Berriak Lehendakaritza
Eu

Kalifornia-Santa Barbarako Unibertsitateak euskarari buruzko zenbait hitzaldi antolatu ditu Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

2011.eko otsailak 25

Otsailaren 23an Kalifornia-Santa Barbarako Unibertsitateak Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zuen, euskarari, katalanari eta galizierari buruzko zenbait hitzaldi eskainiz. Unibertsitate horretako latinoamerikar eta iberiar ikasketen departamentuak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza jaso zuen euskarari buruzko hitzaldien aurkezpenetan.

 "Guztiz hunkituta gaude ekitaldi hau Kalifornia-Santa Barbara Unibertsitatean delako" adierazi zuen Maria José Olaziregi Etxepare Euskal Institutuaren Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendariak, hitzaldietara bertaratzerik izan ez eta mezu bat bidali baitzien han zeudenei. "25 unibertsitateko irakurle programen bitartez -aurten gehiago zabalduko da sare hori Stanford Universityko irakurle programa berriekin edota CUNYko katedrekin-, baita Euskara Munduan programaren bitartez helduei euskara irakatsiz ere, Etxepare Euskal Institutuak mundua euskaldunagoa bihurtu nahi du, eta euskara mundutarragoa egin", esan zuen Olaziregik.

 Iñaki Martínez de Luna eta Óscar Gil irakasleek -Euskal Herriko Unibertsitatekoak biak-, baita Renoko Nevadako Unibertsitateko Xabier Irujo irakasleak ere, euskarak Euskadin zein Ameriketan bizi dituen zenbait egoeraz hitz egin zuten.

 Ipar Amerikako unibertsitate horretako ikaslez betetako areto batean izan ziren hitzaldiak.

 "Euskal ikasketen sarrera eskolak duela gutxi hasi dira eta 30 ikasle oso motibatu dauzkate" azaldu zuen Unai Nafarrate Kalifornia‑Santa Barbara Unibertsitateko euskara eta euskal ikasketen irakurleak. "Bestalde, euskara ikasten ari diren 12 ikasle ditugu eta uste dugu kopuru hori areagotu egingo dela".

 Eguna bukatzeko, ekitaldi entretenigarri bat eskaini zuten NOKAko kantariek -Kaliforniako Chino-tik etorri ziren- eta estatu horretako euskal amerikar gizataldeko zenbait kidek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Delegación de Euskadi en Estados Unidos, México y Canadá