Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzen dituen erabakiaren bigarren aldaketari buruzko Dekretua onartu da (Gobernu Bilera 2018-11-20)

2018.eko azaroak 20

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailak eskatuta, onartu du Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen erabakiaren bigarren aldaketari buruzko dekretua.

Onartutako dekretua Ertzaintzako langileen Negoziazio Mahaian Segurtasun Sailak eta Erne eta Esan sindikatuek lortutako akordioaren emaitza da. Negoziazio Mahaia 2018ko ekainaren 6an bildu zen, Brigada Mugikorra Modernizatzeko Planaren eta Zerbitzu Aktibo Modulatuaren inguruan jarduteko.

Akordioa 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko bada, beharrezkoa da Gobernu Kontseiluaren onarpen zehatza eta formala.

Akordioak eragina du, batik bat, Brigada Mugikorreko Unitatean eta adinaren arabera modulatutako zerbitzu aktiboaren erregulazioan.

  1. a) Brigada Mugikorreko Unitatea:

Brigada Mugikorra modernizatzeko planaren barruan, atal klasikoa eta laguntza-atala bateratzeari ekin zaio, eta, horretarako, Unitateko lanpostuen egitura aldatu da, egitura bakarrak edukitzeko eta lana premia berrietara gehiago egokituko den moduan antolatu ahal izateko. Halaber, lanpostuen gehieneko iraunaldia erregularizatuko da, Unitate horretako langileak berritzen direla bermatzearren.

Brigada Mugikorra Modernizatzeko Planak honako aldaketa hauek ekarriko ditu:

  • Unitatearen ordutegi-erregimenaren, lan-zikloen, lanaldiaren eta entrenamendu-jardueren erregulazio berria:
  • Eguneko 42 euroko produktibitate-osagarria aitortzea, gehienez 24 egunetarako eta urtean gehienez 1.000 euroko zenbatekoarekin, Brigada Mugikorreko berehalako erantzuneko zerbitzuei dagozkien zereginak egiteagatik.
  • Lan-asteetako plangintzaren barruan, entrenamenduko 16 jardunaldi egitea programatuko da. Entrenamendu horiek egin eta ebaluatu direla ziurtatuta, eguneko 37,5 euroko produktibitate-osagarria sortuko da, urtean gehienez 600 euroko zenbatekoarekin.
  • Brigada Mugikorraren ordutegi-erregimenean lan egiten dutenek 180,5 orduko oporraldia izango dute.
  • Lauhileko produktibitate-osagarria aitortzea —osagarri horren zenbatekoa absentismo-tasa jakin batzuk ez gainditzearen mende egongo da—.

Dekretu berriak zenbait aldaketa hartzen ditu aintzat adinaren ondorioz zerbitzu aktiboa betetzeko modulazioari buruzko tituluan.

  1. b) Adinaren arabera modulatutako zerbitzu aktiboa:

Adinaren arabera modulatutako zerbitzu aktiboa jasotzen da urriaren 9ko 194/2012 Dekretuan, eta ahalbidetzen du Ertzaintzako langileek, fakultatiboen eta teknikarien eskalako langileek izan ezik, zerbitzu aktiboa modulatzeko aukera izatea, betiere aurreikusten diren adinak eta gainerako eskakizunak eta baldintzak betetzen direnean.

  • 56 urtetik 55 urtera jaitsi da adinaren ondorioz zerbitzua betetzeko modulazioa aitortzeko adina, eta urtean 24 ordu gutxiago lan egingo da.
  • Adinaren ondorioz zerbitzuaren modulazioa aitortzen zaien unitateetako langileei esleitzen zaizkien funtzioei buruzko atalak idazketa berria du.
  • Gau-txandako lanaz liberatzeari dagokionez, 55 urterekin zerbitzu aktibo modulatura modu boluntarioan sartzen diren langileek gaueko txanda ere egiteko konprimisoari 59 urte bete arte eutsi beharko diote.

2019ko urtarrilaz geroztik, 56 urterekin zerbitzu aktibo modulatura sartzen direnek gaueko ordutegiko lanaz salbuesteko aukera izango dute. Kasu horretan, hurrengo urteetan, 59 urtera arte gaueko lanak egiten jarraitzearen aldeko hauta egin ahal izango dute —eguneko 49 euroko produktibitate-osagarria jasoz— edo, urtero, haien aukera hautatu ahal izango dute —kasu horretan produktibitate-osagarria eguneko 35 eurokoa izango da—.

  • Zerbitzu aktibo modulatuko ordezko langileek gaueko txandan lan egiteak eguneko 49 euro produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea sortuko du.

Dekretu Proiektuaren azken xedapenak ezartzen duenez, 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko