Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Enpresa + Unibertsitatea gela berria bisitatu du, AICn

2018.eko azaroak 26
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate eta Enpresaren arteko 2022rako Euskal Estrategiaren emaitzaren ondorioz, Enpresa + Unibertsitatea gelan Euskadin kokatutako unibertsitateetako ia 320 ikaslek hartuko dute parte.
  • Bere helburuetako bat da, enpresa-erronka errealak ebatziz, unibertsitateko ikasleen prestakuntza sendotzea.
  • Lehendakariak 4Gune Clusterraren bileran hartu du parte. Clusterrean Ingeniaritza, Zientzia, Teknologia eta Farmaziako Fakultateak eta Eskolak daude, baita Confebask eta Basque Industry 4.0 Pilotatze Taldea ere.

Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin eta Bizkaiko Diputatu Nagusi eta AIC- Automotive Intelligence Center-en Patronatuko presidente Unai Rementeriarekin batera, abian jarri den lehen Enpresa + Unibertsitatea Gela bisitatu du Amorebieta-Etxanon. AIC automozio-zentroan kokatua dagoen gela honekin Eusko Jaurlaritza buru den Unibertsitate eta Enpresaren arteko 2022rako Euskal Estrategian jasotako helburuetako bat betetzen da: unibertsitatearen eta enpresaren errealitateak elkarri hurbiltzea, prestakuntza hobea eta enplegagarritasun handiagoa lortzeko.

Hezkuntza Sailak legealdi honetan zehar abian jarriko den lehen gela sustatu du AICn. Gela horretan, lankidetzako eta prestakuntzako proiektuak landuko dira irakaskuntzaren arloan eta ikerketaren esparruan. Aurtengo 2018-2019 ikasturtean, ia 320 unibertsitate-ikaslek arazo errealak konpontzen parte hartuko dute. Zehazki,unibertsitateak parte hartzeko prest agertu diren 10 erronka aurkeztu ditu AICek, guztira. Erronka horiek honako arlo hauek dituzte ardatz: produktuaren kalitatearen hobekuntza; diseinu, simulazio nahiz birtualizazio erremintak erabiltzea; ibilgailuen elektrifikazioa; eta ekoizpen prozesu errealetan fabrikazio aurreratuko / 4.0 industriako teknologiak erabiltzea. Unibertsitateen proposamenak aztertu ondoren, erroka bakoitzaren soluzioa unibertsitate batek bere gain hartzen du, Gradu Amaierako Lan gisa, Master Amaierako Lan gisa edo irakasgai gisa.

Bisita horretan, Lehendakaria aurkeztutako hainbat erronketan parte hartuko duten zenbait unibertsitatetako ikaslerekin bildu da. Ohikoa ez den ingurune batean prestakuntzaren ezaugarri batzuk ikasleekin partekatu ondoren, Lehendakariak ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. Hitzaldian, Iñigo Urkulluk azpimarratu du enpresa eta unibertsitatearen arteko gela bezalako ekimenak funtsezko tresna bihurtzen direla unibertsitateko ikasleek euren ezagutza teorikoak enpresaren egunerokotasunaren erronketan aplikatzeko. Binomio horrek prestakuntza osatuagoa eta sendoagoa emango die ikasleei.

Unibertsitate eta Enpresaren arteko estrategia eta 4Gune clusterra

Gela bisitatu ondoren, Lehendakaria 4Gune Clusterreko kideekin bildu da. Cluster hori Unibertsitate eta Enpresaren arteko 2022rako Euskal Estrategiaren emaitza gisa sortu da, eta Enpresa eta Unibertsitatearen arteko gela bezalako ekimenak bultzatzen dihardu. Clusterrean, eta Hezkuntza Saila buru dela, Ingeniaritzako, Zientziako, Teknologiako eta Farmaziako Fakultateek eta Eskolek, Confebaskek, Euskampusek, Makina Erreminta Institutuak, Innobasquek eta Basque Industry 4.0 Pilotatze Taldeak —Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluan sartua— hartzen dute parte. Dekanoak, zuzendariak eta Clusterra osatzen duten gainerako pertsonak Lehendakariarekin 30 minutuz bildu dira, eta orain arte egindako lanaren emaitza nagusiak helarazi dizkiote.

Garrantzitsua da azpimarratzea, lehen aldiz, hainbat unibertsitateko eskolek eta fakultateek, enpresa-ordezkariekin eta eragile publikoekin batera, ikasleen prestakuntza aberastuko duten ekimen berritzaileak sustatzen koordinatuta lan egiten dutela. Hona hemen Clusterraren helburu nagusiak:

  • Unibertsitateen, ikerketa-eragileen eta enpresen artean aliantza egonkorrak eraikitzea, ezagutza sortzeko eta transferitzeko, era horretan euren artean elkarlana eta berrelikadura ziurtatzeko.
  • Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntzako politikei buruzko informazioa partekatzea.
  • Garduko eta graduondoko prestakuntzako eta bizitza osoko prestakuntzako eskaintzak lantzea, erantzun eraginkorrak emateko eta moldaerraztasun eta enplegagarritasun handiko profesionalak prestatzeko.
  • Euskadiko unibertsitate-zentroen arteko koordinazioa sendotzea, prestakuntza-arloko beharrei eta unibertsitate-zentrotik haratagoko estrategiak behar dituzten ikertzaileei erantzuteko.
  • Unibertsitateko prestakuntzaren berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzea.

 

Clusterraren osaketa

 

-Lehendakaritza:

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila

-Idazkaritza:

Euskampus

-Eragileak:

Industria 4.0 Pilotatze Taldea AIC

Confebask (SEA-ADEGI-CEBEK)

Innobasque

-Prestakuntza-zentroak:

Informatika Fakultatea UPV/EHU

Zientzia eta Teknologia Fakultatea UPV/EHU

Bilboko Ingeniaritza Eskola UPV/EHU

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola UPV/EHU

Gasteizko Ingeniaritza Eskola UPV/EHU

Farmazia Fakultatea UPV/EHU

Ingeniaritza Fakultatea Deustuko Unibertsitatea

Eskola Politeknikoa Mondragon Unibertsitatea

Makina Erreminta Institutua IMH

Tecnum

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak