Kontroleko osoko bilkura (2018/11/23)
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek legebiltzarreko taldeen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran:
Lander Martínez Hierro jaunak, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, Eusko Jaurlaritzaren hurrengo hilei buruzkoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun dio azken 24 hiletan Euskadik modu positiboan egin duela aurrera. Lehendakariaren iritziz, ekonomiak eta enpleguak gora egin dute. “Helburu horiek dute lehentasuna, ezinbestekoak baitira gure ongizate-sistema bermatzeko”, eman du aditzera lehendakariak. Ildo horretan, lehendakariak nabarmendu du, datozen hiletan, Eusko Jaurlaritzaren erabakia izango dela hazkundea, enpleguaren sorrera eta herritarrentzako funtsezko zerbitzugintza bermatzeko lanari jarraipena ematea.
Alfonso Alonso Aranegui jaunak, Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, legegintzaldiaren balantzeari buruzkoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun dio aurrera egin dela planteatu diren herri-erronkei eta -helburuei Eusko Jaurlaritzak eman beharreko erantzunean. “Euskadi hazten ari da. Inbertsioak, esportazioak eta bisitatzen gaituzten pertsonen kopurua hazten ari dira. Euskadin Gizarte Segurantzarako afiliazioa eta enplegua hazten ari dira” nabarmendu du.
Lehendakariak, atzo argitaratu zen Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen txostena aipatuz, gogorarazi du txostenak honela kalifikatzen duela Euskadi, gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta: produktibitate handiena duena; langileen kualifikazioari dagokionez, eskariaren eta eskaintzaren artean oreka handiena duena; negozio berrien iraupen-tasarik handiena duena; eta eskola-porroteko tasarik txikiena duena. “Europako batez bestekoaren azpitik gaude pobrezia-indizean; Estatuan buru-buruan gaude gizarte-gastuaren arloan, eta balorazio onena duen osasun publikoa dugu”, eman du aditzera. Lehendakariak erantsi du hori guztia ahalegin kolektiboaren emaitza dela, eta ahalegin horretan erakundeek ere parte hartzen dutela. “Bi urte ditugu aurretik, bat egin hobetzearekin eta batzearekin; bide luzea dugu egiteko, zalantzarik gabe, baina elkarrizketaren eta akordioaren atea zabalik dago; zabalik ekarpenak egiteko, inbertsioak egiteko, eraikitzeko eta batzeko”, esan du.
Unai Urruzuno Urresti jaunak, EH Bildu taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, eskumenen transferentziari buruzkoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak gogorarazi du Gernikako Estatutua osorik betetzea dela Eusko Jaurlaritzak onartutako eta partekatutako helburua. “Ez naiz sartzen Lege Biltzarrak garatzen dituen ekimenen kudeaketan, baina baieztatu nahi dut Eusko Jaurlaritzak adorez lan egingo duela helburu hori lortzeko” adierazi du.
Lehendakariak azaldu du Espainiako Gobernuari lan-plangintza eta -egutegia finkatzea eskatzen bazaio ere; Eusko Jaurlaritza prest dagoela, elkarlanean aritzeko eta Espainiako Gobernuari aurkeztu ahal izango zaion proposamena lantzeko, proposamen hori aintzat har dadin eta Gernikako Estatutua osorik betetzeko lagungarria izan dadin.
Cristina Macazaga Sáenz andreak, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren krisialdiari buruzkoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak, Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioari buruz, adierazi du erabaki horrekin aurretik jarri duela interes publikoa eta dimisioa lagungarria dela egoera bideratzeko. Hartara, lehendakariak azaldu du Múgica andreak modu profesionalean jardun duela lehen egunetik azken egunera arte, eta bere lanari amaiera emateko Legebiltzar honen aurrean informazio guztia aurkeztu duela, baita etorkizunera begirako hobekuntza-proposamenak ere. Gainera, lehendakariak nabarmendu du egoera erantzukizunez eta konpromisoz bideratzen dela.
“Ikerketa amaituko dugu eta, etorkizunera begira, sistema hobetuko dugu”, adierazi du. Lehendakariak aditzera eman duenez, orain abagune paregabea dago enplegu-eskaintza publikoko beste eredu bat sortzeko, eta egungo eta etorkizuneko premietara egokitzeko. “Proposamena hemen aurkeztu da, eta elkarrekin lan egiteko zabalik dugu eskua”, erantsi du.
Borja Sémper Pascual jaunak, Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak, lehendakariari egindako galdera, Gure Esku Dagok antolatutako kontsultari buruzkoa.
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak beti errespetuz jokatu duela herritarrek eta gizarteak abian jarritako ekimenen aurrean. “Sinesten dut “gizartearen parte-hartze eta entzute aktiboan”, gure erantzukizun instituzionalaren parte den aldetik. Ez dut sinesten, ordea, modu demokratikoan hautatutako erakunde publikoen ordezkatze-hautabideetan”, eman du aditzera.
Era berean, lehendakariak erantsi du Euskadin askotariko helburu politikoak eta pertenentzia nazionaleko sentimenduak daudela; eta, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren zeregina dela elkargune demokratikoak aurkitzea eta pluraltasunaren barruan elkarbizitza bultzatzea. “Gure erantzukizuna da euskal gizarteak berretsi eta errespetatuko duen proposamen instituzional adostua eta itundua planteatzea”, gehitu du.