Eu

Euskadik eta Ipar Euskal Herriak elkarrekin landuko dituzte lehen aldiz etorkizunerako garapen-ardatz nagusiak Euskal Hiria Kongresuan

2018.eko azaroak 22
  • Bilboko Bizkaia Aretoak 300 espezialista baino gehiago hartuko ditu hilaren 26an eta 27an. Bertan, klimari eta ekonomia zirkularrari buruz hitz egingo dute, merkataritza eta turismoa jasangarriagoa izateko eta hiri-berroneratzea sustatzeko modua ikertuko dute eta teknologia berriek bete beharreko zeregina aztertuko dute.
  • ‘Euskadi: mugarik gabeko lurraldea” izenburupean, Euskal Herria Arku Atlantikoan integratzeko eta mugaz gaindiko problematikak kudeatzeko moduari buruzko gogoeta egingo da.
  • Iñaki Arriola sailburuak eta Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean René Etchegarayk emango diote hasiera Kongresuari, eta Hiri Agenda 2050aren ildo nagusiak aurkeztuko dituzte.

 

Lurralde bat bere etorkizuna planifikatzera behartuta dago. Klimari, energiari eta hiri-berroneratzeari lotutako politikak antolatu behar ditu. Halaber, hiri-merkataritzaren eta kanpoaldeko merkataritzaren arteko oreka hartu behar du kontuan, eta bertako biztanleen bizitzarekin bateragarria izango den turismoaren garapen orekatu bat bilatu behar du. Hala ere, aurreko guztia ez da nahikoa; ingurunearekin hertsiki lotuta dago, administrazio-mugak alde batera utzita.

Aurten, ideia hori du ardatz Euskal Hiria Kongresuak. Hamazazpigarren edizio honetako leloa ‘Euskadi: mugarik gabeko lurraldea’ da. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez, Kongresua antolatu du lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko Agence d´Urbanisme Atlantique et Pyrenées agentziarekin lankidetzan. Inaugurazio-ekitaldian, Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean René Etchegaray izango da sailburuarekin batera.

Kongresuak lurraldearen antolamenduko 300 espezialista bilduko ditu azaroaren 26an eta 27an Bilboko Bizkaia Aretoan. Hogei hizlari inguruk eztabaidatuko dute bost blokeren inguruan.

Lehenik eta behin, Euskadik eta Ipar Euskal Herriak Arku Atlantikoaren barruan duten egoeraren testuingurua zehaztuko dute Villes Atlantiques erakundeko Tamara Espineirak eta Bilbao Metrópoli 30 elkarteko Alfonso Martínez Cearrak. Ondoren, mugekin zerikusirik ez duten lau gai nagusi landuko dira.

Alde batetik, lurraldearen antolamenduaren eta klimaren eta energiaren arteko lotura azalduko da. Besteak beste, Espainiako gobernua abian jartzen ari den estrategiak ezagutuko dira (Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko Legearen zirriborroa aurkeztu du duela gutxi gobernuak). Ministerioko aholkulari Antxon Olabek azalduko ditu xehetasunak. Panel beraren barruan, ekonomia zirkularraren arloan egiten ari denaren diagnostikoa egingo dute ADEME agentziako (Garapen, Ingurumen eta Energiaren Kontroleko Agentzia) Amandine Crambesek eta IHOBE sozietate publikoko Ignacio Quintanak.

Merkataritzak eta turismoak ere tokia izango dute, tokiko erregulazioa gainditzen duten fenomeno globalak baitira. Frantziatik, Institut de la Ville et du Commerce erakundeko Pascal Madryk azalduko du bere ikuspuntua. Eta Euskaditik, berriz, UPV-EHUko Pilar Zorrilla irakaslea eta Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Maider Echevarria izango ditugu.

Hiri Agenda 2050aren aurkezpena

Hilaren 27a plater nagusi batekin hasiko da: Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050aren aurkezpena. Agenda hori datozen hamarkadetarako hiri-habitataren eta eraikuntza jasangarriaren ibilbide-orria izango da. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendari Ignacio de la Puertak egingo du aurkezpena.

Frantziako AUDAP agentziako Marie-Pierre Barrék eta Luis Gerardo Ruiz Palomeque irakasleak hiria hiri-berroneratzearen bidez berriz antolatzeko modua azalduko dute. Bestalde, teknologia berriek mugikortasunean eta garraioan duten eragina aztertuko da. Panel horren barruan, Transfermugako Julien de Labacak (mugaz gaindiko desplazamenduetan laguntzeko zerbitzu hori azalduko du), Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Amalia Martinezek eta Bilboko Udaleko Mugikortasuneko zuzendari Enrique Urkijok hitz egingo dute.

Kongresuaren amaiera-ekitaldian, Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondo eta AUDAP agentziako Nathalie Motsch izango ditugu; biek, gainera, bi administrazioen baterako lana areagotzeko memorandum bat sinatuko dute.

Euskal Hiria Kongresuaren 2018ko programa osoa kontsulta daiteke hemen.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak