
Lide Amilibia: “Haurretan inbertitzea gure gizartearen etorkizunean inbertitzea da, gizarte solidarioan, aurreratuan eta kohesionatuan”
- Gaur, azaroaren 20a, Haurren Egun Unibertsala da, Umeen Eskubideei buruzko Adierazpenaren urteurrenean
Bilbo, 2018 11 20
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur, zera esan du: “ziur gaude haurretan inbertitzeak bermatu egiten duela etorkizuneko gizarte solidarioa, aurreratua, jasangarria eta kohesionatua”. 1959ko azaroaren 20ko Umeen Eskubideei buruzko Adierazpena ospatzeko antolatutako ekitaldian, sailburuordeak zera gogorarazi du: “nahiz eta gure ingurunean, zorionez, gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuen sare aurreratua izan, haurren ahultasunaren arreta eta prebentzioa hobetzen jarraitu behar dugu”.
Gaur arratsaldean, Arartekok, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak batera ospatu dute ume eta nerabeen eskubideei buruzko konbentzio hori; ekitaldian, ‘Último tren a Treblinka’ antzezlana izan da, umeen bizitza duin egitearen aldeko borroka aldarrikatzen duen istorioa. Erakunde antolatzaileetako ordezkari gorenek, Manuel Lezertua Arartekokoak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere, besteak beste, ekitaldian parte hartu dute.
Sailburuordearen hitzen arabera, GKEek, fundazioek, hirugarren sektoreko erakundeek, herritarren taldeek eta talde politikoek, instituzioek eta posizio eta ideologia mota guztietako pertsonek “geure buruari proposamen bat egin diogu: gizarte kohesionatua eraikitzea eta, bertan, haurrek funtsezko lekua izatea”.
Amilibiak Haur eta Nerabeei Arreta eta Babesa emateko Legea aipatu du; Euskadin legeak “adingabeak eskubideen subjektu gisa” aitortzen ditu, eta babesa da babesten dituzten eskubideetako bat. Legeria hori, sailburuordearen arabera, “bat dator, kolektibo bereziki ahula dela aintzat hartuta, beren eskubideak sustatzeko eta babesteko funtsezko garrantzia ere baduten beste eremu batzuetara, hezkuntzako edo osasuneko eremuez bestelakoetara, heltzen den gizarte-dimentsio berri batekin”.
Hori horrela, sailburuordeak gogora ekarri du Familia eta Haurren aldeko Euskal Ituna; Eudelek, hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten ituna 2018. urte honen hasieran eta, besteak beste, “ume eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzeko neurriak sustatzea” du helburu.
“Ziur gaude haurretan inbertitzea bidezkoa, errentagarria, guztiontzako onuragarria eta gizarteak eraldatzeko funtsezko elementua dela”, esan du Amilibiak. Eta esan du “haur-pobreziari aurre egiteko estrategia arrakastatsuenak ume guztien ongizatea hobetzera bideratutako politiketan oinarritzen direnak” izan direla, “bereziki egoera ahuletan bizi diren umeak batik bat aintzat hartuta”.