Eu

Euskadik eta Ipar Euskal Herriak akordio bat sinatu dute mugaren bi aldeetako plangintzan elkarrekin lan egiteko

2018.eko azaroak 26
  • Euskal Hiria Kongresuak bi eskualdeetako garapen ekonomikoa antolatzeko ardura duten pertsonak bilduko ditu gaur eta bihar Bilbon, “arazo komunak eta parteka ditzakegun aukerak daudela” jakinik 
  • Iñaki Arriola sailburuak iragarri du memoranduma baliagarria izango dela Ipar Euskal Herriko agintariekin “espazio partekatuetan proiektuak zehazteko eta Europako programetan parte hartzeko

Gaur eta bihar Euskal Hiria Kongresuaren 17. edizioa egingo da. 300 aditu inguru bilduko dira Bilboko Bizkaia Aretoan, eta egungo euskal herritar guztiak eta etorkizunean Euskadin biziko direnak eraginpean hartzen dituzten gaiak landuko dituzte. Bi egun hauetan, hiriak, merkataritza, turismoa, klima eta energia, hiri-berroneratzea eta mugikortasuna izango dira mintzagai. Gai horiek guztiek ez dute inolako zerikusirik muga administratiboekin, mugak gainditzen dituzte, "eta aukera egokia eskaintzen dute erronkei elkarrekin eta lankidetzan aurre egiteko eta gure lurraldeetan bizi diren pertsonen bizi-kalitate hobea ekarriko duten sinergiak sortzeko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak inaugurazio-ekitaldian adierazitako asmo horiekin eman zaio hasiera kongresuari. Bertan, Euskadiko eta Ipar Euskal Herriko lurralde-plangintzaren arduradunak bilduko dira lehen aldiz. Hori dela eta, kongresurako aukeratutako leloa ‘Euskadi: mugarik gabeko lurraldea’ izan da. Inaugurazio-ekitaldian, Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean René Etchegaray izan da sailburuarekin batera.

Euskal Hiria Kongresuak eguneroko bizitzako funtsezko gai horiei eta garapen jasangarriagoa lortzeko moduari buruzko argibideak emango dizkiguten mugaren bi aldeetako hogei hizlari inguru bilduko ditu, eta kongresuaren amaieran akordio zehatz bat sinatuko da bi eskualdeen artean.

Memorandumeko lau konpromisoak

Iñaki Arriolaren Sailaren eta Ipar Euskal Herriko Agence d´Urbanisme Atlantique et Pyrenées agentziaren artean elkar ulertzeko memorandum bat sinatuko da bihar. Memorandum horren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartuko dute lau arlotan mugaz gaindiko lankidetzan jarduteko. Arloetako bat “mugaz gaindiko eremuaren behaketa eta azpiegitura berdeei, landa-habitatari eta hiri-habitatari, paisaiari, mugikortasunari, energiari, urari eta hondakinei buruzko adierazleak” izango da.

Bigarren arloan, “lurralde bakoitzeko plangintza-dokumentuak” partekatuko dituzte, etorkizunerako “jarraibide eta orientazioen bilaketa” bateratzeko. Hirugarren arloaren barruan, “gune partekatuetan garatutako eta gai espezifikoei (energia, paisaia, sare berdea eta urdina, mugikortasuna, genero-ikuspegia eta abar) buruzko proiektuak” zehaztuko dira. Azkenik, “Europako programetarako hautagaitza komunak” osatzeko aukera aztertuko dute.

Arriola sailburuak irekiko diren “harreman- eta lankidetza-aukera berriak” baliatzeko deia egin du, Euskadik “posizio estrategikoa baitu Europako iparralde-hegoalde korridorearen (Paris-Madril) eta Ebroko Ardatzeko eta Kantauriko Erlaitzeko Ardatzeko zeharkako korridoreen arteko elkargunean”. Izan ere, Europako Lurralde Estrategiaren arabera, muga-eremuak Europan “esanahi berezia” duten eremuak dira.

Bihar, Euskadiko Hiri Agenda

Euskal Hiria Kongresuak bihar, asteartea, jarraituko du, eta une garrantzitsu bat izango du: Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050 izenekoaren lehen urratsak aurkeztuko dira. Agenda hori NBE-Habitata atalak bultzatutako lana da, eta etxebizitzaren, osasunaren, enpleguaren, energiaren eta abarren arloko politiken bidez egoerarik okerrenean dauden kolektiboei eman beharreko arretan dauden gabeziak betetzea du helburu.

Bigarren egunean, halaber, narriatutako auzoen hiri-berroneratzearen inguruko esperientziak azalduko dira, eta Madrilgo Arkitektura Eskolako Luis Gerardo Ruiz Palomequeren hitzaldia izango dugu. Ipar Euskal Herritik, Julien de Labacak mugaz gaindiko joan-etorrietan laguntzeko Transfermuga zerbitzua azalduko du. Horrez gain, konektibitatearen ondoriozko mugikortasun mota berriak landuko dira. Horren inguruan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Amalia Martinezen eta Bilboko Udaleko Mugikortasuneko zuzendari Enrique Urkijoren hitzaldiak izango ditugu.

Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondok eta AUDAP agentziako Nathalie Motsch-ek emango diote amaiera kongresuari, eta Euskadiren eta Ipar Euskal Herriaren arteko memoranduma berretsiko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jean René Etchegarayk, Communauté d ́Agglomération du Pays Basque-ko lehendakariak