Eu

Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresuan hogeita hamar bat aditu batuko dira, Europa Jauregian, abenduaren 13an eta 14an

2018.eko azaroak 22
  • Sami Naïr politologo, filosofo eta soziologoak emango du lehen hitzaldia

VG 2018 11 22

Abenduaren 13an eta 14an, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian Eraberean Sareak Biltzen - Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eskutik antolatu duen Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresua izango da. Kongresuak bi jardunaldi izango ditu eta, horietan, hogeita hamar bat aditu baino gehiago batuko dira eta, horrela, euskal hiriburua tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren inguruko epizentro bilakatuko da. Bertan, hainbat sektoretako eragile ordezkariak batuko dira, besteak beste, abokatutzaren, hezkuntzaren, enpleguaren, epailetzaren, komunikabideen, segurtasunaren arloetakoak. 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zera esan du: “diskriminazioaren eta gorroto-delituen aurkako borroka berdintasunaren arloko, aniztasunaren kudeaketaren arloko eta gizarte-kohesioko politika aurreratuen ardatzetako bat da, bai eta gaitzespeneko eta bazterketako jarreren eta portaeren eraginpean dauden eta gizarte-egoera ahuletan dauden pertsonak gizarteratzeko eta beraien justiziarako edozein plangintzaren funtsezko oinarri ere”.

Artolazabalek berak irekiko du kongresua inaugurazio-hitzaldiarekin, ostegunean, abenduaren 13an, Francisco de Vitoria ekitaldi-aretoan.  Ondoren, Sami Naïr politologoak, filosofoak eta soziologoak, migrazio-mugimenduen espezialistak, hitzaldia emango du. Naïr Paris VIII Unibertsitateko Zientzia Politikoetako katedraduna da, eta Frantziako Gobernuko garapenkideko eta nazioarteko migrazioetako ministerio arteko ordezkaria izan da, bai eta Europako Parlamentuko diputatua ere.

Eraberean Sarearen eginkizuna Euskadiko politika publikoetan eta sozietate zibilean tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde egitea da, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta honako hiru begirada hauekin zerikusia duten erakundeetako ordezkariek eratzen dute: ijitoak, migratzaileak eta LGTBI kolektiboa. Hori dela eta, Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresu honen helburua da eragileek diskriminazio-moduen eta analisi-perspektiben inguruan jarduteko, hausnartzeko eta hausnarketa horiek trukatzeko leku iraunkorra sortzea.

Jardunaldiak

Lehenengo jardunaldian, zenbait aditu honako gai hauez arituko dira: kazetaritza eta konpromisoa berdintasunaren eta diskriminazio ezaren alde; ekimen politikoak eta lege-mailakoak diskriminazioaren arloan; diskriminazioa sare sozialetan: gorrotoaren aurkako ziberaktibismoa;  duintasuna enpleguan: agenda partekatua; eta diskriminazioa eta espazio publikoa: aniztasuna eta erronkak.

Mahai-inguru horietan, besteak beste, honako hauek parte hartuko dute: Alfonso Armada Reporteros Sin Fronteras-eko kazetaria eta presidentea; Nazanin Armanian analista politikoa; Fidel Raso fotokazetaria; Alex Cabo Online contra la Xenofobia y la Intolerancia (PROXI) proiektukoa; Demetrio Gómez Ververipen-ekoa; Natalia Pérez (Naty Penadas) eta Alba Vidal (Koala rabioso) Koalak Studios, Spanish Queens-ekoak; Manuel Velázquez Laneko Diskriminazioa eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokikoa; Ghassan Saliba Comisiones Obreras de Catalunyako gizarte-kohesioaren arlokoa; Marta Fernández Berdintasunaren aldeko Enpresen Sarekoa; Lala Mugika Aldarte elkartekoa; Gorka Urrutia Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Deusto Institutukoa; eta Ismael Cortés Central European Universitykoa- Romani Studies Program.

Bigarren jardunaldian, ostiralean, hilaren 14an, Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Faustino López de Foronda Arartekoaren bulegoko idazkari nagusiak jardungo dute elkarrizketan honako gai honen inguruan: “Euskadi diskriminazioaren aurrean: erronkak eta aukerak”. Mahai-inguruan jardungo dute, Eva Domaika kazetariak zuzenduta.

Ostiralean beste gai batzuk ere aztertuko dira: diskriminazioa eta gorroto-delituak: operadore juridikoen ikuspegia; protokolo instituzionalak diskriminazioaren aurkako borrokan; kexen eta salaketen kudeaketa, gertakari diskriminatzaileen eta gorroto-delituen inguruan; eta diskriminazioa hezkuntzatik prebenitzea eta bizikidetza sustatzea. Ondoren, paraleloan eratuko den mahai bakoitzaren ondorioak batuko dira, eta laburpena egingo da.

Mahaietan honako hauek parte hartuko dute: Begoña Castro Madrilgo Abokatuen Elkargokoa; Jesús Alfonso Poncela Arabako Probintzia Auzitegiko magistratua; Ana Laura Núñez Bizkaiko Probintzia Fiskaltzakoa; Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria; Javier Sáez del Álamo Europako Kontseiluko kontseilari ohia; Tomás Fernández Gorroto Delituen Bulego Nazionalekoa; Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak katedraren zuzendaria; Itziar Barrenkua Arartekoaren bulegoko gizarte-inklusioaren, etorkinen, ijitoen eta beste gutxiengo kultural batzuen arlokoa; Mikel Mazkiaran SOS Racismo Estatuko federaziokoa eta Eraberean Sareko kidea; Lucía Torrealday Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria;  eta Aitor Albizu Bizikasi ekimenekoa.

Eraberean Sarea

Eusko Jaurlaritzaz gainera, honako elkarte hauek ere eratzen dute Eraberean Sarea: Aldarte, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, Gao Lacho Drom, CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, AGIFUGI, Gehitu eta SOS Racismo Gipuzkoa. Elkarte horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude, eta antena gisa dihardute, diskriminazio-egoerak antzemateko eta pertsona eta taldeei arreta emateko.

Sarearen kanpo-jarduerak hainbat dira, besteak beste, prebentzioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa, kasuen zuzeneko arreta, diskriminazio-tratuaren edo gorroto-delituaren biktima diren pertsona edo taldeentzako aholkularitza eta laguntza. Azken hori da sarearen jardueraren funtsezko alderdia. Arreta aurrez aurrekoa eta telefonikoa edo posta elektronikoaren bidezkoa izan daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak