Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen inguruko adostasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko beharra aldarrikatu du Forum Europa - Tribuna Euskadin

2018.eko azaroak 21
  • Andres Urrutia euskaltzainburua alboan izan duen ekitaldian, Zupiriak zera adierazi du: "Euskarak Kontzertu Ekonomikoa bezalakoa izan behar du, herritar guztien atxikimendua piztuko duen elementua"   

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Forum Europa-Tribuna Euskadin parte hartu du gaur, eta azken hamarkadetan Jaurlaritzak bultzatu duen hizkuntza politika aldarrikatu du. Euskaraldiaren hasieraren atarian, Zupiria sailburuak euskararen inguruko adostasunaren alde hitz egin du: "Euskarak Kontzertu Ekonomikoa bezalakoa izan behar du, herritar guztien atxikimendua piztuko duen elementua". Halaber, euskarak bizi izan duen biziberritze prozesua txalotu du: euskarazko hezkuntzaren alde familiek egin duten apustuari esker, euskaltegien lanari esker eta administrazioaren euskalduntzeari esker etorri da. Erronka gisa, Zupiriak adierazi du beharrezkoa dela euskararen erabilera soziala bultzatzen jarraitzea, bai eta gure hizkuntza lan-munduan edota ingurune digitalean sustatzen segitzea ere.

Bilboko Ercilla Hotelean izandako hitzaldi honen hitzaurrea Andres Urrutia euskaltzainburuaren esku egon da; adierazi duenez, "2018 urte sinbolikoa da euskararentzat eta euskal kulturarentzat". “Eusko Ikaskuntzaren Biltzarraren mendeurrena bete da, baita funtsezko bi erakunde sortu izanarena ere: Eusko Ikaskuntza, herrialde honen aurrerapen zientifikoaren arloan, eta Euskaltzaindia, bertako berezko hizkuntzaren modernizazioan. 50 urte betetzen dira herrialde honen berezko hizkuntza estandarizatzeko prozesua hasi zenetik”, esan du. Urrutiak, gainera, hau gogorarazi du: “hizkuntzak normalizatzeko prozesuek pazientzia historikoa eskatzen dute”.

Bingen Zupiria sailburuak, berriz, diktadura frankistaren ostean euskarak bizi izan duen biziberritze prozesua errepasatu du eta haren egungo egoerari buruzko diagnostikoa egin du. Zupiriak euskararen indarguneez hitz egin du, eta esan du 1991az geroztik 223.000 hiztun irabazi dituela, belaunaldi gazteenen artean euskararen ezagutza orokortu dela eta ingurune digitalean duen dinamismoa nabarmendu du. Sailburuak, hala ere, antzematen dituen ahuleziak ere aipatu ditu: bizi dugun uniformizazio kulturalak eragiten dituen arriskuak edo zenbait lekutan euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desoreka.

“Euskarak batzen du”

Bingen Zupiria sailburuak bere hitzaldian premisa hau hartu du abiapuntu: euskaraz jakiteak “beti batzen du”. "Euskarara hurbildu direnek eta ikasi dutenek diote urrats hori ematea baliagarria izan zaiela lehen bizkarra ematen zioten mundu bat ezagutzeko, ezezaguna edo ikusezina zuten mundu bat", adierazi du.

Hartara, Zupiriak esan du euskaraz jakiteak ez dakarrela inoiz beste hizkuntza batzuk ezagutzeko oztoporik, eta hura ezagutzeko interesa aldarrikatu du. "Euskarak aukera ematen du zuzenean eta bitartekaririk gabe sormenezko mundu berezi eta interesgarri batez gozatzeko. Mundu hori adierazpide artistiko eta kultural anitzetan agertzen da, informaziotik entretenimenduraino, literaturatik, musikatik, arte eszenikoetatik edo errealitate digitaletik igaroz", azpimarratu du.

Biziberritze-prozesu eredugarria

Bestalde, Zupiria sailburuak defendatu du du azken hamarkadetan euskarak bizi izan duen biziberritze prozesua: “Gure gizarteak hamarkada hauetan bizi izan duen euskararen erabilera-normalizazioaren kontakizuna erreferentzia bihurtu da hizkuntza gutxituak dituzten komunitate askorentzat, euren normalizazioan aurrera egiteko beste eredu batzuk bilatzen dituzten komunitateentzat”.

Azaldu duenez, prozesu hori hiru faktorek markatu dute: euskararen aldeko apustua hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzea eta, azkenik, euskararen hedapena administrazioan. “Gure hezkuntza sisteman izan den gizarte eraldaketa bultzada instituzional handi baten ondorio izan da, 1982an onartutako Euskararen Legea oinarri hartuta; baina, batez ere, euskal familien apustu ausartaren, jarraituaren eta konprometituaren emaitza da. Kasu gehienetan euskaraz jakin gabe ere, erabaki dute euren seme-alabek euskara ikastea eta hizkuntza hori tresna izatea ikasitako pertsona gisa haiek sendotuko dituzten edukiak eta balioak jasotzeko”, esan du. Apustu horren emaitza gisa, gaur egun “gure unibertsitate publikoko ikasleen erdiek baino gehiagok” euskaraz ikastea aukeratzen dute, “pentsaezina duela ez urte asko”.

Sailburuak adierazi duenez, azken hamarkadetan euskarak irabazi dituen hiztunen bi heren inguru hezkuntza sistemaren bidez heldu dira. Beste herena, berriz, euskaltegien sareak egindako ekarpenari esker heldu da: “Azken hamarkadetan ia 500.000 euskal herritar matrikulatu dira noizbait euskaltegi edo euskara ikasteko akademia batean”.

Hirugarrenik, Zupiriak nabarmendu du euskal administrazio publikoek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egin duten ahalegina: “Azken 35 urteotan, euskal langile publikoen zati handi batek konpromiso irmoa hartu du bere hizkuntza gaitasunarekin. Eutsitako ahalegin horri esker, hiru hamarkadatan, euskaraz lan egiteko gaitasuna duten langile publikoen kopurua % 23tik gaur egungo % 71ra igo da”.

Horrela, Zupiriak adierazi du ahalegin hori hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko kopuruen gainetik dagoela. “Eraldaketa hori gertatu da nahiz eta euskal funtzio publiko osoko langileen ia % 41i ez zaien inolako hizkuntza-eskakizunik egiaztatzea eskatu. Beraz, agian komenigarria litzateke uste batzuk gezurtatzea”, esan du. Adierazi duenez, euskal sektore publiko guztia kontuan hartuta (Estatuko Administrazioaren mendeko lanpostuak bakarrik baztertuta), hizkuntza-eskakizunak honela banatzen dira: euskal sektore publikoko lanpostuen % 40,91tan, ez da hizkuntza-eskakizunik egiaztatu beharrik; % 2,43tan B1 maila eskatzen da; % 26,12tan B2 maila; % 28,91tan C1 maila; eta azkenik, % 1,63atn, C2 maila behar da.

Adostasuna

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko arduradun nagusiak garrantzi handia eman dio euskara biziberritzeko prozesu osoan izan den adostasunari eta akordioari, hasi Euskararen Legea 1982an onartu zenetik eta Eusko Legebiltzar osoak Euskaraldia ekimenari eman dion atxikimendura bitarte. Puntu horretan, alderaketa hori egin du Kontzertu Ekonomikoarekin, gizartearen atxikimendu orokorra sortzen baituenez, eta "konplizitatea" eskatu die euskararik ez dakitenei.

"Oso garrantzitsua litzateke gizarte honetan euskararik ez dakitenak haien jarrera euskararen erabilera normalizatzeko zein garrantzitsua den ohartzea, eta guri laguntzea ulermenarekin eta konplizitatearekin", esan du Zupiriak. Hari horri helduz, "Euskararen Komunitatearen" parte izateko gonbita luzatu die, Pedro Luis Uriartek bere garaian (‘Comunidad del Concierto – Gure Kontzertua’ kanpainaren bidez) Kontzertu Ekonomikoaren inguruan planteaturiko ekimenari keinu eginez.

Erabilera bultzatu

Zupiria sailburuak parekatu egin ditu ekimen hura eta Euskaraldia: "Pedro Luis Uriartek, geure zerga sistemak nolako mehatxuak zituen arduratuta abiarazi zuen ekimen hura, gure herriko gizon-emakumeak kontzertua nolako arriskupean zegoen jabetu eta hura defendatzeko prest egon gintezen. Gaur antzeko zerbait mahigaineratzen dut euskararentzat. Eta Euskaraldia da bide hori. Euskaraz mintzatzen garenok edo ulertzen dugunok bat egin dugu giza-ekimen honetan, geure hizkuntz ohiturak aldatzea eta ahal dugun guztietan euskara erabiltzea helburu izanik", gaineratu du.

Hain zuzen, Zupiriak azaldu duenez, euskararen erabilera bultzatzea da gure hizkuntzak duen erronka handienetako bat. "Urteak eman ditugu indarra euskararen ezagutzan jarriz, eta dagoeneko, beste urrats bat emateko baldintzarik badago, erabilerari dagokion jauzi kuantitatiboa egitea lehentasuntzat hartzeko", adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, euskara biziberritzeko prozesuaren berezko ezaugarriak direla-eta, euskararen erabilera ezagutza baino mantsoago igotzen da halabeharrez; izan ere, hizkuntza baten erabileran eragiten duten bi gakoak ezagutza eta testuinguru soziolinguistikoa dira. "Euskarak milaka gazte irabazi ditu azken urteetan, eta gazte horiek euskara nagusi ez den inguruneetan bizi dira; askok, gainera, bigarren hizkuntza gisa hartu dute, familiatik kanpo. Euskaldunen profila aldatu den testuinguru berri honetan, lanean jarraitu behar dugu euskararen erabileraren aldeko baldintzak sorraraziz", gaineratu du.

Arlo guztietan

Euskararen erabilera erraztuko duen testuinguru berri hori eratzeko, sailburuak aipatu du belaunaldi berriei begiratu beharra dagoela, eta erakundeetatik ahalegin bat egin beharra dagoela euskara bultzatzeko "eskolatik kanpora, aisialdian eta kirolean, kulturaren arloan eta eremu digitalean. "Hori guztia gainera, gaztelania hegemonikoa den testuinguru batean eta mundu globalizatu honetan egin behar dugu. Izan ere, ingelesa, hizkuntza franko berri handia gailendu egin da eta gure ohituretan eta gogoan funtzioak eta lehentasuna hartzen joango da”, adierazi du.

Zupiriak euskara ingurune digitalean indartsu dagoela gogorarazi du (Europar Batasuneko zenbait estatutako hizkuntzen aurretik baitago), eta dei egin die ekitaldira bertaratu direnei euskara bultza dezaten beren eremuetan. "Euskara ikasi duten pertsonen kopurua asko handitu da, eta gehiago handituko da, baina erabiltzen lagunduko duten baldintzak sorrarazi behar ditugu. Zeregin horretan, berriz ere, funtsezkoa izango da euskal gizartearen konplizitatea. Bere garaian euskararik ez zekiten guraso askok erabaki irmoz euskara seme-alabei hezkuntzaren bidez ematea giltzarri suertatu zen bezala, orain ere euskal gizarte osoaren ulerberatasuna eta erabakigarriak izango dira erabilera bultzatu eta sendotzeko orduan".

Azkenik, sailburuak, euskara eremu sozioekonomikoan indartzearen garrantzia eta hizkuntz kudeaketak daukan gero eta inportantzia handiagoa azpimarratu ditu: "Kontuan izaten badugu euskaldun kopurua hazten jarraituko duela, logikoa da pentsatzea hizkuntz kudeaketa beren negozio planetan txertatzen duten euskal enpresek erakargarriagoak izango zaizkiela bezero euskaldunei eta euskaldun langile berriei".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak