Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadi, 2030erako, soldata-arrail txikiena duten Europako herrialdeen artean egoteko apustua egiten du

2018.eko azaroak 27
  • Gobernu Kontseiluak 2018-2022 aldirako Euskal Estatistika Planaren VIII. Lege Proiektua onetsi
  • Zupiria sailburuak Euskaraldiak “administraziorako eragingarria izan behar duela, herritarren hizkuntza-eskubideen bermean urrats berriak emateko” azpimarratu du
  • Erkoreka Gobernu Kontseiluak “Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Lege Proiektua” onartu duela jakinarazi du

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua ohiko prentsaurrekoan agertu da, Gobernu Kontseiluaren ondoren, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuarekin, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du Gobernu Kontseiluak Euskadin Soldata Arraila murrizteko Ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboa onetsi duela. Landaidak azaldu duenez, Estrategian honako xede hau ezartzen da: Euskadi, 2030erako, soldata-arrail txikiena duten Europako herrialdeen artean egotea. Horrela, Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, hiru erronkari egin behar zaie aurre: soldata-bazterketa kentzea, bereizketa okupazionala murriztea eta berdintasunean oinarritzen den eta berdintasuna xede duen hezkuntzan sakontzea.

Soldata-arraila dela eta, Emakundeko zuzendariak honako hau nabarmendu du: arazo konplexua da, egiturazkoa eta dimentsio anitzekoa, eta arazo horri heltzeko erantzunak ere integrala izan behar du eta tartean diren eragile eta eremu guztiek eman behar diote erantzun bat. “Administrazioaren aldetik, daukagun erantzukizuna aintzat hartuta, ezin dugu beste alde batera begiratu”, esan du.

2018-2022 ALDIRAKO EUSKAL ESTATISTIKA PLANAREN LEGE PROIEKTUA

Bestalde, gaurko saioan, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 2018-2022 aldirako Euskal Estatistika Planaren VIII. Lege Proiektua onetsi duela. Azpiazu sailburuak azaldu duenez, lege horren bidez euskal estatistika-antolaketa errealitate berrietara egokitu nahi da, bere jarduketa Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodearen funtsezko hamabost printzipioek arautu behar dutela.

Era berean, Azpiazuk nabarmendu du zer garrantzitsua den estatistika ofiziala. “Ezinbestekoa da, gizarteko errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko, eta estatistiketarako emaitzak funtsezkoak dira erabakiak hartzeko orduan zuzenean baitute eragina, bai sektore publikoan, bai pribatuan”, esan du.

EUSKARAREN ERABILERA ADMINISTRAZIOAN

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak administrazioetan euskararen erabilera zertan den azaldu du. Horrela, bada, esan du Euskaraldiak “administraziorako eragingarria izan behar duela, herritarren hizkuntza-eskubideen bermean urrats berriak emateko”. Zupiria sailburuak azaldu duenez, administrazioetan euskararen ezagutza- eta erabilera-maila altua da, batik bat gazteen artean; hala ere, oraindik ez dago kasu guztietan herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan erantzuteko gaitasunik. “Eusko Jaurlaritzaren helburuak, jakina, herritarren hizkuntza-eskubideak beti bermatzea izan behar du, eta administrazioan euskararen erabilera sustatzen jarraitzea”, esan du.

ZEHAPEN AHALAREN LEGEA

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak onartu egin duela Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Lege Proiektua. Erkorekaren hitzen arabera, testu horren helburua da herritarrei berme gehiago ematea erakunde publiko guztien –autonomia-, foru- eta udal-mailakoa– zehapen-prozesuan. “Araua justizia leheneratzailearen printzipio eta balioetan oinarritzen da, zigor- eta zehapen-araubide hutsaren aurrean”, esan du.

Erkoreka sailburuak, nobedadeen artean, honako hauek nabarmendu ditu: batetik, zazpigarren artikulua, zeinak adingabeak eta desgaitasuna dutenak zehapen-prozesuetan babesten baititu, eta, bestetik, euskarazko testuaren terminologia juridikoaren eguneratzea.

TRANSFERENTZIAK

Gobernu Zentralarekin atzo adostutako Transferentzien testuinguruan, sailburuak adierazi duenez, Gobernu Zentralari dagokio Transferentzien prozesua bultzatzea. Hala, azaldu duenez, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, egutegi bat eta lan-plan bat lantzen ari da, Batet Ministroak atzo adierazitakoaren arabera urtea amaitu aurretik emaitzak izango dituena; eta, beraz, zehazteko dago oraindik bigarren fasean sar daitezkeen transferentzien definizioa. “Elkarrizketa gai dira une honetan”.

AURREKONTUAK

Azpiazu sailburuak, bere aldetik, 2019ko Euskadiko Aurrekontuen Legearen egoerari buruz galdetuta adierazi duenez, oraindik ez dago horren berririk, eta negoziazioan lanean jarraitzen dutela ziurtatu du. “Nire ustez beti da positiboa lan egitea”, gaineratu du. Bestalde, Azpiazuk azpimarratu du prozesua amaitzea “eta ondo amaitzea” dela Eusko Jaurlaritzaren nahia.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @a_bergara
    2018.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @emakundEJGV: Gobernu Kontseiluak (@gob_eus) Euskadin #SoldataArraila murrizteko estrategia eta plana onetsi du: https://t.co/nWjWGc0KQZ

Ekitaldiko kargudunak