Eu

Jardunaldiaren inaugurazioa: Pentsioen problematika: Zer egin egun? . Erronka eta irtenbide nagusiak.

2018.eko azaroak 26

JARDUNALDIAREN INAUGURAZIOA

PENTSIOEN ARAZOA: ZER EGIN ORAIN?

Erronka eta irtenbide nagusiak

Bilbo. 2018ko azaroaren 26a

 

Egun on guztioi.

BGAE-en Federazioak erregularki antolatzen dituen jardunaldietan parte hartzen dudan hirugarren urtea dut hau, eta atsegin handia da niretzat. Aurreko aldietan bezala, hasteko, benetan eskertzen dut Federazioak egiten duen lana gure gizarte-aurreikuspen osagarria hedatzen eta sendotzen laguntzeagatik.

Gaurko programan daukagun panelean, alderdi guztiek aukera izango dute euren jarrera azaltzeko. Gainera, aditu handi baten txostena izango dugu, José Antonio Hercerena, hain zuzen ere.

Berari ongietorria eta eskerrak eman nahi dizkiot, gure sailarekin ere lankidetzan ari delako EKONOMIAZ aldizkariaren “Zahartzea eta aldaketa demografikoak” hizpide duen monografikoaren koordinatzaile gisa. Lan hori datorren urtean emango da argitara eta, pentsatuko duzuenez, inondik ere, lotura estua du jardunaldi honen edukiarekin berarekin.

Gauza asko gertatu dira azken urtean gizarte-segurantzaren arloan; baina, ez dut gelditu nahi pentsioen sistema publikoari buruzko politika ekonomikoaren arloko neurrien arazoetan eta itzulinguruetan. Izan ere, gai hori Herce irakasleak, zalantzarik gabe, sakonean aztertuko du eta, bestalde, alderdi politikoen eztabaidaren xede izan da.

Hauxe besterik ez dut gogorarazi nahi: ikuspegi teknokratikotik esaten zenean iraunkortasunik gabe nahikotasunik ez dagoela, denok bagenekien nahikotasunak modu iraunkorrean sufrituz gero asegabetasun handia sortuko zela. Eta horixe gertatu da.

Kezkagarria da pentsio publikoekiko dagoen asegabetasun handia. Alde batetik, ikusten dut Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaiola ezin duena eta egin behar ez duena egin dezan, eta nire ustez utziezina den hori ahaztu dezan. Hori azaltzeko, bi gai nagusi garbi utzi nahi ditut:   

  1. Ez da Eusko Jaurlaritzaren egitekoa lehen pilareko pentsioen arazoari heltzea. Ez du arautzeko ahalmenik, eta ez luke izango sistemaren kudeaketa bere gain hartuta ere, Estatutuak adierazten duen moduan.
  2. Bada, Jaurlaritzaren egitekoak dira gizarte-aurreikuspen osagarria, haren arautzea, ikuskapena eta sustapena.

Lehenengoari dagokionez, esan beharra daukat diru-sarrerak bermatzeko errentaren kontu-hartze  titulua bideratuta dagoela mundu guztiari (pertsona pasiboak barne) bizirauteko gutxienekoa ematera, erabateko zuzentasunez eta ahalmen ekonomikoaren araberako eskuratze-baldintzetan. Haren helburua ez da —eta ezin da inola ere izan— pentsioen maila jakin bat bermatzea.

Bigarrenari dagokionez, argi eta garbi esan nahi dut BGAE-en bidezko gizarte-aurreikuspen osagarria Jaurlaritzaren erantzukizun esklusiboa dela, eta gure ustez betebehar utziezina dela hura sustatzea orain dagoen geldialditik ateratzeko.

Esan nahi dut, halaber, hura orokortzearen asmoa ez dela sistema publikoa ordezkatzea, baizik eta hura indartzea. Hain zuzen, Jaurlaritzak duela hamalau urte lehen plana egin zuenean edo laurogeiko hamarkadan hasi zenean bezain beharrezkoa da hori gaur egun.

Duela urtebete egin nuen hitzaldian, jarraian adieraziko dudan diagnostikoa egin nuen. Indarguneen artean, honako hauek aipatu nituen:

1) Arautze propio bat finkatua dugu.

 

2) Zerga-pizgarriak definitzeko ahalmena dugu.

 

3) Enplegu-sistemetan esperientzia azpimarragarria garatu da, baina ez behar adinakoa.

 

4) Interesa duten alderdi guztien artean oinarrizko adostasuna dago; izan ere, lehen pilare publikoa funtsezko elementua izanda, bigarren pilarearen bitartez aurreikuspen osagarria orokortzeko beharra dago.

 

Eta, zailtasunen artean, honako hauek adierazi nituen:

 

1) Herritarrek, oro har, ez dituzte ondo ezagutzen gizarte-aurreikuspen osagarriaren helburua eta funtzionamendua, eta, askotan, zerga-tratamendu abantailatsua duen finantza-produktu batekin lotzen dute.

 

2) Negoziazio kolektiboa soldatan eta lanaldian kontzentratzeak, ordainsariak hobetzeko zailtasunarekin batera, enplegu-sistemaren garapena zailtzen du.

 

3) Errenta ertain eta baxuko kolektibo handien eta, bereziki, gazteenen aurrezteko gaitasuna oso mugatua da krisiaren eragin handiaren ondorioz.

 

4) Zerga-pizgarriek ez dute bigarren pilarea —helburu nagusia, alegia— zabaltzen behar bezala lagundu.

 

Bada, jarduteko printzipioen dokumentu batean oinarrituta solaskide guztiekin egindako lan biziaren eta bileren ondoren, aurreko puntuetako batzuk zehaztuko nituzke.

Indarguneen artean, orain uste dut baikorregia zela esatea interesa duten alderdi guztien artean bigarren pilarea orokortzeko oinarrizko adostasuna dagoela.

Zergatik diot hori? Gizarte-eragileen egungo balioak paradigma horretatik urrun daudela iruditzen zaidalako. Enpresaburuen ordezkaritzak kostuari ematen dio garrantzia —hori ulergarria da—; baina, gainera, esan esaten du negoziazio-plataformetan ez dela faltan ematen gizarte-aurreikuspen osagarria, eta, areago, aurpegiratzen dute ez dela egokia berori sartzen saiatzea.

Sindikatuen baitan uste da —kasu batzuetan, ikuspegi ideologiko baten pean— sistema publikoaren kaltetan izango dela eta pentsioak pribatizatu nahi direla, eta, oro har, irizten da soldata-baldintza kaskarrek hura irreala egiten dutela.

Eta, lehen aipatutako zailtasunei dagokienez, fiskalitateari buruzko laugarren puntuaren inguruan, ziur aski, ikuspegi desberdinak daude egungo status quo fiskalak aldaketa handiak behar dituen ala ez.

Ez dut sarkastikoa iruditu nahi, baina, gaur egungo egoeraren aurrean, honako hau baieztatzeko tentazioa sentitzen dut: Bazirudien denok aldaketa nahi genuela, baina inor ez dago aldatzeko prest.

Ez dut esan beharrik, sistema inposatzerik ez badago, hura sustatzeak bi oinarri hauek besterik ezin dituela izan: balioak aldatzea eta pizgarriak egoki diseinatzea.

Oso ondo ulertzen ditut enpresaburuek aditzera ematen dituzten zailtasunak. Erakunde baten aurrekontuaren arduradun gisa, non 10.000 milioi euroko gastu errealaren % 43 inguru pertsonen kapituluari baitagokio, ez dut behar inork soldata igotzearen zailtasuna ikusarazterik; kontuan izanik, gainera, igoera hori geroratua denean egungo soldatarekin lehian dagoela.

Krisiaren unerik gogorrenetan, gizarte-aurreikuspen osagarria Jaurlaritzaren kontuetatik desagertu zen; erdizka, doitzeko borondatezko erabakiagatik eta, erdizka, Estatuko arau batengatik. Ez da batere erraza izan; baina, ekonomiaren hobekuntzarekin konpromiso irmoa hartu dugu hura berreskuratzeko, eta legegintzaldiaren amaierarako % 1,5eko ekarpen-maila finkatuta edukiko dugu.

Anglosaxoiek diotenez, walk the talk; hau da, esandakoa bete, edo, guk esaten dugun moduan, “adibidearekin predikatu”. Eta hori da gizarte-aurreikuspen osagarriarekin eta soldaten berreskuratzearekin egiten ari garena. Hain zuzen, horren komenigarritasuna behin eta berriz nabarmendu dugu bi urte hauetan.

Hori dela eta, soldata-baldintzei dagokienez sindikatuen jarrera orobat ulertzen badugu ere, uste dugu horrek ez duela eragotzi behar gizarte-aurreikuspen osagarria sartzeari dagokionez jarrera aktiboagoa hartzea.

Asmoa da urratsak ematea planteamendu errealista eta mailakako baten pean, eta planteamendu horri atxikitzea eskatzen diegu enpresei, premisatzat hartuta gizarte-aurreikuspen osagarria balio garrantzitsutzat jo behar dela gizartearentzat eta enpresarentzat berarentzat.

Esan bezala, balioak funtsezkoak dira, baina horiei pizgarriak gehitu behar zaizkie eta, horri dagokionez, fiskalitatea funtsezkoa da. Zailtasunen gure diagnostikoan, gorago esan bezala, hautematen dugu fiskalitatea ez dela iritsi izatera soldata ertain eta baxuetarako errenta gisa jasotako pentsio osagarriak orokortzea sustatzeko izan zitekeen bezain eraginkorra.

Hautemate hori naturaltasun osoz hartu behar da, eta ez dakar, inola ere, iraganari buruzko balorazio negatiborik egia. Politika publikoak eboluzionatu ahala eta esperientziarekin ikasten dugun neurrian, fiskalitateak esperientzia horrekin batera eboluzionatu behar du, eta  horri besterik ez dio erantzuten hautemate horrek.

Zerga-proposamenaren zirriborro bat amaitzen ari gara, lehenik eta behin foru-aldundiekin aztertuko duguna, zerga-gaietan haiek baitute eskumena. Gizarte-aurreikuspen osagarrirako sistemaren printzipioei buruzko kontsulta-prozesuan, lehentasuna eman genien sektoreari eta gizarte-eragileei; baina, orain, uste dugu zentzuzkoa dela zerga-administrazioetatik hastea, ondoren gainerako eragileen iritzia jasotzeko.

Azaldutako arrazoiak direla eta, ezinezkoa da eta ez da egokia hemen zerga-proposamen horren edukia xehatzea; baina, hala ere, oinarri izan dituen printzipioetako batzuk aditzera eman nahi ditut.

Helburu nagusiak honako hau izan behar du: palanka fiskal hori erabakigarria izatea gizarte osoa orokortzearen helbururantz mobilizatzeko. Horrek esan nahi du akuilu bat izan behar duela plan berriak sortzeko eta daudenak lehentasunezko enpleguetarantz eraldatzeko. Baina, era berean, laguntzeko aukera bat ireki behar du edozein arrazoi dela-eta plan horietatik kanpo geratzen direnentzat.

Bada, uste dugu hori lor daitekeela jarraian aditzera ematen ditudan lau printzipioen arabera:

  1. Abiapuntutzat, planteatu da kidetasun bat ezartzea lehentasunezko enpleguaren sistema osagarrirako ekarpenen eta sistema publikoaren ekarpenen artean, biek helburu berari erantzuten baitiote. Jakina, aurrez finkatutako muga bat ezarri beharko litzateke —gizarte-segurantzarako kotizazioak berak mugatuta baitaude—, baita pertsona guztiei berdintasuna bermatuko dien muga orokor bat ere.
  2. Guztiz bestelako kasua da gastu fiskal batzuei dagokiena; adibidez, kapitaleko erreskatea jasotzearen kasuan egiten den % 40ko murrizketaren ondorioz. Uste dugu irizpide murriztailea hartu beharra dagoela horrelako kasuetan; izan ere, halakoetan ez da laguntzen errenta orokortu eta jasotzeko zereginean.
  3. Gure ustez, lehentasunezko enplegu-planetarako enpresa-ekarpenen kostua bere gain hartzen duten enpresei pizgarriak eman behar zaizkie.
  4. Aurrekoaz gain, beste kenkari-neurri batzuk ere hartu behar dira kontuan lehentasunezko planetan sartzen diren langileentzat eta lehentasunezkoak ez diren beste plan batzuetarako; hau da, enplegu-planetarako edo banakako planetarako, inor gizarte-aurreikuspen osagarritik kanpo gera ez dadin.

Ikus daitekeenez, planteamendu orokorra eta erabat malgua da, eztabaidatu beharrekoa. Baina, erne ibili behar da, ezinbestekoa baita helburu nagusia lortzen benetan laguntzea. Bestela, euskal gizarte osoarentzat zuzentasuna eta ongizatea galduko lirateke.

Eta, bukatu behar dudanez, orain dela gutxi hildako Jon Aldekoa ekonomiaren arloko profesionala gogoratu nahi nuke, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-aurreikuspen osagarriaren garapenean egindako ekarpen handiagatik harekin zorretan baikaude. Hemendik, bere ibilbidean zehar egindako lanagatik, harenganako hil ondorengo esker ona azaldu nahi dugu.

Nahiko nuke nire hitzaldia ixten duen protokolozko txaloa berari zuzentzea, harenganako omenaldi txiki moduan.

Eskerrik asko.

Pedro Mª Azpiazu Uriarte

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburua

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak