
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldian, Gasteizko Artium Museoan
- Eider Rodriguez –bitan saritua–, Karmelo C. Iribarren, Kepa Altonaga, Santos Zunzunegui, Yolanda Mosquera eta Irene Aldasoro izan dira edizio honetan saridun
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldian eta sari horiek duten garrantzia azpimarratu du euskal idazleen lana aitorteko eta haien obrari agerikotasun handiagoa emate aldera. Gasteizko Artium Museoan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira aurtengo irabazle guztiak, baita ordezkari instituzionalak eta kulturaren munduko pertsonak ere.
Hauek izan dira edizio honetan saritutako zazpi obrak:
- Literatura euskaraz: EiderRodriguez, Bihotz handiegia.
- Literatura gaztelaniaz: Karmelo C. Iribarren. Mientras me alejo.
- Saiakera euskaraz: Kepa Altonaga, Patagoniara Hazparnen barrena.
- Saiakera gaztelaniaz: Santos Zunzunegui, Bajo el Signo de la Melancolía.
- Haur eta Gazte Literatura euskaraz: Eider Rodriguez, Santa Familia.
- Literaturako Obra baten Ilustrazioa: Yolanda Mosquera, La pequeña Roque (Guy de Maupassant).
- Literatura Itzulpena euskaraz: Irene Aldasoro, Gailur Ekaiztsuak (Emily Brontë).
Iñigo Urkullu Lehendakariaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere jardun du ekitaldian. “Konbentzituta gaude literaturaren arloko sorkuntza garrantzizko faktorea dela euskal gizarte aurreratu baten kultur garapenerakora. Eta gure ustez, kulturak, bere sorkuntzak eta kontsumoak, gizartearen ongizatean laguntzen dute, baita gizarte hori osatzen duten pertsonak zoriontsu izaten ere”, adierazi du ekitaldiaren hasieran.
Ekitaldian zehar saritutako egileek ere jardun dute Pello Ramirez biolontxelistaren eta Germán Ormazabal pianistaren interpretazioek lagunduta. Lehendakariak itxi du ekitaldia azpimarratuz Literaturako Euskadi Sariak “irakurketarako gonbidapen bat” direla. “Pausoa eman eta obra horietara hurbiltzeko gonbidapena; beste bizitza, ideia, sentsazio eta pentsamendu batzuk bizitzeko aukeraz gozatzeko gonbidapena. Sari honekin, Eider Rodriguezen maila literarioaz eta bere estilo narratibo bereziaz gozatzeko aukera eskaintzen zaigu, bitan gainera; baita Karmelo Iribarrenen proposamen poetiko errealista, zuzen eta ironikoaz ere; Yolanda Mosquera ilustratzailearen dotorezia finaz, espazioan eta forman… Sari hauen bidez, Santos Zunzuneguik kulturarekiko eta zinearekiko duen zaletasunera eta ezagutzara hurbilduko gara; bidaian joango gara Hazparne eta Patagonia artean Kepa Altonagaren eskutik; gozatu egingo dugu literatura unibertsal onenarekin euskaraz, Irene Aldasororen itzulpen doi eta bikainari esker”, adierazi du.
Sari hauei eta euskal kulturari agerikotasun handiagoa eman nahi dioten beste ekimen batzuei esker “gure kulturaz, gure literaturaz eta gure egileez gehiago hitz egiten da” azpimarratu du Lehendakariak. “Gehiago irakurtzeko ere balio izatea gustatuko litzaiguke”, adierazi du.
Informazio gehiago aurtengo saridunen inguruan esteka hauetan: dossier 1 eta dossier 2.