Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Lide Amilibia: “Adinekoentzako politikek zahartze aktiboa eta beren independentzia, duintasuna eta erosotasuna dituzte oinarri”

2018-11-22
  • ‘Adinberri Kongresua: Zahartze Osasuntsuaren Erronkak eta Aukerak Gipuzkoan’, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Tabakalera kultura-espazioan

DSS 2018 XI 22

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, honako hau esan du: “erakundeek adinekoen eremuan garatzen dituzten politikek bi oinarri dituzte: zahartze aktiboa eta zahartzen diren pertsonen independentziari, duintasunari eta erosotasunari eustea. Ez dago gizarte-eraikuntzarik gizarte-kohesiorik gabe; beraz, pertsona ahulei justiziaz, duintasunez, kalitatez eta berotasunez eman behar diegu arreta”.

 

Amilibia sailburuordeak, gaur, ‘Adinberri Kongresua: Zahartze Osasuntsuaren Erronkak eta Aukerak Gipuzkoan’ biltzarraren lehen jardunaldian parte hartu du; biltzarra Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, Tabakaleran, Donostia–San Sebastiánen. Topaketan, besteak beste, Markel Olano diputatu nagusiak, José Ángel Cuerda Vitoria-Gasteizko alkate ohiak, Mª Carmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru-diputatuak parte hartu dute.

 

Amilibiak, hitzaldian, “2015-2020 aldirako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia” aurkeztu du, eta nabarmendu du zahartzea “arrakasta soziala dela eta fenomeno demografikoa, eta hala tratatu behar dela alderdi guztietan; izan ere, bizi-luzetasunaren iraultza bizi dugu, eta urte gehiago biziko gara, baldintza hobeetan”.

 

Gizarte Politiketako sailburuordearen hitzen arabera, “gure biztanleen laurdenak inguru 65 urte edo gehiago ditu, eta Euskadik jaiotza- eta ugalkortasun-tasa baxuak ditu; beraz, biztanleen zahartzea errealitate nabaria da”.

 

Errealitate hori aintzat hartuta eta euskal herritarrei, oro har, erantzuteko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, duela hiru urtetik hona, 2015-2020 aldirako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia garatzen ari da. Estrategiak hiru arlo handi ditu.

 

Estrategia horren bidez, gizarte-aldaketa eta antolamendukoa sustatu nahi da Euskadin, biztanleriaren egiturarekin eta bertan zahartzen diren pertsonen eginkizunarekin bat datorren gobernamendu-eredua sortuko duena, bai politika publikoen eremuan, bai pribatutasunaren eremuan. Eremu horretan, sailburuordeak honako hau azaldu du: “abenduaren 19an, Agenda Nagusi aurkeztuko dugu, adinekoekiko gobernamenduaren euskal estrategia”. Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian izango da.

 

Estrategiaren bigarren arloak “hobeto zahartzeko aurrea hartu eta prebenitzea”z dihardu, eta zahartzen diren pertsonen autonomia eta independentzia sustatzen ditu, eta, horretarako, bere bizitza-proiektuaren gaineko erabakiak errazago hartzeko zeharkako prebentzio-neurriak ezartzen ditu. Lide Amilibiak azaldu du guztiok har ditzakegula “erabakiak gure bizitzan, geure zahartzea gogoan hartuta; izan ere, bizi osoko prozesua da”.

 

Ongizatearen gizartea eraikitzeko lagunkoitasunaren eta partaidetzaren atalean, Eusko Jaurlaritzak “lagunkoitasun” paradigma orokortzea sustatzeko ekintzak sustatzen ditu eta, horretarako, prozesu horretan zahartzen diren pertsonen protagonismoa eta partaidetza bermatzen ditu.

 

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sarea sustatu dugu; bertan, 58 euskal udalerri batzen dira, eta munduko garrantzitsuenetako bat da. Euskadi Lagunkoiaren helburua da adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzea, auzo eta udalerriak hobetzeko, zahartu ahala geure bizitza egiten jarraitu ahal izateko”, esan du Amilibiak.

 

Gaur egun, udalerri lagunkoiez gainera, Euskadi Lagunkoiak establezimendu lagunkoien sarea ere eratu du, adinekoak horietan erosoago sentitu ahal izateko, beren bizitza autonomiaz ahalik eta denbora gehien egin ahal izateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano, Maite Peña, José Ángel Cuerda, María del Carmen Garmendia