Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Gaur “Baltzu” honetan elkartu gara, auzolanaren bidez gure herriaren erronkei egoki erantzuteko, gure herria eraikitzen jarraitzeko”

2018.eko azaroak 24
  • Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela-eta Oñatin antolatu diren ekitaldietan izan da

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena dela-eta gaur Oñatin antolatu diren ekitaldietan izan da.

Ospakizunei Soka-Dantzarekin eman zaie hasiera. Ondoren, Agintariak Udaletxeko sarreraran Euskaldunon Mendea 1918-2018, Eusko Ikaskuntzaren 100 urte jasotzen duen oroitzapenezko argitalpen berezia, sinatu dute gertakari historikoaren lekuko gisa. Ekitaldi instituzionala San Miguel parrokian izan da. Bertan, Euskal Ikaskuntzaren Adierazpena irakurri eta hainbat musika ikuskizun zuzenean entzuteko aukera izan dute, Donostiako Orfeoiarenak, besteak beste.

Lehendakariak, bere aldetik, Eusko Ikaskuntzaren lehen araua ekarri du gogora: “Euskalerria maite duten ta ikasbidez argitu nai luketen guziak biltzea da Baltzu onen tsedea”. Lehen arau hau oinarri, Eusko Ikaskuntzak bere eginkizunean aurrera jarraitzen duela azpimarratu du, aurrera jarraitzen duela etorkizunari begira, hain zuzen. Lehendakariak duela ehun urte landatutako haziari egin dio erreferentzia, Eusko Ikaskuntzako ordezkariek ondo erein eta zaindu dutena, Lehendakariaren hitzetan. “Gaur zuhaitz sendo bat dugu, gure kultura babestu eta bultzatzen duena, adarrak mundu zabalera irekita duena”, adierazi du.

“Gaur “Baltzu” honetan elkartu gara, elkarrekin, elkarlanean, auzolanaren bidez gure herriaren erronkei egoki erantzuteko, gure herria eraikitzen jarraitzeko”, azpimarratu du Lehendakariak. Hala, Eusko Ikaskuntzak lehen ehun urteak betetzen duen egunean, Eusko Jaurlaritzak xede honekin bat egiten duela adierazi du.

Ekitaldi instituzionala amaitzean, agintariak txistulariekin batera atera dira elizako ate nagusitik plaza aldera Arizkungo dantzak ikusteko. Azken dantza honekin ekitaldia bukatutzat eman da.

Oñatin ospatu diren ekitaldietan, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Cristina Uriarte, Hezkuntzako sailburua, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Estefanía Beltran de Heredia, Segurtasuneko sailburua ere izan dira. Bestetik, Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuaren presidentea, Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoaren Presidentea, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko Presidentea, eta Jesús Loza, Espainiako Gobernu delegatua ere gerturatu dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak