
Gobernuak Euskadiko Administrazio Publiko guztien zehapen-ahalaren arauketa berria onetsi du (Gobernu Bilera 2018-11-27)
Gaur Legebiltzarrera bidali den lege-proiektua bermatzaileagoa da, prozesuak sinplifikatzen ditu eta justizia leheneratzailearen printzipio eta balioetan oinarritzen da, zigor- eta zehapen-araubide hutsaren aurrean
Gobernu Kontseiluak onartu egin du “Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Lege Proiektua”. Gaur onetsitako testuak aurreko legea indargabetzen du, 1998koa, eta, horrela, 20 urte hauetan izan diren gizarte- eta erakunde-aldaketetara egokitzen da.
Euskadi Estatuan hiru erakunde-mailen zehapen-ahala arautua duen autonomietako bat da, gutxi direla aintzat hartuta, eta lege-mailan arautua duen bakarra da. Testu berriaren helburua da herritarrei berme gehiago ematea hiru erakunde-mailetan –autonomia-, foru- eta udal-mailakoa– zehapen-ahala gauzatzen duten erakunde publiko guztien zehapen-prozesuan. Gainera, araua justizia leheneratzailearen printzipio eta balioetan oinarritzen da, zigor- eta zehapen-araubide hutsaren aurrean.
Gaurtik aurrera, Gobernuak lege-proiektua Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio; bertan, Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua agertuko da, berak eskatuta, orain Legebiltzarreko taldeen artean eztabaidatzeko jarriko den arauaren xehetasunak azaltzeko.
APLIKAZIO-EREMUA
Etorkizuneko “Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Legea”k 45 artikulu ditu, xedapen iragankor bat, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. Administrazioko arau-hauste guztien prozedura arautzen du, berariaz baztertutakoak salbu: trafikoko eta bide-segurtasuneko zehapenak, zerga-zehapenak, aduanetakoak, funtzionarioen diziplina-prozesuak edo administrazioarekiko kontratuak ez betetzea, besteak beste (1. art.).
Aurrerantzean, zehapen-prozedura bakarra eta sinplifikatua eratzen da administrazio guztientzat, eta horrek erraztu egiten du operadore juridikoen lana. Horrela, ez da lege sektorial bakoitzera jo behar izango, zehapenen aurrean jarduteko prozedura aztertzeko. Horrela, lege berriak zehapenaren alderdi guztiak arautzen ditu:
- Arduradunak zehaztea
- Erantzukizunetik salbuesteko kausak
- Erantzukizunaren gertakari aldarazleak
- Zehapenak eta konfiskazioa zehaztea
- Berraztertzea eta kalte-ordaina
- Zehapena zatikatzea, etetea, murriztea, ordezkatzea, luzatzea edo preskribatzea
- Kautela-neurriak
- Erantzukizunak azkentzea
- Zehapena kommutatzea etab.
NOBEDADEAK
Etorkizuneko “Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Legea” zigor-zuzenbidean oinarritzen da zehapen-prozesua administrazio-zuzenbidera aldatzeko. Nobedadeen artean nabarmentzekoa da zazpigarren artikulua; horrek adingabeak eta desgaitasuna duten pertsonak babesten ditu, zehapen-prozesuetan. Arauak zehapenaren izaera hezitzailearen edo erreformatzailearen alde egiten du, zigor- eta zehapen-araubide hutsaren aurrean. Horrela, adingabeak edo desgaitasuna duenak administrazioko arau-haustea egiten duenean, administrazio publikoek horiek babesteko eta, esaterako, zehapenen alternatibak proposatzeko –besteak beste, kontziliazio-edo ordain-egintzak arau-hausleen eta biktimen artean– interes nagusia izan beharko dute gogoan. Helburua bizikidetza jatorrizko egoerara itzultzea da, zehapenaren ordez gertatutakoa konponduko duen egintza kontzientea ezartzea.
EUSKARA
Testuaren beste nobedade nagusietako bat da euskarazko testuaren terminologia juridikoa eguneratu dela. Xedapen gehigarria eta azken xedapenetako lehena gehitu dira, euskara argiagoa, ulergarriagoa eta erabilerara hobeto egokitzen dena erabiltzeko, nahi dutenek zehapen-prozedura osoa euskaraz egiteko eskubidea baliatu ahal izateko.