Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren balorazioa Europar Batasuneko Kontseilu bereziak Erresuma Batua EBtik ateratzeko hitzarmena eta etorkizuneko harremanen gaineko adierazpen politikoa onartzeari buruz

2018.eko azaroak 26

2018ko azaroaren 25ean, akordioa sinatu zuten Europar Batasuneko Estatu eta Gobernu Buruek eta, haren bidez, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko hitzarmeneko testua eta etorkizuneko harremanen gaineko adierazpen politikoa onartu zuten; bada, horren inguruan, Eusko Jaurlaritzak ondorengo balorazioa egiten du.

Jabetzen gara Erresuma Batuko eta Europako parlamentuak artean berretsi egin behar dutela hitzarmena, baina ontzat daukagu akordio batera heldu izana, modu txukunean ateratzeko bidea zelaitzen baitu, hitzarmen ezak eragin lezakeen ziurgabetasuna gutxitzen du, eta Erresuma Batuaren eta EBren arteko etorkizuneko harremanaren nondik norakoak marrazten.

Europar Batasuneko estatu kide bat joatea ez da ospatu behar den ezer, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziko, erantzuna eman zaio 2016ko ekainaren 23an izandako erreferendumean britainiar herriak egindako hautuari.

Halaber, etorkizunean Erresuma Batuarekin harremanak edukitzeko oinarri anbiziotsuak, orekatsuak eraikitzearen aldekoak gara, auzotasun onean eta elkarren irabazian oinarrituak.  Euskaditik hala izan dadin lan egingo dugu.

Edonola ere, berrespen-prozesua amaitzen ez den bitartetan, hipotesi bat ere ezin da baztertu. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du beste erakunde publikoekin lankidetzan duela urte eta erdi martxan jarritako Brexit Batzordearen barnean, euskal interesak defendatzen, eta gerta litekeen akordio-ezeko eszenategi baten eragina albait gehien txikitzen.

Martxoaren 29a da Erresuma Batua Europar Batasunetik eraginkorki irteteko aurreikusitako data. Une horretan, trantsizio-aldi bat hasiko da, baita etorkizuneko harremanerako legezko akordioei buruzko negoziazio formalak ere.

Trantsizio-aldia, berriz, 2020eko abenduaren 31n bukatuko da, nahiz eta luzatu ere egin daitekeen, behin bakarrik.

Hitzarmenak europar herritarren eta britainiarren eskubideak bermatuko ditu, gaurdaino izan dituzten baldintza berdinetan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten. Aldi berean, hitzarmenak irizpideak finkatu ditu Erresuma Batuak, hartutako konpromisoengatik, zein kopuru ordaindu behar duen zehazteko, eta bermatzen du, larrialdi-mekanismo bat ezartzen duen Protokolo baten bidez, jarraitu egingo dutela Irlandan Iparralde-Hegoalde eta Ekialde-Mendebalde lankidetzak eta Ostiral Santuko Hitzarmenaren aldeko babesak.

Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa adierazi nahi du Europaren integrazioarekin, eta konpromisoa hartzen du jite federal, demokratikoa duen eta EBko herritarren gogoarekin bat  datorren Europar Batasunaren alde lanean jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau