Berriak Hezkuntza
Eu

Hezkuntza komunitatearekin bilkura. “Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman”

2018.eko azaroak 21
  • Cristina Uriarte sailburuak “Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman” azterlana aurkeztu dio hezkuntza komunitateari Bilbon
  • Hezkuntza Sailak azterlanaren alderdirik esanguratsuenak azpimarratu ditu bilkuran, eta bertaratutakoek galderak, iritziak nahiz iradokizunak azaltzeko aukera izan dute

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso eta Olatz Garamendi sailburuordeak lagun zituela (Hezkuntza eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, hurrenez hurren), Hezkuntza Sailak burutu eta berriki argitaratu duen “Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman” azterlanaren alderdi nagusiak azaldu dizkie hezkuntza eragileei, gaur goizez Bilbon.

Lan-bilera honetan parte hartzaile izan dira ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeen ordezkariak, familia elkarteen ordezkaritza, hezkuntza patronalenak eta baita sindikatuetako kideak ere. Bilkuraren helburua izan da, jatorri atzerritarra duten ikasleei dagokienez Euskal Hezkuntza Sistemaren egungo egoeraren azterketa xehea egiten duen azterlanaren edukiak eta zehaztasunak azaltzea.

Bere agerraldian, Cristina Uriartek dokumentuaren balioa nabarmendu nahi izan du, funtsezko tresna baita hau ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatuko duen eskola lortzeko ekintzak definitu eta sustatu ahal izateko. Beste zenbait alderdirekin batera, sailburuak zera azpimarratu du: “Diagnostiko honetatik ondorioztatu daiteke ikasleen eskolatze bereizia fenomeno konplexua dela, modu askotan agertzen dena, eta hainbat faktoreren arabera. Honen atzean daude, besteak beste, lurraldeen egituraketa sozial-urbanoa eta ikastetxeen kokapen geografikoa, desberdintasun sozialak eta baita eskolaren hautaketan azaleratzen diren prozesu soziologikoak ere, azken hauek familien aukeraketarako lehentasun eta patroi bereizgarri bihurtzen baitira”.

Azterlan honek egiten duen diagnostikoak Hezkuntza Sailari ahalbidetu dio garatu beharreko ekintza berriak zehaztea. Ekintza berri hauek, dagoeneko beste zenbait ekimenen bidez abian direnei batuko zaizkie. Horrela bada, Euskal Hezkuntza Sistemak egoera konplexuei aurre egiteko duen indarra nabarmendu nahi izan du Cristina Uriartek. “Gure hezkuntza sistemak, berau osatzen duten profesionalei esker, hezkuntza komunitate parte-hartzaile eta inplikatu horren lanari esker, eta administrazioen kudeaketari esker, garai berrietara egokituz egin du azken 30 urteetako bilakaera”.

“Gai izan gara akordiotik lan eginez, orain bikaintasunerantz doan sistema bat sortzeko, baina bereizgarri dituen ekitatea eta inklusibitatea galdu gabe. Kohesio soziala bermatuko duen sistema bat. Printzipio horiek daude neurri berrien oinarrian, errealitate berrira egokituz. Zeregin honetan guztiok egin dezakegu geure ekarpena, borondate eta ahalegin guztiak bateratzeak kohesioan aurrera egiten jarraitzeko bidea irekiko baitigu, aniztasunari arreta hobea eskainiz horrela”.

Uriarte sailburuaren txanda amaitu denean, bertaratutakoek aukera izan dute Hezkuntza Sailari galderak, iritziak eta iradokizunak helarazteko, bai azterlanaz eta baita Euskal Hezkuntza Sistemaren errealitateaz ere. Orotara, ordu eta erdiko iraupena izan du bilkurak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak