztiak eskuragarri daude honako helbide hauetan: http:// www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (gaztelaniaz) / http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (euskaraz).

Laguntzen balorazioaren eta kuantifikazioaren irizpide objektiboei dagokienez, diru laguntza bakoitzaren zenbateko jakina mugen barnean finkatuko da, dekretuan jasotako kuantifikazio irizpideak aplikatuz. Elkarteen zuzendaritza organoetan emakumeak egoteagatik 15 puntu emango dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko