Eu

Lide Amilibia: “Indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko 900 840 111 telefono-zenbakian 1.450 pertsonari eman zaie arreta urteko lehen hiru hiruhilekoetan”

2018.eko azaroak 23
  • Eusko Jaurlaritzak 900 840 111 zenbakiaren eta Puntu Lilaren beste 4.200 kartel banatu ditu, azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta
  • Zerbitzu horrek telefono bidezko berehalako arreta profesionala eta espezializatua ematen du, konfidentziala eta anonimoa, urteko egun guztietan, 24 orduz egunean
  • Helburua da arreta ematen dieten profesionalek zerbitzua gero eta gehiago erabiltzea eta emakume horiei informazioa eta aholkularitza emateko tresna baliagarri bilakatzea eta, horrela, tratu txarreko egoeratik irteten lagundu ahal izatea
  • Zerbitzu horrek, bikoteak edo bikote ohiak eragindako indarkeria kasuan ez ezik, emakume guztiek emakume izatearren jasaten dituzten indarkeria guztien kasuan ere ematen die arreta

 VG 2018 XI 23

900 840 111 telefonoaren bidez Indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatuarekin jarriko gara harremanetan. Telefono horretan, urteko lehen hiru hiruhilekoetan, 1.450 pertsonari eman zaie arreta, eta horiek 1.888 kontsulta egin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak emandako datuen arabera.

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenaren arabera, “900 840 111 telefonoa hurbileko baliabidea da, profesionala eta, batik bat, baliagarria indarkeriaren biktima diren emakumeentzat”. Zerbitzu horren bereizgarri da, beste batzuekin erkatuta, informazioa eta aholkularitza eman eta euskarri emateaz gainera, emakumeari tratu txarren egoera horretatik irteteko laguntza ematen diola, bizitza autonomoa bizi ahal izateko, bere seme-alabekin, edukiz gero. Horretarako, “telefonoaren bestaldean, profesionalek tratu txarren egoeretatik irteteko beharrezko indar eta ahalduntze pertsonalerako prozesua sustatzen eta bultzatzen dute eta, betiere, beren denborak eta egoerak errespetatzen dituzte. Elementu horrek zerbitzu hori bereizgarri egiten du, eta balio erantsia ematen dio, “gure ustez balio handikoa”, esan du sailburuordeak.

Urteko lehen hiru hiruhilekoetan, egindako arreten % 11,23 trinkoa izan zen, alegia, emakume batek zerbitzuan lau arreta baino gehiago jaso zituen. Sailburuordearen hitzen arabera, “hori dela eta, telefonoa genero-indarkeriaren gainean kontzientziatzeko eta hari aurre egiteko prozesuetan laguntzeko zerbitzua da, eta ez bakarrik telefono baten bidez informazio zehatz hutsa ematen duen zerbitzua”.

Urtarriletik irailera, jasotako deien % 53,2 Bizkaikoa izan zen, % 25 Gipuzkoakoa eta % 17 Arabakoa, zerbitzuaren datuen arabera. Gainerakoak kanpotik iritsi ziren. Deia egin zutenak direla eta, kasuen % 65,2n biktimak berak jo zuen zerbitzura. Kasuen % 28,6n biktimen hurbilekoek deitu zuten eta % 4,63n profesionalek markatu zuten 900 840 111 zenbakia, osasunaren eta abokatutzaren eremuan eta gainerakoetan gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten pertsona diren aldetik.

900 840 111 zenbakia berehalakoa da, eta urteko 365 egunetan dago erabilgarri, eguneko 24 orduetan. Ez du arrastorik uzten telefonoaren fakturan, eta hori ezinbestekoa da erasotzailearekin bizitzen jarraitzen duten eta haren kontrolpean dauden emakumeen kasuan. Gainera, 51 hizkuntzatan ematen du arreta, eta entzumenaren eta/edo mintzamenaren aniztasun funtzionala duten pertsonei arreta emateko gailua du.

Kartelen banaketa

Gainera, iaz bezala, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 4.200 kartel inprimatu ditu 900 840 111 zenbakiarekin eta Puntu Lilarekin; puntu lila emakumeen aurkako indarkeria baztertzen dela erakusteko sinboloa da. Azaroaren 25ean egingo da kartelen banaketa, Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean. Kartel horiek, emakumeak izaten diren lekuetan ez ezik, beraiei arreta ematen dieten profesionalak izaten diren lekuetan ere banatu dira:  Biktimei Arreta Emateko Zerbitzuaren (BAZ) lau bulegoak, Ertzaintzaren komisariak, hiru lurraldeetako oinarrizko gizarte-zerbitzuak, zentro medikoak, Lanbideren bulegoak, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren egoitzak, Eusko Jaurlaritzako lurralde-ordezkaritzak, ikastetxeak eta unibertsitate-zentroak, emakumearenganako indarkeriaren epaitegiak, Emakunde, elkarteak eta abar.

Zerbitzua

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza honek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiei ematen die arreta, zentzurik zabalenean: ez du bakarrik arreta ematen bikotearen edo bikote ohiaren aldetik emakumeek jasaten duten indarkeria-kasuetan, baita bere familia-inguruneko bikotekideaz bestelako gizonen baten aldetik jasandako kasuan ere (aita, neba, semea…), abusuaren, erasoaren eta sexu-jazarpenaren kasuan, salerosketaren, derrigorrezko prostituzioaren, lan-eremuko jazarpenaren eta beste hainbaten kasuan. Gainera, 900 840 111 zenbakian emakume guztiei ematen zaie arreta, beren administrazio-egoera erregularra edo irregularra izan, errolda izan ala ez izan, erasotzailearekin harremana izan ala ez izan etab.

“Sarritan, emakumeek zalantza izaten dute indarkeriaren biktima izaten ari ote diren, gehiegikeriatan ote dabiltzan, normala den ala ez bizi duten egoera hori. Eusko Jaurlaritzak dei egin nahi die 900 840 111 zenbakira dei dezaten eta zalantzak argitu ditzaten. Deia profesionalek entzungo dute eta profesional horiek beren egoera errespetatuko dute”, esan du Amilibiak.

Zerbitzua nagusiki Euskadikoa denez eta haren jardun-eremu bakarra Euskal Autonomia Erkidegoa denez, hurbileneko ingurunean dauden eta balia ditzaketen baliabide guztien informazio osoa eta zehatza eskuratu dezakete deitzen dutenek, besteak beste, gizarte-zerbitzuena, osasun-zerbitzuena, zerbitzu judizialena, polizia-zerbitzuena… Horrela, helbide eta telefono zehatzak emango dituzte, eta zuzenean bideratuko dituzte horietara, batik bat arrisku-egoera antzematen denean eta emakumeak baimena ematen duenean. Era berean, zerbitzua gainerako zerbitzuekin koordinatzen da, bideratzeko eta jarraipena egiteko protokoloen bidez, eta, horrela, emakumearen arreta integrala lortzen da.

900 840 111 telefonoan profesionalek ematen dute arreta, psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek, nagusiki, eta horiek etengabe ari dira prestakuntza jasotzen: emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloan ez ezik, arreta integralerako ezinbesteko diziplina guztietan ere: zuzenbidea, atzerritartasuna edo psikologia, besteak beste.

Amilibiak, amaitzeko, zerbitzuak “balio handia duela” esan du; izan ere, zerbitzu “anonimoa eta konfidentziala” denez, “motibo asko tarteko, ohiko aurrez aurreko baliabideetara, besteak beste udaletako edo foru-aldundietako gizarte-zerbitzuetara, polizia-zerbitzuetara, juridikoetara, medikoetara eta abarretara jotzera ausartzen ez diren” emakume asko erakartzen ditu.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak “ordainketa bakarra”ren laguntza ekonomikoa ere kudeatzen du, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Laguntza horrek, aurten, 1.100.000 euroko aurrekontua du, 2018. urteko emakidetarako; gorakada txikia egon da, aurreko urteetan jasotako eskabide-kopuruaren aldean. Gainera, Sailak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez, indarkeria jasaten duten emakumeentzako eta horiei arreta ematen dieten profesionalentzako eta beraientzako baliabide eta zerbitzuei buruzko aholkularitza eta informazioa ematen ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak