
Artolazabalek gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak bultzatzera animatu ditu erakundeak eta gizartea, “herrialdea kohesionatzeko”
- Gizatea, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko euskal enpresen elkartearen X. urteurrena; gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza-ereduari buruz hausnartu da.
- EHU-UPVk, Deustuko Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak parte hartzen dute
- Lankidetza-esperientziak sektore publikoaren eta pribatuaren eta laneratzeko eta gizarteratzeko euskal enpresen artean
- Azken urtean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bidez Araban 40 postu, Bizkaian 128 eta Gipuzkoan 58 sortu dira eta horiei eutsi zaie.
Bilbo, 18 11 26
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Gizatea, gizarte-bazterketa egoeran dauden eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko euskal enpresen elkarteak egiten duen lanak euskal gizarte-kohesiorako laguntzen du”. Hori dela eta, erakundeak eta gizartea animatu ditu “gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak bultzatzera, herrialdea kohesionatzeko” .
Gizatearen hamargarren urteurrenean, Beatriz Artolazabalek zorionak eman dizkie “zuon elkarte-sarea eratzen duten 43 enpresei eta mila pertsona ingururi, egiten duzuen lanagatik eta egunero bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak integratzeko egiten duzuen ahaleginagatik”.
Beatriz Artolazabalen iritziz, “ezinbestekoa da laneratzeko eta gizarteratzeko dauden enpresek benetan zailak diren egoerak gainditzeko egiten duten ekintza, “giza aurpegi”dun kudeaketa duena, merkatu lehiakorraren eta globalizatuaren eskakizunen barruan”. “Espazio berriak eta proiektu ekonomikoak ezagutzea aukera bat da enpresa-sustapenerako eta lehen mailako baliabidea, gizarte-kohesioari eusteko, gure gizartearen ezaugarri nagusietako bat dela aintzat hartuta”.
Lanbidek 10 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu urtean gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak sortzea sustatzera eta horiei eusten laguntzera. Euskadiko gizarteratzeko eta laneratzeko enpresek, 2017an, 1.162 enplegu sortu zituzten; horietatik, 702 laneratzekoak, eta krisi ekonomikoaren aurreko mailetara itzuli zen, horrela. Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesua amaitu eta lan-merkatu arruntera sartu den pertsona-kopurua % 7 areagotu zen iaz. Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak funtsezko elementu dira DSBEaren hartzaile diren pertsonen lan-aktibazioaren prozesuan. Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan zeuden langileen % 78k aurretik laguntza hori jasotzen zuen.
Artolazabalek “ondasun publikoa eta ondasun erkidea kontuan hartzen duen ekonomia-eredua” defendatu du, “eta ez bakarrik interes pribatua kontuan hartzen duena; jasangarria, errespetuzkoa eta beharrezko aukera-berdintasuna aurreikusten duena. Helburua ekonomia solidarioa eta erantzunkidea da, gizakiaren zerbitzura dagoena, Euskadi solidarioagoa eta kohesionatuagoa izateko gizarte-bilakaera bultzatzen duena. Eusko Jaurlaritzak lehen mailako bidaidetzat jotzen ditu Gizatea eta elkartutako enpresak.
“Pertsona guztiok izan dezakegu enplegua, baita ahulenek ere. Eusko Jaurlaritzak bazterketaren, langabeziaren eta pobreziaren aurka egiten duen borroka, eta, bereziki, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarena eta Lanbiderena ukaezina da”, esan du.
Lankidetza
Jardunaldian kontratu erreserbatuen eragin positiboa aztertu da; hala esaten zaie erakundeek gizarteratzeko eta laneratzeko enpresekin kolektibo ahulenen lana suspertzeko eginikoei. Horretarako, Eva Ontoria Nafarroako Gobernuko Enplegu eta Enpresentzako Laguntza Zerbitzuko zuzendariak foru-erkidegoaren esperientzia azaldu du.
Eusko Jaurlaritzak, oraintsu, sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak kontratu-kategoria batzuetan lizitazio-oinarriko zenbatekoen % 5 gutxienez kontratu erreserbatu gisa tramitatzea onetsi du. Eusko Jaurlaritzaren eta bere sozietate publikoen konpromiso horrek % 30eko gorakada ekar dezake urtean Euskadiko gizarteratzeko eta laneratzeko enpresek eta enplegu-zentro bereziek duten fakturazioan.
“Pertsona horiek pobreziatik eta bazterketatik, marjinaziotik, immigraziotik edo gutxiengo etnikoetatik lan-merkatura sartzeko borrokatzen dira. Adin guztietako gizon-emakumeak dira, eta, besteak beste, DSBEaren hartzaileak. Adingabeak babesteko erakundeetatik datoz, droga-mendekotasun arazoak dituzte, espetxeetan daude, ostatu alternatiborako zentroetatik edo lan aurretiko programetatik edo gizarte-zerbitzuetatik datoz, besteak beste. Porrotetik eta eskola uztetik borrokatu diren pertsonak dira”, esan du Artolazabal sailburuak.
“Aukera-berdintasunean, lan- eta familia-kontziliazioan eta aktibazioan oinarritzen diren politikak sustatzen ditugu, zailtasun gehien dituztenei eta desberdintasun gehien jasaten dituztenei lanerazeko benetako aukerak eskaintzen dizkietenak. Norabide horretan doaz 2017-2020 aldirako enplegurako eta gizarteratzeko eta laneratzeko planen suspergarriak, inklusioa bultzatzen duten sustagarriak aurreikusten dituztenak”.
100 milioi
Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak direla eta, azken 10 urteotan, Eusko Jaurlaritzak sektorera bideratu duen aurrekontua 100 milioi euro baino handiagoa izan da, azken aurrekontu-ekitaldiko 10,2 milioiak barne. Diru hori lanpostuak sortu eta horiei eustera bideratu da, bai bazterketa-egoeran edo -arriskuan daudenei zuzenduta, bai ekoizpeneko eta gizarteratzeko eta laneratzeko teknikariei zuzenduta. Azken urtean, laguntzen bidez Araban 40 postu, Bizkaian 128 eta Gipuzkoan 58 sortu dira eta horiei eutsi zaie.
Kataluniaren ondoren, gizarteratzeko eta laneratzeko euskal enpresek, iaz, negozio-bolumenaren arabera bigarren lekua bete zuten: 21,39 milioi euro, produktu eta zerbitzuen salmentagatik. Horrek euskal diru-kutxa publikoetara zergen bidez milioi bat eurotik gorako itzulera ekarri zuen.
Jardunaldia Bizkaia Aretoan izan da, Bilbon, eta, bertan, Beatriz Artolazabal sailburuaz gainera, honako hauek ere parte hartu dute: María José Rodrigo Gizateako presidentea; Ignacio Martínez Deustuko Unibertsitatekoa; Javier Galarreta Euskal Herriko Unibertsitatekoa; Susana Albaina, María Larrinaga, Haizea Roca, José San José eta Jon Sierra laguntza-zerbitzuko profesional taldekoak; Eva Ontoria Nafarroako Gobernuko Enplegu eta Enpresentzako Laguntza Zerbitzuko zuzendaria; Ana Martin Oñatiko Udaleko batzorde sozioekonomikoko presidentea; Maite Agirrebeitia Ulma fundaziokoa; Patxi Arrazola Oarsoaldeako Enplegu zuzendaria; José Antonio Crestelo BSH electrodomésticos etxeko saileko burua; Elena Alonso Debegesako giza kapitalaren garapen-arduraduna eta Leyre Álvarez de Eulate Gizateako kudeatzailea. Halaber, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuodea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Amaia Arteaga Enplegu zuzendaria ere izan dira.