Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Ibaizabalen estuarioaren ingurumena leheneratzeak urtean 3,5 milioi euroko etekina sortzen du jolas-balioan Areeta, Ereaga eta Arrigunagako hondartzetan

2018-11-22

Uraren saneamendurako proiektuetan inbertitzea inportantea da, ez bakarrik kostaldeko ingurune degradatuen leheneratze ekologikorako, baita kostuen zati bat ordain dezaketen etekin sozialak sortzeko ere. Horixe da AZTIk egin duen eta URAk (Uraren Euskal Agentzia) kofinantzatu duen lanaren konklusio nagusia, zeinean aztergai gisa, Ibaizabalen estuarioa leheneratzeko proiektua –Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egina– erabili den.

Ibaizabalen estuario barruan kokatzen diren Areeta, Ereaga eta Arrigunaga hondartzetan ardaztu da ikerketa. Helburua zen estuarioaren ingurumena leheneratzearen kostuak –nagusiki saneamendu sistemarekin lotuak– eta hondartzak mantentzearen kostuak aztertzea, gero inguruneon jolas erabilerak dakarren itzulkin sozialarekin konparaketa egiteko.

Emaitzek zerbitzu ekosistemiko gisa egindako inbertsio batzuen itzulkin ekonomikoa egiaztatu dute. Udan estuarioko hondartzek duten jolas balio agregatua, kalkuluen arabera, urteko 3,5 milioi eurokoa da gutxienez. Etekin ekonomiko hori nahikoa da hondartzak mantentzeak dakartzan urteko kostuen %100 eta saneamendu sistemaren kostuen portzentaje handi bat ordaintzeko.

Azterlana Frontiers in Marine Science aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta AZTIko Sarai Pouso, Maria C. Uyarra eta Angel Borja ikerlariek egin dute, East Angliako Unibertsitateko (Norwich, Erresuma Batua) Munduko Ingurumenari buruzko Ikerketa Sozial eta Ekonomikoaren Zentroko (CSERGE) ikerlariekin batera. Ikerketa lana URAk kofinantzatu du (Uraren Euskal Agentzia), presio asko eta askotarikoen eraginpean dauden ekosistema akuatikoen kudeaketan zentratuta dagoen MARS europar proiektuaren barruan.

Estuarioen garrantzi ekonomikoa

Zerbitzu ekosistemikoak, berez, naturak gizarteari ematen dizkion gauza onuragarri ugariak dira, hala nola elikagaiak, ur garbia, polinizazioa, klimaren erregulazioa eta halako prozesuak, eta jolas jarduerak egiteko aukera. Eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoen kopuru handia dela eta, estuarioak dira giza jardueren gamarik zabalena jasaten duten itsas ekosistemak. Halako presioek, aldi berean, berekin dakarte estuarioetako zerbitzu ekosistemikoak arriskuan egotea.  

Horren adibide dugu Ibaizabal ibaiaren estuarioa, Bizkaian. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, industria, hiri eta portu garapenek penintsulako lekurik oparoenetakoa bihurtu zuten, ekonomikoki, estuario ingurua, batez ere burdinaren eta altzairuaren industrien garapenari esker.

Hala ere, garapen ekonomikoak Espainia iparraldeko kosta ingurunerik kutsatuena bihurtu zuen estuarioa, non bertako morfologia, bai eta baldintza ekologikoak ere, aldatu eta degradatu egin baitziren. Tratatu gabeko hondakin industrialak eta etxeko hondakin urak zuzenean isurtzen ziren estuariora; ondorioz, estuarioko urak biziki kutsatu ziren eta hondartzen jolas erabilera mugatu egin zen. 

Ibaizabalen estuarioa leheneratzea

1979an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan ordezkatutako toki agintariek saneamendu plan bat onartu zuten, bai sistemaren baldintza estetiko, sanitario eta ekologiko egokiak bai estuarioan dauden hondartzei loturiko jolas erabilerak leheneratzeko. 1990ean Galindoko hondakin uren araztegia eraiki ondoren, eta urak tratatzeko fase desberdinen martxan jartze progresiboarekin, uraren kutsadura nabarmen jaitsi zen, eta sistemaren baldintza ekologikoek hobera egin zuten.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoak eman dituen eta azterlan honetan jasorik dauden datuen arabera, 1989tik 2017ra bitartean 660 milioi euro inbertitu dira hondakin urak saneatu eta tratatzeko azpiegituretan. Gaur egun, funtzionamendu kostuak urtean 19 milioi eurotik gorakoak dira, kalkuluen arabera.

Bestalde, gaur egun hiru hondartzak mantentzeak dakartzan kostuak, kalkuluen arabera, 670.558 eurora iristen dira, urte osoko garbiketa eta udako zerbitzu espezifikoak barne (erreskate eta segurtasun zerbitzuak, dutxak, zakarrontziak etab. instalatzea).

Hondartzon jolas erabilera dirutan kalkulatzeko, “bidaia kostuaren” metodoa erabili zen. Oso ohikoa da metodo hau erabiltzea pertsonok ingurune naturaletan egiten ditugun jolas jarduerak diru zifra bidez emateko, zeren eta, normalean, halako jarduerek ez baitaukate merkatu balio errealik. AZTIko ikerlariek hiru hondartzetako bisitarien bidaien kostua baloratzeko behar zen informazioa jaso zuten, 2016ko udan banatutako inkesta baten bidez.

Estuarioko urak leheneratzeko egin diren inbertsioak lagungarri izan dira degradazioa geldiarazteko, biodibertsitatea leheneratzeko eta ekosistemako jolas zerbitzuen hornikuntza ziurtatzeko; horien artean: Areeta, Ereaga eta Arrigunagako hondartzen jolas erabilera, urtean 3,5 milioiren etekina dakarrena, AZTIk gidatutako azterlanaren arabera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)