Eu

El Corte Ingles, Carrefour, Uvesco eta Eroski merkataritza-gune handiek bat egin dute Euskaraldia ariketa sozialarekin

2018.eko azaroak 21

Vitoria-Gasteiz, 2018/11/21            

El Corte Ingles, Carrefour, Uvesco eta Eroski merkatarizta-gune handiek bat egin dute Euskaraldia ariketa sozialarekin. Goizean Bilbo erdian izandako ekitaldi batean, publikoki adierazi nahi izan dute merkataritza esparruan hizkuntza ohituren aldaketaren aldeko ariketa sozialean parte hartuko dutela. “Gure langile, bazkide eta bezeroei dei egiten diegu, hala nahi badute, Euskaraldian parte har dezaten eta gure saltokietan ahobizi eta belarriprest izan daitezen”, adierazi dute sinatu duten dokumentu batean.

Lau merkataritza-gune handi hauetako ordezkariak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin izan dira ekitaldian. “Lan-munduan euskararen erabilera sustatzeaz ari garenean, ezin dugu ahaztu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea ere badela gizarte aurreratu eta demokratikoenen ezaugarri nagusietakoa. Eskubide horiek babesteko neurriak hartzeko konpromisoa hartuz, Kontsumitzaileen dekretuaren eraginpeko enpresa pribatuekin (finantza entitateak eta merkatal gune handiak) harremanak eta lankidetza indartzen ari gara”, adierazi du Dobaranek.

Lau merkataritza-gune handi hauek, beste batzuekin batera, hitzarmen bat sinatu zuten 2016an Hizkuntza Politikako sailburuordetzarekin hizkuntza eskubideen gaiarekiko jarrera proaktiboa garatzeko konpromisoa agertuz. Orain, pauso berri bat eman nahi izan dute eta Euskaraldiarekin bat egin dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak