Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiko enbaxadore turistikoei egindako omenaldia

2011.eko otsailak 28

Kanpaina baten atari moduko bat izan da ekitaldia. Kanpaina horren bitartez, euskal herritar guztiei jakinarazi nahi zaie euskal turismoaren arrakastaren partaide direla, 2010ean lortutako datuak bikainak izan direla aintzat hartuta, baita garrantzizko zeregin horri eutsi behar diotela ere, hazkunde-bide horretan aurrera egiteko

"Zuk inoiz baino gehiago kontatzen duzu" lelopean eta mila pertsonaren aurrean, Gala baliagarri gertatu da ekimenarekin bat egin nahi izan duten milaka pertsona ezezagun eta ezaguni eskerrak emateko. Lehendakariak ziurtatu duenez, "herritar guztiek bat egin behar dute turismoa sustatzeko zereginarekin, Euskadi gero eta toki irekiagoa eta atseginagoa izan dadin lortzeko". Iñaki Gabilondok eta África Baetak aurkeztu dute Gala. Gainera, Ainhoa Artetak musika-emanaldi bat eskaini du, eta Jon Sistiagak, Marcelinho Huertasek eta emakumezko euskal 'enbaxadore' ezezagun batek ere parte hartu dute.

"Euskadi helmuga turistiko gaztea da, baina hazkunde-prozesuan murgilduta dago, bete-betean". Patxi López lehendakariak diagnostiko hori egin du euskal turismoaren enbaxadoreak omentzeko Galan, Bilboko Guggenheim museoan. Ekitaldi horren bitartez milaka pertsona ezezagun zein ezaguni eskerrak eman nahi izan zaizkie, 2010. urtea euskal turismoaren historiaren onena izateko egin duten ekarpenarenga

Hori ez ezik, lehendakariak honako mezu hau bidali nahi izan die herritar guztiei: "gizarte osoak bat egin behar du turismoa sustatzeko zereginarekin. Gutako bakoitzak bere ekarpena egin behar du egunetik egunera, bakoitzak bere ekiteko ahalmenen barruan, guztion artean Euskadi are atseginago, are erakargarriago egin dezagun. Guztiok ere, erakundeok, enpresek eta herritarrek oro har, zer ekarri asko daukagu. Euskadi osatzen dugun guztiok lagun dezakegu eta lagundu behar dugu zeregin horretan". "Zuk inoiz baino gehiago kontatzen duzu" lelopean aurkeztutako ideia hori izan da milaka pertsona erakarri dituen ekitaldiaren ardatza.

Iñaki Gabilondo eta África Baeta kazetariek gidatu dute ekitaldia, eta Ainhoa Arteta sopranoak musika-emanaldi bat eskaini du zuzenean Guggenheim Museoan.

Euskadiko turismo-sektoreak 19 hilabete metatu ditu etengabeko hazkundean. 2010. urtean marka guztiak hautsi zituen etorritako bidaiari kopuruari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi izan dizkie arrakasta hori ahalbidetu duten guztiei. Baina, hori ez ezik, euskal herritar guztiak animatu nahi ditu ere, turismoa Euskadiko ekonomiaren garrantzizko sektore bihurtzeko ekimenarekin bat egin dezaten eta ekimen horretan lagun dezaten.

Xede berberarekin, eta Guggenheim museoan egindako Galari jarraipena emanez, aste honetan euskal herritar guztiak sentsibilizatzeko kanpaina jarriko da abian. Euskadi are helmuga erakargarriago, atseginago eta irekiago bihurtzeko ahaleginean euskal herritarrek duten protagonismoa eta betetzen duten zeregin garrantzitsua nabarmendu nahi dira kanpaina horren bitartez.

Hiru "enbaxadore"

Besteak beste, hiru "enbaxadore" esanguratsuk hartu dute parte: Jon Sistiagak, kanpoan bizi den eta betiere hara-hona bidaiatzen dabilen euskal kazetariak; Marcelinho Huertas Caja Laboral-Baskoniako saskibaloi-jokalariak, Gasteizera etorri aurretik Bilbon ere bizi izan zenak; eta euskal "enbaxadore" ezezagun batek: Marisol Aguirre, EHUko irakaslea.

Milaka gonbidatuen artean, erakunde- eta enpresa-munduko eta kirolaren eta kulturaren arloetako hainbat ordezkari bildu dira, baita ospe handiko "enbaxadore" ugari ere. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren sailburuetako asko, Gobernu zentraleko ordezkaria, Euskadiko hamabi alkate baino gehiago, eta Euskadiko kirol-talde nagusietako ordezkariak: esaterako, Euskaltel-Euskadiko ordezkariak -Samuel Sánchez adibidez-, Athleticeko ordezkariak, Bilbao Basketekoak eta abar.

Guggenheim museoan bildu dira, halaber, turismo-sektoreko eta upeltegien sektoreko hainbat ordezkari, Euskadiko gorputz kontsularreko zenbait kide, Michelin izarrak dauzkaten zenbait sukaldari, Martin Berasategi buruan, La Oreja de Van Gogh taldeko kideak, Inma Shara orkestra-zuzendaria, Modesto Lomba diseinatzailea, Miguel de la Quadra Salcedo eta abar. Merkataritza-sektoreko hainbat ordezkari ere bildu dira, baita beste industria-sektore batzuetako eta komunikazio-sektoreko zenbait enpresaburu eta Confebaskeko lehendakari Miguel Lazpiur jauna ere.

Amaitzeko, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko upeltegietako arduradunek opari bana eman diete bertaratu diren gonbidatu guztiei.

Azken hilabete hauetan 2.500 pertsona baino gehiago atxiki zaizkio Euskadiko "enbaxadoreak" biltzeko ekimenari, euskadisaboreala.es web-orriaren eta Facebooken "Yo también soy embajador/a de Euskadi" profilaren bitartez.

Horien guztien artean, ospe handiko zenbait pertsonak Euskadin izan dituzten esperientzien berri eman nahi izan dituzte, bideo baten bitartez. Talde horren barruan bilduta daude kirol-arloko ordezkariak, hala nola Edurne Pasaban, Julio Salinas, Juanma López Iturriaga edo Caja Laboral-Baskonia taldeko Fernando San Emeterio, Brad Oleson eta Marcelino Huertas jokalariak; kulturaren eta artearen arloko pertsona ospetsuak, hala nola Elías Querejeta, Amaia Montero, La Oreja de Van Gogh, Igor Yebra edo Inma Shara; Martín Berasategi eta Karlos Argiñano sukaldariak; Modesto Lomba diseinatzailea; eta komunikazioaren arloko ordezkariak, hala nola Iñaki Gabilondo, Jon Sistiaga, Javier Hoyos edo Miguel de la Quadra-Salcedo.

Horiek guztiek bideo baten grabazioan parte hartu dute, urtarrilean Madrilen lehen aldiz aurkeztu zena Tapizen Errege Fabrikan egindako galaren esparruan.

2010ean Euskadik bere marka hautsi zuen etorritako turista kopuruari dagokionez: 2,2 milioi turista baino gehiago bertaratu ziren gurera. Euskal turismoak bere historiako urterik onena izan du, beraz, honako arrazoi hauengatik, besteak beste: marketin-plan berriaren haritik sustapen-politika berriak garatu dira, sektoreak egindako ahaleginari erantsi zaizkionak; Eusko Jaurlaritzak eta Turespañak atzerrian sustatzeko zenbait akordio sinatu dituzte; eta, une honetan, Euskadik lasaitasun-irudi bat transmititzen du kanpora.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)