Berriak Justizia eta Herri Administrazioa

Eusko Jaurlaritzaren “Zuzenean” Herritarrentzako Zerbitzuak bere Zerbitzuen Gutuna argitaratu du

2011.eko otsailak 27

Zerbitzuaren kalitatearekin, erantzuteko gaitasunarekin, informazioaren kalitatearekin eta kexa, iradokizun eta erreklamazioen kudeaketarekin zerikusia duten 11 konpromiso biltzen ditu gutunak

Herritarren % 60 baino gehiago gehienez 10 minutu egongo da Zuzenean-ek kasu egiteko zain. Batez beste, herritarrei zerbitzua telefono bidez emateko deien % 60ri baino gehiagori berehala erantzungo zaie.

Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritzaren Zuzenean zerbitzuaren zeregina informazioa ematea eta herritarrek Eusko Jaurlaritzaren sail eta erakundeetan aurkezten dituzten agiriak kudeatzea da, eta dagoeneko argitaratu du bere Zerbitzuen Gutuna. Gutun horrek, sailek eskaintzen dituzten izapide eta zerbitzu guztiak biltzen ditu, Zuzeneanen eskaintza ezagutzera ematen du, eta gobernuak lortu asmo duen kalitate-maila adierazten du.

Zerbitzuaren kalitatearekin, erantzuteko gaitasunarekin, informazioaren kalitatearekin eta kexa, iradokizun eta erreklamazioen kudeaketarekin zerikusia daukaten 11 konpromiso biltzen ditu gutunak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak herritarrei arreta emateko bikaintasun- eta kalitate-maila onenak izatea lortzea da helburua. Horretarako, herritarren beharrizanetara egokitutako zerbitzu proaktiboa eratu da, kanal anitzeko zerbitzua, horizontala eta integrala, zerbitzu-emaileak eta zerbitzuaren hartzaileak pertsonak dituena.

"Zerbitzu baten kalitatea zaintzeko konpromisoa idatziz jasotzea erabaki garrantzitsua da, argitara ateratzen baitu egiten den ez-betetze bakoitza. Alabaina, bide bakarra da zerbitzu publikoen eskaintzan herritarren erantzukizuna gero eta handiagoa ere izan nahi baldin badugu. Baldintzak betetzeko etengabeko ahalegina eskatzen dio administrazioari eta, aldi berean, zentzuzko elementuak ematen ditu herritarrek zerbitzuak erantzukizunez erabil ditzaten" adierazi du Alberto Ortiz de Zárate Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta Emateko zuzendariak.

Aldi berean, zuzendariak azpimarratu duenez, "aurretik herritarrekin eta Zuzeneaneko agenteekin egindako lanetik abiatuz ezarri dira konpromisoak, herritarren ahotsak entzuteko 2010eko uztailean martxan jarri genuen sistemaren laguntzarekin".

Zerbitzuen Gutunak, gainera, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zein diren adierazten du eta zerbitzu publikoak ebaluatzen laguntzeko eta herritarrek administrazioaren jarduera-gune izatearen ikuspegia sustatzeko tresna ematen du. Horretarako, lehenik eta behin Justizia eta Herri Administrazio Sailaren mende dagoen Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua dago inplikatuta, baina Jaurlaritzako gainontzeko sailek ere badute zeresanik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko