Berriak Lehendakaritza
Eu

“Amaieraraino”, gure txakolinaren alde

2011.eko martxoak 01

Eusko Jaurlaritza prest dago auzitegietara jotzeko, baldin eta “txakolinaren izena iruzurrezko moduan” erabiltzen bada ardo zuria Gaztela eta Leonen merkaturatzeko

Omnibus izenez ezagutzen den Legea gaur goizean egindako Gobernu Kontseiluan onartu da. Europar araudi hori lagungarria izango da edozein pertsonak edota enpresak jakin dezan “zer betekizun bete behar diren” jardueraren bat garatzeko Europar Batasunaren kide diren estatuetan. Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak gogoratu du badutela instituzioen artean gerta daitezkeen bikoizketak aztertzeko “borondatea”, bikoizketa horiek saihesteko eta, horri esker, “eraginkorragoak eta efizienteagoak“ izateko.

Eskakizun berria Gaztela eta Leongo Juntarentzat. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk azaldu duenez, horren bidez hauxe eskatzen zaio Junta horri: “kontrolak egin ditzala eta zigorrak ezar diezazkiela txakolin izena iruzurrezko moduan erabiltzen dutenei, erkidego horretako ardoaren ekoizpen, merkaturatze edo publizitatean.

Pilar Unzaluk Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Hedabideen aurrean egindako agerraldi horretan, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Rodolfo Ares barne sailburuak ere parte hartu dute. Aresek hizpide izan du gaur goizaldean Bizkaian egin den operazio antiterrorista.

Pilar Unzaluk esan du “prest gaudela amaieraraino joateko”; halaber, sailburuak hauxe ohartarazi du: “Gaztela eta Leongo Juntak jarrera aktiboa hartzen badu, bere ekoizpenak txakolin izena eraman dezan, eta gobernu- erabaki bat baldin badago, prozedura juridiko deritzanari helduko diogu berehala, hots, alegazioak egingo ditugu, eta behar izanez gero auzitegietara ere iritsiko gara”.

Eguneko gai-zerrendaren baitan, Gobernu Kontseiluak onartu du zenbait lege aldatzen dituen Lege Proiektua, Omnibus izenez ezaguna; beraren asmoa da lege horiek Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarauetara egokitzea, barne merkatuaren zerbitzuen alorrean. EBko zuzentarau horren inguruan, bozeramaileak azaldu du zein den “arau-aldaketa horren xedea, alegia, Euskadin negozio bat ireki edo zerbitzu-jarduera bat gauzatu nahi duen Europar Batasuneko edozein pertsona fisiko edo juridikok jakitea zer betekizun bete behar diren horretarako, betekizun horiek betetzeko bidea ahalik eta gehien errazteaz batera”.

Jaurlaritzaren bozeramaileak gogoratu du, gainera, Patxi López Lehendakariak asmoa duela “instituzioen artean egon daitezkeen bikoizketa eta solapamendu guztiak aztertzeko, eraginkorragoak eta efizienteagoak izan gaitezen diru-sarrera aldetik bereziki emankorrak ez diren garai hauetan”.

Operazio antiterrorista

Rodolfo Ares prentsaurrekoan azaldu da Estatuaren Segurtasun Indarrak zoriontzeko, gaur goizaldean Bizkaian gauzatutako operazio antiterrorista “bikainagatik”. Oraindik ere irekita dagoen operazio horretan ETAko ustezko 4 kide atxilotu dituzte, eta material ugari ere antzeman du poliziak.

Barne sailburuak polizia-operazioaren garrantzia nabarmendu du, zeren “ETAren terrorismoaren amaierara hurbiltzen gaituen beste urrats bat baita”. Gainera, agerian uzten du “Estatuaren Segurtasun Indarrak ez daudela su-etenean; aitzitik, atsedenik gabe jarraitzen dute lanean”.

Aresek gaineratu du, halaber, Sortuk “aukera paregabea duela ekintza terroristen aurrean duen arbuio- eta gaitzespen-jarrera zehazteko”.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.03.01)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Idoia Mendia Cueva
    Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua (IX legealdia)
  • Rodolfo Ares
    Herrizaingoko sailburu (IX legealdia)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)