Eu

Beatriz Artolazabalek prestakuntza-programa aurkeztu du, trebakuntza gutxiko gazte langabeen gizarte- eta lan-aktibaziorako

2018.eko azaroak 23
  • “Euskadiko gazte batzuk ez dira izan ikasketak amaitzeko gai, eta prestakuntza jasotzeko beste aukera bat eskaintzen diegu”
  • Ekimenaren bidez aurreikusten da 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea
  • Lanbidek ia milioi eta erdi euroko aurrekontu-partida bideratu du (1.497.750,00 €)
  • Prestakuntza-erakunde ziurtatuen bidez egiten da prestakuntza
  • Gai nagusiak zura eta zurgintza, sukaldaritza, elektrizitatea, mekanizatuak, iturgintza eta merkataritza dira.

VG 2018 XI 23

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, Lanbidek trebakuntza gutxiko gazte langabeen gizarte- eta lan-aktibaziorako prestakuntza-ekintzak egiteko programa berria azaldu du; “horren bidez, urrats eraginkorra ematen dugu, gazte langabeek enplegura jotzeko”.

 

“Animatu egin behar dira, lagundu eta beraientzat oso garrantzitsua izango den prozesuan parte hartu behar da. Deialdia pasa den azaroaren 12tik dago zabalik eta, bertan, oinarrizko gaitasunetan, gaitasun sozialetan eta pertsonaletan eta tekniko eta profesionaletan oinarritutako prestakuntza-ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuak finantzatzen dira. Gaitasun berri horien bidez, garapen pertsonal hobea izateko bide ematen da, eta gazte horien gizarteratzea eta laneratzea sustatzen da”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “agerikoa da Euskadik erronka demografikoa duela aurrez aurre, bai haurren ikuspuntutik, bai adinekoen ikuspuntutik, eta zehazki gazteak dira behar demografiko horren irtenbide: populazio-berme gisa eta herrialdearen etorkizuneko gizarte- eta ekonomia-euskarri gisa”.

 

“Belaunaldia txandakatzeko dagoen behar horretarako irtenbideak kudeatzeko, Gobernu honek gure gazteei laguntza emateko zeharkako politikak sustatzen ditu: beren prestakuntzan, enplegura jotzeko aukeran eta beren gizarte-emantzipazioan, izan ere, enplegurako duten prestakuntzaren araberakoa izango da. Beraz, prestakuntza erabakigarria da”, esan du Beatriz Artolazabalek. 

 

Artolazabal sailburuak honako gomendio hau eman du: “gogoan izan behar da gazte batzuk, Euskadin, hainbat kausa tarteko, ez direla gai izan beren ikasketak amaitzeko eta, beraz, errealitate hori kontuan hartuta, programa berria diseinatu dugu, prestakuntza jasotzeko eta enplegura jotzeko beste aukera bat eskaintzeko; programa hori prestakuntza-ekintzak egiteko 2018-2020 aldirako diru-laguntzen deialdi batean sartzen da; deialdia pasa den azaroaren 12tik dago zabalik”.

 

Deialdian, oinarrizko gaitasunetan, gaitasun sozialetan eta pertsonaletan eta tekniko eta profesionaletan oinarritutako prestakuntza-ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuak finantzatzen dira. “Gaitasun berri horien bidez, garapen pertsonal hobea izateko bide ematen da, eta gazte horien gizarteratzea eta laneratzea sustatzen da.  Gainera, ekimenaren bidez aurreikusten da 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea”, esan du Artolazabalek.

 

DBH egin ez duten eta, hainbat motibo tarteko, oinarrizko gaitasunik ez dutelako beren prestakuntzarekin jarraitu ez duten trebakuntza gutxiko gazteei baino ez zaie zuzentzen deialdia.  Finantzatutako jarduerak 13 prestakuntza-ibilbidetan zentratzen dira gutxienez 221 plazatarako: 7 Bizkairako, 4 Gipuzkoarako eta 2 Arabarako. Ibilbide bakoitzak bi prestakuntza-bloke ditu, bata 900 ordukoa eta bestea 950ekoa.

 

Ibilbide bakoitzean honako hauek aurreikusten dira: 1. mailako profesionaltasun-ziurtagirien aurretiko prestakuntza-ekintzak; 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak ematea; beste prestakuntza-modulu partzial egiaztagarri batzuk; aurretik aipatutako espezialitateak egiaztatzen direla bermatzen duten lan-zentroetan prestakuntza; eta zeharkako oinarrizko gaitasunekin lotutako oinarrizko prestakuntza.

 

Aurrekontua

Lanbidek ia milioi eta erdi euroko aurrekontu-partida bideratu du (1.497.750,00  €). Prestakuntza-erakunde ziurtatuek ematen dute prestakuntza, edo prestakuntza-erakunde estataletan edo autonomikoetan inskribatuta daudenek. Gai nagusiak zuraren eta zurgintzaren, sukaldaritzaren, elektrizitatearen, mekanizatuen, iturgintzaren edo merkataritzaren ingurukoak dira.

Programa horren onuradunak DBH amaitu ez duten eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak egiteko sarbiderik ez duten gazteak dira, langabeak, 16 eta 25 urte bitartekoak eta enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenak. Prestakuntza hori egituratzeko, antolaketa irekia, malgua eta gazte bakoitzaren egoera pertsonaletara eta mailetara egokituta dago.

 

“Eusko Jaurlaritzatik garatzen ari garen politikei esker, besteak beste ekimen honi, gazteak itzultzeko planei, gazte-enpleguari, lanbide-txandakatzeari eta beste zenbaiti esker, behera egiten ari dira langabezia-tasak euskal gazteetan. Okupazio-tasak, halaber, joera positiboa du", esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak